1996an emakume talde batek publikoki adierazi zuenean Alardean berdintasunez parte hartzeko asmoa, gehienen erreakzioa kontrakoa izan zen. Argudioak baino, deskalifikazio pertsonalak gailendu ziren, bereziki sexualak eta identitarioak: berdinzaleak kanpotarrak ziren, edo "herriaren etsaiak"; baztertzaileak, berriz, bertako jatorrak edo "integratuak". Irainak, eraso fisiko eta psikologikoak, boikotak, eta abar nagusitu ziren berdinzaleen aurka. Alardean bertan ez ezik, urte osoan gerta zitezkeen; adibidez, lintxamendu saioak gertatu dira entseguetan, baita kalean erasoen beldur egin beharrean eraikin baten barruan egindakoetan ere.
Udal alarderik ezean, baztertzaileek Donostiako elkarte pribatuen ereduan antolatzen hasi ziren, diru-iturriak beren kasa bilatuz, emakumeen partaidetza ez beste aldaketa asko bere eginez, eta haien ekitaldi pribatua, Irunen bezala, "Herriarena" deituz; areago, Alardea herri guzti-guztiaren ondare dela aldarrikatzen dute behin eta berriro, Alardeaz duten kontzepzioarekin bat ez datorrena "Herria" ez dela nabarmen uztearren. Alabaina, esker oneko zina betetzeko erritoan udalbatzaren parte-hartzea, hots, kabildo eklesiastikoarekin batera zinaren muina, desagertu dela ezkutatzen dute.

