Zinemagilea. Errenterian (Gipuzkoa) jaio zen 1945eko abenduaren 8an.
Batxilergoa Donostiako jesuitetan egin zuen, eta, gero, jesuita izan zen 1975era arte. Gizarte Komunikabideak ikasi zituen Bruselako INSASen 1971tik 1974ra, eta zineman eta telebistan espezializatu zen. Bost urtez Kongon egon zen, eta hainbat zineklub zuzendu zituen.
Jesusen Lagundia utzi ondoren, Donostiako Herri Irratian hasi zen lanean, albistegietan eta musika ikerkuntzan.
1981ean HABEn hasi zen lanean, helduei euskara irakasteko ikus-entzunezko didaktikoen arduradun. Testuinguru horretan egiten du, besteak beste, "Bai Horixe" ikus-entzunezko ikaskuntza-metodoa.
Zinema dokumentalean espezializatuta dago, eta, besteak beste, film labur hauen egilea da: Cuentos de Mayo (1998), Cronica d'o 25 de Chunio (2005), Hiru kontakizun krudel (2006), Blues del asno (2008), Manuale di ornitologia (2010) eta Zuri (2011).
Film luzeen ekoizpenari dagokionez, Donostiako Nazioarteko Zinemaldian hautatutakoak nabarmendu ditzakegu: Tabula Rasa (2004), Bozes Lexanas (2005), Isiltasun Kalea / Calle Silencio (2006), Motema na ngai (2008), Zuzendu mesedez! / Enfokatu, mesedez! (2009), Musika Plaza (2010) eta Mur-mur (Murmullos) (2012).
Egilearen beste film luze batzuk Paisaje con nieve (Pequeña canción) (2000) eta Angor (2007) dira.
- VELEZ DE MENDIZABAL, Josemari. "Juan Miguel Gutiérrez: 'Egungo zuzendari askori esker abertzaleek zinea egiten dute'". Euskonews, 626. zk., 2012.