Pintoreak

Gomez, Benjamin Aristide Moise

Arkitekto, dekoratzaile, margolari, akuarelari, tokiko aldizkarien sustatzaile eta idazle, Baionan (Lapurdi) jaio zen 1885eko azaroaren 26an, merkatari-familia batean. Baionan hil zen 1959an.

Baionako lizeoan ikasi zuen 1895 eta 1900 artean, eta zenbait aldizkari sortu zituen, hala nola: Meusclagne, 1911n, Andre Saplayrekin lankidetzan; En cinq sec (1915); Ichilik (1917); En pagaille (1923); eta Malaye (1929). Margolari iaioa zen, Frantziako iparraldean gerrak txikitutako eskualdeentzat dirua biltzeko 1918-1919an egin zituen horma-irudietan ikus daitekeen eran.

Irakaskuntza teknikoen saileko ikuskaria izan zen 1926an, eta dekorazio-artearen inguruko ikastaroak eman zituen Baionan. Arkitekturaren esparruan, bere anaia Louisekin lankidetzan jardun zuen. Benjaminek batez ere dekorazioaren esparrua landu bazuen, haren anaia Louis arkitekto eraikitzaile gisa nabarmendu zen.

Aktiboki parte hartu zuen tokiko bizitza politikoan. 1924ko hauteskundeetan zinegotzi izendatu zuten (kultura-zinegotzi Joseph Garatekin), eta Liste Républicaine eta Radicale Socialiste zerrendan hautatua izan zen 1929ko maiatzaren 5eko eta 12ko udal-hauteskundeetan. 1934ko otsailekoetan eta martxokoetan, berriz hautatua izan zen Union Républicaine zerrendan (alkateorde Lafourcadekin). 1944ko abendutik aurrera, Raoul Auger ordezkatu zuen Baionako Udal Ordezkaritzan; 1944ko irailean hiria askatu ostean sortu zen ordezkaritza udalerria gobernatzeko. 1945eko apirilaren 29ko eta maiatzaren 13ko udal-hauteskundeetan berriz ere zinegotzi hautatua izan zen Liste Républicaine et d'Union Patriotique de Bayonne zerrendan.

1946an, Union Bayonnaise des Arts sortu zuen; artista plastikoak, profesionalak eta zaleak bildu ziren elkarte horretan, eta urteroko erakusketak egiten zituzten Baionako udalean. Elkarteko lehenengo presidentea izan zen.

Komediak eta operetak egin zituen, hala nola Ichillik! Ço que dit! La Revue de l'Année Victorieuse (I. zatia) eta Ichillik! Fantaisie Charivarique Basco-Bayonnais (II. zatia); azken hori Baionan argitaratu zen 1919an, eta Carlito Oyarzum apartaren laguntza izan zuen lan horretan. Malaye Fantasie locale en 3 actes, 4 tableaux et 25 scènes-sketches lana ere sortu zuen; Georges Perierekin batera idatzi zuen, eta musika ere harekin eta Emmanuel Brocarekin konposatu zuen. Baionako udal-antzokian antzeztu zuten lehen aldiz 1929ko uztailaren 16an.

Lan ugari egin zituen bere anaia Louisekin batera.