Dantza

Gerriko-dantza

Gerriko-dantza edo Pasa-dantza.

Joku dantzak edo irri dantzak saileko dantza. Bai R.M. Azkuek Eugi eta Alkotzen eta bai Aita Donostiak Oskotzen jaso zituzten dantza honetarako doinuak; aldiz Baztanen dugu gaur egun bizirik dirauen koreografia, Pasa-dantza izenarekin.

Lau pertsonek elkargurutzatutako bi gerrikoen muturrak hartzen dituzte lurretik gertu. Dantzaria (edo lehiakidea) musika hastearekin gerrikoen gainetik saltoka edo ibiliz abilezi edo arintasuna azaltzen saiatzen da; musikaren bigarren zatian, aurrenekoa baino motzagoa dena, bere gorputza ardatz delarik hiru jauzi egin beharko ditu noranzko batean buelta emanez, gerrikoak zapaldu edo estropezu egin gabe, eta beste hiru jauzi kontrako noranzkoan. Jokoa ongi eginez gero gerrikoak pixka bat goraxeago jarri ohi dira eta dantza berriz hasiko da dantzaria okertzen den arte; orduan beste batek ekingo dio dantza-jokoari.

Dantza honen musika 2/4 konpasean jotzen da eta oso luzera txikikoa da: 10 konpas. Aipatu bezala, bi esaldiz osatuta dago, lehena lau konpasek osatzen dutela eta bigarrena hiruk (errepikatzen da). Pasa edo gerrikoa altxatzen den adinako aldiz errepikatzen da osoki.

R.M. Azkuek dantza honen deskribapen ttikia egiten du:

"ilaran jarritako hiru aulkien artean bi gerriko lotzen dira lurretik gertu. Dantzariek Txakolin Txakolin dantzaren antzeko urratsekin egiten dute dantza".

  • AZKUE, Resurrección Mª de. Cancionero Popular Vasco. Edición manual. Barcelona: Boileau & Bernasconi, 192?
  • DONOSTIA, P. "Cancionero Vasco". Obras Completas del P. Donostia. Vol. IX. Cancionero Vasco.IV Danzas. Donostia: Eusko Ikaskuntza, 1994.
  • Partiturak:
  • DONOSTIA, P. "Cancionero Vasco". Obras Completas del P. Donostia. Vol. IX. Cancionero Vasco. IV Danzas. Donostia: Eusko Ikaskuntza, 1994. P. 2002.
  • DONOSTIA, P. "Cancionero Vasco". Obras Completas del P. Donostia. Vol. IX. Cancionero Vasco. IV Danzas. Donostia: Eusko Ikaskuntza, 1994. P. 2110.
>