Kontzeptua

Frankismoa

Partidu bakarra aipatu arren, aintzat hartu behar dugu diktaduraren oinarriak ez zirela monolitikoak izan, falangismoa eta karlismoa talde nagusiak izanik. Falangek oso indar ahula izan zuen Errepublika garaian, baina bere hizkerak eta antolaketa paramilitarrak eskuindar tradizional asko bereganatu zituen gerra garaian. Sektore honetako gizon indartsuak, Serrano Suñerrek, nazien aldeko jarrera bultzatu zuen II Gerra Mundialaren hasieran, horren froga División Azul izanik, baina 1942tik aurrera indarra galdu zuen talde honek, Mundu Gerraren bilakaera lagun.

Bestalde, karlistak ziren kolpearen alde agertu zen talde politiko antolatuena, eta oinarri sozial zabalena zuena, Euskal Herri osoan, baina batez ere Nafarroan. Errepublika garaian antolaketa paramilitarrari ekin zion talde honek Mussolini italiar diktadorearen laguntzarekin. Hau dela eta, milaka gizon armatuz osaturiko milizia antolatua zuten 1936an. Dena den, karlismoaren eragina ekimen armatua baino zabalagoa izan zen, zeren eta gerra osteko urteotan eragin nabaria izan zuen euskal erakundeotan. Gainera, gerra bukatutakoan gero eta ageriagoak izan ziren talde honen barneko tirabirak, baita falangistekikoak ere, batez ere 1942ko Begoñako atentatuaren ostean. Honek krisia sortu zuen euskal hiriburuetako udaletxetan, eta dimisioa aurkeztu zuten Bilbo, Donosti eta Iruñeko alkateek. Tirabira hauek oraindik ez zuten gauzatu erregimenaren aurkako oposizio demokratikoa, baina argi zegoen nolabaiteko haustura zabaldua zela karlismoaren hainbat talde eta erregimenaren artean.

Azkenik, beste talde bat "eskuindar katolikoak" edo tradizionalena zen, 1943tik aurrera indartu zena, Francok poliki-poliki bideraturiko nazioarteko politika aldaketa lagun. Dena den, familia politiko guzti hauek bat egin zuten Franco eta bere erregimenaren aldeko defentsan, eta, tentsioak tentsio, nahiko bloke homogeneo bat osatu zuten.

Oposizio politikoari dagokionez, ekimen nagusia gerrillarena zen. Izan ere, 1944an egin zen saio indartsuena, Jesús Monzón nafarrak antolaturik, Frantzia aldetik milaka gerrillari sartu zirenean. Pasabide nagusia Lleida izan bazen ere, Nafarroatik ere sartu zen hainbat talde, baina erbestetik sartutako milaka gerrillarik ezin izan zuten gauza handirik egin, espero zuten aliatuen laguntza inoiz ez zelako heldu. Etsita, nekaturik eta beldurturik zegoen gizartearen zati handi bat, eta errepresio gogorra erabili zuen erregimenak gerrillari antifaxisten aurka.

Frankisten lehen neurri ekonomikoak, neurri handi batean, II. Errepublikako erreformak indargabetzera bideratu ziren, eta hori, gehien bat, nekazaritza mailan islatu zen, aurreko jabeei bere lurrak itzuliz. Politika ekonomiko berriak Mussoliniren erregimena hartu zuen eredu gisa, eta bereziki bere Carta del Lavoro, Fuero del Trabajoren inspirazio iturria izan zena. Politika honek 30etako hamarkadan nazioarteko kapitalismoak pairatzen zuen krisia estatuaren parte-hartze tinkoarekin konpondu egin nahi zuen, oinarri batzuk ardatz harturik: estatu korporatiboa eta politika autarkikoa. Horretarako langile mugimenduaren kontrola eta errepresioa jarri zen martxan, sindikatu independenteak galaraziz eta sindikalismo bertikal, ofiziala eta bakarra sortuz 1940ko Ley de Unidad Sindical delakoarekin.

Aldi berean, politika autarkikoa bultzatzen zen, abertzaletasunaren diskurtso sutsuan oinarriturik, barneko industria eta nekazaritza bultzatu nahian, nahiz eta hauek bideratzeko tresna berriek (Servicio Nacional del Trigo, 1940koa, eta INI -Instituto Nacional de Industria-, 1941koa) eraginkortasun falta nabaria izan. Estatuaren parte-hartze zurrunaren ondorioa merkatuaren erabateko kontrola izan zen. Familiek errazionamendu-kartila izan zuten, gutxienezko produktu kopurua eskuratu ahal izateko, eta enpresentzat kuota sistema arautu zen, lehengaien hornikuntza bermatzeko, eta salmentako prezioak finkatzeko. Sistema honek, dena den, ez zuen inolaz ere bere funtzioak bete, eta ondorioz merkatu paralelo indartsu bat sortu zen, estraperloarena, alegia, estatuak onartua eta estatuko goi funtzionario askoren babesarekin, gehien bat hainbat enpresa eta lurjabe aberasteko balio izan zuena. Ondorioz, 1950ko hamarkada arte ez ziren gerra aurreko ekoizpen mailak berdindu.

Porrot ekonomikoak, dena den, bere ondorioak izan zituen aberastasunaren banaketari begira, goiko klaseek haien irabaziak biderkatu egin zutelako, orokorra zen pobreziaren giroan. Euskal enpresariek, esaterako, pozik ikusi zuten nola handitzen ziren haien enpresen etekinak, eta Nafarroako lurjabe batzuek ere, ekoizpenaren geldialdia arazoa izan gabe, gerra osteko lehen urteak aprobetxatu egin zuten lur komunal batzuk bereganatzeko.

Langileen kontsumo ahalmena izugarri jaitsi zen. Prezioek etengabe igotzen ziren bitartean, eta askoz gehiago merkatu beltzean, soldaten igoera askoz apalago izan zen. Beraz, benetako soldatak izugarri jaitsi ziren, eta gerra aurreko mailak ez ziren 1960 arte berreskuratu. Ondorio gisa, gosea eta azpielikadura zabaldu egin ziren eta horrek belaunaldi horretako gazteen altueran ere islatu zen. Azken batean, gerra aurreko elikadura kontsumo mailak ez ziren 1960 arte berriro lortu.

Egoera sail honetan eman ziren lehen protestak mundu laboralean. Errepresioaren zamak eta sarraskien oihartzunek oraindik dana estaltzen bazuten ere, haserreak protestarako indarra eman zuen hamarkada honetan, hurrengo urteotan baino maila apalagoan bazen ere, horren froga izanik 1947an Bizkaia eta Gipuzkoako industrialdean eginiko greba orokorra, indar sindikal klandestino guztiek bultzaturik, baita erbesteko Eusko Jaurlaritzak ere. Lau urte beranduago, 1951n, beste greba ekimen bat eman zen Bartzelonan, Madrilen eta Euskal Herrian. Azken kasu honetan, gainera, esanguratsua oso izan zen Iruñean izandako protesta eta greba, bertan jatorri karlista eta kristauko sektore batzuek parte hartu zutelako. Hamarkadan zehar, gainera, berriro agertuko ziren langile eta ikasleen grebak 1956an.

Greba horiek erakusten zuten gauzak aldatzen hasiak zirela gizarte mailan, eta ekonomian ere dinamismo berriaren zantzuak, oso apalak izanik ere, hasi ziren agertzen 1950ko hamarkadan. Egoeraren zaila mantendu egin zen, baina ukaezina da aldaketa batzuk eman zirela hamarkadan zehar, estatuaren kontrol zorrotzaren zantzu batzuk desagertu egin zirelako, besteak beste, errazionamendu-kartila, eta ekoizpen industrialak nekazaritzarena gainditu egin zuelako. Horregatik, hamarkada bisagra izendatu du azken hau hainbat historialarik. Dena den, hamarkadan zehar arazoak pilatuz joan ziren, aurreko politika ekonomikoaren mugak oso agerian utziz. Horregatik, bizirauteko, aldaketari ekin behar izan zion erregimenak politika ekonomikoan, 1959ko egonkortze planarekin.