Arkitektura

Goya gasolindegia. Gasteiz

Jose Luis Lopez de Uralde Elorza arkitektoa izan zen zerbitzugunearen proiektuaren egilea, Francisco Alonso Martos lagun zuela. Uralde 1897an jaio zen Gasteizen eta estilo historizista, akademizista edo eklektizistei aurre eginez garai berriak bizitzea egokitu zitzaion. Modernotasuna eta arrazionalismoaren aldeko apustua egin eta arrazionalismoaren arkitekto eredugarrienetarikoa izan zen Araban. Madrilgo Arkitektura eskolan egin zituen ikasketak eta bertan arkitektura funtzionalago baten aldeko apustua egin zuen, 1925ko belaunaldia izenekoaren partaide izanaz. Bolumen geometrikoak, garbiak eta soilak erabiltzen zituzten, apainduren baztertzea bultzatuaz. Nahiz eta bere lehenengo lanak joera hauetatik aldendu, 30. hamarkadatik aurrera bere arkitektura aldatzen hasten da, gero eta forma garbiagoak erabiliaz eta funtzionaltasuna ardatz hartuaz. Testuinguru honetan sortu zuen Gasteizko Goya gasolindegia, bere lanik ospetsuena. Lan honekin gasolindegi eta tailerren estetika guztiz aldatzea lortu zuen eta Euskal Herrian eredugarri da gaur egun. Bere originaltasuna zerbitzu-eraikin bati erantzun arrazionalista ematean datza, forma soilen aldeko apustua eginez baina adierazkortasunari muzin egin gabe, eta horrela eraikina hirian nabarmenduaz.