1873an Donostian jaiotako arkitekto gipuzkoarra. Madrileko Arkitekturako Goi-eskolan egin zituen ikasketak. Haiek amaitzean bere jaioterrian finkatu zen. Denbora gutxira Eibarko udal-arkitekto izendatu zuten eta garrantzi handiko zereginak bete zituen herri armaginean.
Donostiako tuberkulosiaren aurkako Batzordea eratu eta gutxira tuberkulosiaz jotako gaixoentzako sendategiko planoak eskatu zizkion Gurruchagari. Plano horiekin Urrezko domina lortu zuen Zaragozako tuberkulosiaren aurkako lehen kongresuan. Gurruchaga bera arduratu zen obra horiek gauzatzeaz, lanak amaituta izan arte. Donostian beste hainbat eraikin ere gauzatu zituen, horien artean Justizia Jauregia nabarmendu behar da. 1912an abiatu ziren aipatu jauregia egiteko obrak eta probintzia eta udal korporazioak irekitako lehiaketan lehen saria jaso zuten planoei jarraiki burutu zuen.
Gainerako obren artean adierazgarri dira Foronda Etxeko markesaren etxea Zumaian; Aieteko Jauregia handitzeko obrak Donostian; Cobreceseko monasterio zistertarraren amaiera Santanderren; etab. Halaber, Donostiako zerbitzu publikoak hobetzeko hainbat ekimen zor zaizkio.