Arkitektoak

Gomez, Louis Isaac Isidore

Arkitekto eta dekoratzaile, Baionan (Lapurdi) jaio zen 1876ko apirilaren 20an, merkatari-familia batean. Larresoron hil zen 1940an.

Arkitektura ikasi zuen Parisko Arte Ederretako Eskolan, eta Paulinen eta Debrieren ikasle izan zen bertan. 1905ean lizentziatu zen; urte berean, estudio bat ireki zuen Biarritzen, eta anaia Benjaminekin elkartea sortu zuen, hura ere arkitektoa baitzen eta estudio bat baitzeukan Baionan. Urte hartan bertan, Beau Soleil proiektua aurkeztu zuten anaiek; Biarritz hirirako akuarela handi bat zen. 1905etik aurrera, eraikuntza ugari egin zituzten bi anaiek euskal kostaldean, Donibane Lohizunetik hasi eta Hossegor arte. Haien lanean eragin handia izan zuen urte batzuk lehenago Hugueninek, Tetardek eta Larrebat-Tudorrek zuzendutako mugimendu erregionalistak.

Hona hemen Louis eta Benjamin Gomez arkitekto elkartuen lanetako batzuk: Miramar etxea (Biarritz, 1908), Velleda etxea (Bolo Pacharena); Getariako Pare Gabe; Malaye Baionan; Ttalienia etxea (Getaria, 1914; Louis Gomezek soilik egindako lana), Itzala (Baiona, 1923), Gachucha etxea (Baiona,1923), Clairfeuille etxea (Baiona, 1924), Hôtel du Lac (Hossegor, 1926), Place des Landais (Hossegor, 1925), Villa Arnaubat (Baiona, 1927), Sporting Casino de Hossegor (1927tik 1930era, Henri Godbargekin lankidetzan), Benoît Sourigues kaleko 1. zenbakiko eraikina (Baiona, 1928), itsas pasealekua (Hossegor, 1928tik 1931ra), Les Mouette etxea (Baiona,1929), Paz etxea (Biarritz, 1930), Possans etxea (Baiona, 1930), Hossegorko golf-elkarteko egoitza soziala (1930), Lous Tillolès etxea (Baiona, 1931), Malleed (Baiona, 1931), Zer etxea (Baiona, 1931), Baionako eraiki nezagunak, hala nola, Galtié eta Darricarère etxeak, Thiers kalekoak, Inscription Maritime eraikina Quai de Lessepsen (Baiona, 1933, eraikin publiko, klasiko et simetrikoaren eredu, azpimarratzekoa da dekorazio-tratamenduagatik), Aduanen eraikina (Baiona, 1934), La Caravelle etxea (Angelu, 1938), Pyrénéa etxea (Baiona, 1941) eta Les Dames de Franceren birmoldaketa (datarik gabe).

Robert Latourrek Artearen Historiako IAD bat eskaini zien Gomez anaiei 1994an.