Arkitektura

Goya gasolindegia. Gasteiz

XX. mendearen hasieran (1900-1925) matrikulatutako autoen kopuruan gorakada izugarria eman zen Estatuan. Gorakada horren arrazoi nagusia, Lehenengo Mundu Gerraren ostean Citröen eta Ford bezalako etxeek seriean fabrikatzeari ekitea izan zen, besteak beste. Era honetan, autoak gutxi batzuen eskuetatik gizarte zabalago batera hedatzen hasi ziren eta honek, ekonomiaz haratago, garraioa eta aisialdia bezalako alorretan ere izan zituen eraginak. Espazio eta denboraren arteko erlazioak guztiz aldatu zituen, hirien mugak zabalduaz eta inguruko hiriekiko harremanak hobetuaz. Guzti honek, aldi berean, autoen beharrei loturiko espazio eta eraikin mota berrien agertzea ekarri zuen; gasolindegiak, tailerrak, autobus geltokiak edo garajeak adibidez. Hauek funtzionaltasuna eta jendearen erosotasuna eta gertukotasuna zuten helburu, eta estilo arrazionalistan eraiki ziren gehienak.

Goya

Goya gasolindegia, aurrez aipatutakoaren eredu dena, Gasteizko erdigunean kokatua dago, Monseñor Cadena y Eleta kalearen bigarrengoan hain zuzen ere, eta Floridako parkea eta Katedral Berriaren lorategiak ditu bere inguruetan. Vicente Goyak Castilla kalean zuen garajeko gasolina hornigailuaren alboan zerbitzugune bat eraikitzeko baimena eskatu zuen 1935ean. Udalaren ezezkoa jaso zuen, auzotarrak eta Komertzio Kamarara tartean zirela, sortutako polemika eta ondorengo firma bilketa zirela eta. Ondorioz, bere garajean bertan eraiki zuen zerbitzugunea.