Politologoak

Heraud, Guy Maurice

Guy Maurice Heraud (Avignon, 1920 - Paue, 2003+) federalismoari buruz egindako lan ugariei esker eragin handia izan zuen intelektual frantziarra izan zen.

Federalista globalaren, integralaren, taldeko kide izan zen, Proudhonen ideiak eta filosofia pertsonalista zituztenak aldarri. Multzo horretan, besteak beste, Alexandre Marc, Denis de Rougemont, Emmanuel Mounier edota Henri Brugmans nabarmendu ziren. Federalismoari buruz lan andana utzi zituen Heraudek eta hizkuntza askotara itzulia izan zen. "Eskualdeen Europa" nozioaren sortzaileetako bat izan zen eta "Etnien Europa" ere berak bultzatu zuen, Europako alderdi eta mugimendu askok aldarrikatutako "Herrien Europatik" hurbil kokatzen dena (Filibi 2007).

Heraud bat zetorren federalista globaleko bere kideekin federalismoaren oinarrian autonomia printzipioa lekutzen dela adieraztean. Autonomiak eskubideak pilatzea eskatzen du: norbera berrestea, norbera definitzea, norbera antolatzea eta norbera kudeatzea. Lau eskubide horiek "dira zentzu benetako eta zabalenean hartutako autodeterminazioaren lau elementu eta lau faseak. Fase horiek kronologikoki garatu behar dira eta aipatutako hurrenkeran. Fase bakoitzaren hastapenak aurreko fasea behar bezala gainditu dela esanahi du" (Heraud 1988:91-93).

Bere ekoizpen intelektual handitik L'Europe des ethnies (Etnien Europa) nabarmentzen da, 1963an argitaratu zenetik Europa osoko hainbat autorengan eragin itzela izan zuen obra. Herauden arabera, Europaren antolaketa politikoa etniatan oinarritu behar da (antolaketa linguistiko eta kulturalarekin parekatuz), gizakien arteko harremanei begira ekonomiari begira baino gehiago. Gai hori sistematikoki jorratu zuen, horrela etnopolitika bat sortu zuen, talde guztien hizkuntza eta kulturen errespetuan nahiz herri guztien autodeterminazio eskubidean sostengatzen dena, faktore etnikoa egiazko federalismoaren funtsezko osagai gisa txertatzen zuelarik (Castro 1992:146-147).

Bere beste obra nagusietako bat Los principios del federalismo (1968) da, bertan zera adierazten zuen argiki: "formula goratu egiten dugu: etnia bakarreko eskualdeen federazioa. Horrenbestez, federazioko zuzeneko kideak ez direla etniak edo nazioak izango ulertzen dugu, baizik eta egiaz "eskualdeak" izango direla hartako kide. Baina eskualde horiek homogeneoak izan beharko dira hizkuntzari eta kulturari dagokionez, edo bai sentimenduei dagokienez behinik behin. [...] Gauza jakina da etnia handi eta ertain guztiak eskualdetan banatuko direla; txikiak (besteak beste, Norvegia, Irlanda, Albania eta Euzkadi) ez dira banatuko eta berezko eskualdea osatuko dute" (Heraud 1968:77).

L'Europe des Ethnies lanean adierazten zuenez, etnien arazoari irtenbide egokia emateko haren kausak desagerrarazi behar dira ezinbestean. Funtsezko kausa entitate politiko berean hainbat etnia batera bizitzean datza. Bere ustez bizikidetasun hori ez da ezinezkoa baina ezin dela inposatu irizten zuen1. Hori dela eta, egungo errealitatea abiapuntutzat hartuta, "etnia ororen eta etnia zati ororen bereizketarako eskubidea" aitortzeko premia sortzen da (Heraud 1974:267).

Heraudek beste atal batean adierazten duenez, "bereizketarako eskubidea, horrela ulertzen baita eskuarki autodeterminazioa", dagoeneko "barneratuta dago", aurrez, federalismoaren autonomia printzipioa azaltzean aipatutako eskubideen baturan. "hala ere, ezinbestekoa da hura topatzen jakitea. Zehatzago izatera, "norbere antolaketaren" eraketan barneratzen da. Horrela, norbera antolatzeak, estatutu jakin baten eraketa gauzatu aurretik, desiratutako estatutuaren kategoria hautatzea dakar: eskualdeko estatua edo Estatu horren azpibanaketa sinpleki (probintzia, distritua, udalerria)". Amaitzeko, Heraudek zera adierazi zuen: "aurkeztu dugun autodeterminazioaren teoria federalismoaren printzipioetatik eratortzen dena da; horrenbestez, subiranotasunak desagerraraztea dakar; dena den, subiranotasunen erreinua gailentzen den artean, gauza ororen gainetik autodeterminazioa bereizketarako eskubidetzat hartuko da". (Heraud 1988: 93).

Herauden argudioak planteamendu federalistekin guztiz bat etorri arren (Marcek L'Europe des ethnies lanaren gainean egindako aitzinsolasean agerian geratzen da hori) eta argudio sendoak badira ere, autore "federalista" batzuk ukatu egiten dituzte hala autodeterminazio-eskubidea nola bereizketarako eskubidea. Kontraesan horren adibide bat, "federalista moderatuen" artean aski hedatzen dena, Fabrizio Frigeriori so ikus dezakegu. Hark, eskubide horren defentsa "muturreko federalisten" kontutzat hartzen zuen (Frigerio 1994:139-141). Hori federalismo globalak bere buruari ezarri dion lan erraldoiaren adibide xume bat baino ez da, izan ere, egungo estatu-nazio sistema gainditu nahi du, hari dagozkion tasun psikologiko guztiak, federalista askorengan ere eragina dutenak, ere gaindituz.

Soilik horrela izango da zilegi herrien borondatea aseko duen antolaketa politikoa taxutzea, eta soilik horrela, autogobernuaren bidez, izango da zilegi egiazko demokrazia ekartzea2. Hor ageri zaigu Herauden ekarpenetako bat, izan ere, bere ustez, autodeterminazioa demokraziaren kanpoko bisaia da, eta azken horrek, aldi berean, barneko bisaia baldintzatzen du, hots "herriaren gobernua herriarentzat" zilegitzen du (Heraud 1974:271).

Nozio hori garatu ostean, eskubide hori bere izaera demokratikoa ziurtatuko duten zenbait bermeren baitakotzat joz (eskatzeko eskubidea sortzea, kontsultatutako lurraldeak banatzea, galderak hierarkizatzea, etab), hartatik eratortzen diren unitate politikoz osatutako Europako federazioan oinarritutako eredu bat proposatzen zuen. Gero, identitate nazionalak sortu eta berreskuratzerakoan etniaren dimentsioari emandako garrantzia justifikatzen zuen, zeina fenomeno pendulartzat hartzen zuen edo teknikaren eta burokraziaren ekintza uniformatzailea orekatzekoa. Eta bukatzeko harridura agertzen du paradoxa batekin, izan ere, Europa eraikitzeko ahalegina ez da lagungarri izan etnien sorrera bultzatzeko: "interesgarria litzateke arrazoietan erreparatzea" zioskun hots altuan eta hainbat aukera eman zituen (erkidegoen izaera teknokratikoa, Gaulleren ostean indartu zena, instituzioen garapen demokratikoa etetea, indarrean dagoen federalismoaren nozio "hamiltondar" eta estatalista, etab.) (Heraud 1974:281:).

Guy Heraudek ez zuen iritzi hori aldatu eta 3 hil arte sakon garatu zuen. Bere azken lanetako batean, gutxiengo nazionalen arazoari zegokionez, zera adierazi zuen "gauzen egungo hurrenkeraren barnean eman daitezkeen balizko aurrerapenak ukatu gabe, egiazko irtenbidea Europan eta munduan gizarte federalista eraikitzea da" (Heraud 1994:115). Eta beti bide baketsuak hartuta, federalismoa eta hartatik eratortzen den autodeterminazioaren aitorpena, etnia-nazio gatazken ebazpenarekin lotzen zuen: "Europako demokraziek goreneko printzipio demokratikoa errespetatuko balute: hots, autodeterminazioa (...), ez litzateke Euskal Herrian edo hegoaldeko Tirolen aurki daitezkeen egoerarik izango..." (Heraud 1988:90:).

Ideia horiek eragin handia izan dute eremu akademiko eta politiko ugaritan, bereziki Europako alderdi eta mugimendu nazionalistetan, euskal nazionalismoa barne (Ortzi 1975:273).