1949an Donostian jaiotako ingeniari industriala.
Ingeniaritza ikasketak Nafarroako Unibertsitateko Industria Ingeniarien Goi Eskola Teknikoan egin zituen, eta 1972an lizentziatu zen. Zientzia Politiko eta Sozialetan diplomatua La Sorbonako Unibertsitatean, Parisen, 1981ean. Ekonomia Zientzietan lizentziaduna Lovainako Unibertsitatean, Belgikan, 1982an.
SIADECO (Komunitate Garapenerako Ikerketa Aplikatuko Elkartea) kooperatibako kidea da, eta Elhuyar Fundazioaren sorreran parte hartzen du.
1987an Prospektiker (Prospektiba eta Estrategiako Europako Institutua) sortu zuen, 1999an Prospektiker America, 2000n Prospektiker Europa Consulting (Bartzelonan du egoitza) eta 2001ean SWPI (Sustainable World Prospective Institute), hori ere Bartzelonan.
Soziologiarekin eta ekonomiarekin lotutako diziplinetan espezializatu da bere ibilbide profesionalean, eta Prospektiba Estrategikoa eta Garapen Jasangarria izan ditu ardatz. Etorkizunera begirako azterketa-metodoen dibulgatzaile gisa duen zeregina azpimarratu behar da.
Prospekzio- eta estrategia-metodologia aplikatu du enpresa publikoentzat zein pribatuentzat egindako lanetan, estatuan zein nazioartean, eta aitzindaria izan da metodologia hori Jasangarritasun, Berrikuntza eta Lehiakortasun Estrategikoen kontzeptuekin aplikatzean.
Hainbat liburu idatzi ditu, baita Prospektiba Estrategikoari eta Garapen Iraunkorrari buruzko hainbat aldizkari eta egunkari espezializatutan argitaratutako artikulu ugari ere. Hitzaldiak, ikastaroak eta prestakuntza-tailerrak ere eman ditu hainbat herrialdetan.
Bere lanen artean, honako hauek nabarmendu daitezke: Euskadi eta bere etorkizuna (1989), El futuro revisar (1995), Utopía en el siglo XXI (1996), El conspirador del futuro (1996), El presente desde el futuro (1997), El eslabón perdido de la proto-historia (1997), Prospectiva y organización del territorio hacia un proyecto de futuro (1998).
1996an Su xahutzailea (Prosptektiker) zientzia-fikziozko eleberria argitaratu zuen. Ekintza 2004. urtean kokatzen da, eta kontatzen da nola Estatu Batuetako eskuin atzerakoiko elementu batzuek mundu mailako boterea eskuratu nahi duten, horretarako planetako Burtsa eraikin nagusietan lehergailuak jartzea erabakitzen dutelarik. Horretarako, besteak beste, IRA, ETA, Iparretarrak eta Brigada Gorriak taldeez baliatuko dira.
- Juanjo Gabiñaren Bloga [Bloga]. Juanjo Gabiñaren biografia. [Kontsulta data: 04-06-2013].
- SWPI [Webgunea]. "Juanjo Gabiña". [Kontsulta data: 04-06-2013].
