Konposatzaileak

Gurruchaga Oliden, José Luis

Konpositorea, organista eta abeslaria. Aizarnan (Gipuzkoa) jaio zen 1895eko urriaren 8an. Ordizian hil zen, 1992ko abenduaren 8an.

Bere jaioterriko eta Azpeitiko organistekin hasi zituen musika ikasketak. Comillaseko Seminarioan sartzean Nemesio Otaño irakaslearekin ikasteko aukera izan zuen. Madrilgo Kontserbatorioan osatuko du bere prestakuntza, Conrado del Campo irakaslearekin konposizio ikasketak eginez eta Bernardo de Gabiolarekin organo ikasketak eginez. Bere ibilbide profesionala Gorlizko organista plaza lortzean hasiko da eta 1922an Ordiziako organista plazara sartuko da, baita Udal Bandako zuzendari plazara ere.

Bestalde, abeslari gisa egindako lana ere aipatu behar da. Maria Teresa Hernándezekin hezia, Donostiako irratian aritu zen behin baino gehiagotan, El caserío edo La tabernera del puerto zarzuelak interpretatuz, besteak beste. Halaber, Donostiako Orfeoiarekin eta Iruñeko Orfeoiarekin aritu zen.

Musikagile bezala, izaera erlijioso zein profanoko hainbat lanen egilea izan zen. Musika erlijiosoaren esparruan, 2 meza, 6 Ave Marías, hainbat ereserki, 2 letania, 1 Salve Regina, 1 Stabat Mater eta abar konposatu zituen. Musika profanoaren barruan, bandarako sortutako lanak nabarmentzen dira, hala nola martxak, pasodobleak eta hainbat kalejira, ganbera-musikarako konposizioez gain. Falange Españolaren Ereserkia idatzi zuen, bandarako konposatutako lana.

  • ERESBIL: Euskal musikaren partiturak: katalogoa. Kontsulta Eresbilen.
  • ERESBIL: Dokumentu-saila, D1/GUR-07. [Ansorena, J.L.? ]. Jose Luis Gurruchaga Oliden.