Margolari garaikide hau Nafarroako Garinoain herrian jaio zen, 1930eko ekainaren 2an. 1998ko abenduan hil zen, Gazteizen zuen etxebizitzan.
Valladoliden eman zuen haurtzaroa. Gasteizera joan zen hamahiru urte zituela, eta han geratu zen bizitzera. Delineatzailea zen lanbidez, eta ibilbide profesionalaren parterik handiena Imosa, Mercedes Benz enpresan eman zuen, bertan aritu zelarik lanean erretiratu zen arte.
Imosa margolari taldean sartu zen 1957. urtean, sortu zenean. Horrela, margolari kolektiboaren bizitza sozialean parte hartzen hasi zen, eta baita San Cristobal festetan urtero antolatzen ziren erakusketetan ere. Aurretiaz, bidaliak zituen bere lehenengo pintura lanak Arabako arte lehiaketetara. 1953. edizioan, artista berrien atalean, hirugarren saria jaso zuen Puente de Mendíbil (Nafarroa) koadro txikiari esker.
Esan beharra dago Joaquín Fraile tokiko lehenengo artista izan zela, pintura abstraktuz erabat osatutako erakusketa egin zuena. Erakusketa hura Gasteizko San Prudentzio kaleko Arte Aretoan izan zen ikusgai, 1963ko urriaren 1etik 13ra. Guztira 18 mihise abstraktu-informalista erakutsi zituen. Halaber, beraren lehenengo erakusketa indibiduala izan zen. Urtea amaitu aurretik, abenduan, Equipo 63 taldea eratu zuen, Imosa taldeko Jon Abad Biota eta Víctor Ugarte lankideekin.
1965eko maiatzean, Zaragozan, III Bienal Hispanoamericana de Pintura y Escultura ekitaldian ohorezko aipamena jaso zuen, eta hurrengo hilabetean, erakusketa egin zuen berriz ere, Barakaldoko Estío Aretoan. Fabrika eremu horretan, epaimahaiaren eta publikoaren parte bat harritu eta asaldatu zuen egun lañotzat joko genukeen "pop" estiloko Sofía [Loren] obrarekin. Abuztuan, bigarren urtez parte hartu zuen Gasteizko Udalaren Anual Plastica-n eta, irailean, Pintura actual alavesa taldeko erakusketan ere izan zen, Jon Abad Biotarekin, Rafael Lafuenterekin, Juan Mieg, Angel Morazarekin eta Javier Vizcarrarekin batera. Izen horiek guztiek eta erakusketara bertaratu ez zen Carmelo Ortiz de Elgea gazteak arte gasteiztarraren estimulu arrerakoienak islatzen zituzten, batzuek besteek baino gehiago.
1966ko otsailean, bigarren erakusketa indibiduala egin zuen, Bilboko Miqueldi arte galerian, eta Oteiza eskultorea eta Acebal Idigoras zeramikaria bertaratu ziren, besteak beste. Euskal panoramari dagokionez, Euskal Eskolaren taldeak eratzen doaz. Frailek Orain izeneko arabar taldea osatu zuen Miegekin eta Ortiz de Elgearekin batera, eta noizbehinkaJesus Echeverria eskultoreak eta Alberto Schommer argazkilariak ere hartzen zuten parte.
Talde horrekin lau erakusketa egin zituen: Donostiako Barandiaran Aretoan, 1966ko abuztuan; Arabako Probintziaren Museoan, urte bereko urriaren amaieran; Gasteizko Udalaren Olagibel kaleko Udal Kutxaren Kultura Aretoan, 1968ko apirilean eta, amaitzeko, Gateizko Errementari kaleko Mosel Aretoan, 1969ko abenduan.
1973ko uztailean, margolariaren hirugarren erakusketa monografikoa egin zen, Arabako hiriburuan, Luis de Ajuria Aretoan, hain zuzen ere. Agian, hura aldi bakarra izan zen erreferentzia figuratiboak -erabat espresionistak ziren giza siluetak- zituzten koadroak erakutsi zituena, 1997ko uztailean Montehermosoko Zentro Kulturalean egin zen erakusketa antologikoa alde batera utzita.
XXI. mendeko laurogeigarren hamarkadaren amaierara arte, ez zuen erakusketa indibidual gehiagorik egin. Ez zen talde erakusketetan izan ezta ere. Aipatzekoak dira parte-hartze hauek: Tártalo Arte galeriak 1974ean inauguratu zuen 37 pintores Vitorianos erakusketa; Bicentenario de la Escuela de Artes y Oficios de Vitoria. 1774-1974. Exposición Antológica de Profesores y Alumnos, hiru hilabete beranduago egin zena eta 1980an, Bilboko Arte Ederren Museoak antolatu zuen La Trama del Arte Vasco erakusketa.
Hamar urte luzez, Gasteizko aretoetatik at izan ostean, erakusketen mundura itzuli zen, eta egin berri zegoen obra erakutsi zuen Independentzia Aretoan. 1984ko irailaren 19tik 30era, margolariaren azkeneko etapa hasi zen. 1985eko otsailean, Bizkaiko Aurrezki Kutxaren Arte Aretoan egin zuen erakusketa, Kale Nagusiko 21. zenbakian. Bi urte beranduago, Luis de Ajuria Aretoan egindako erakusketaren sustatzaileetako bat izan zen, zendutako Javier Serrano arte kritikoaren omenez antolatutakoa.
1988ko irailean, erakusketa indibidual berria prestatu zuen Gasteizko areto berean, eta, lan horren bidez, Euskalerriaren Adiskideen Elkarteko bazkide numerario bihurtu zen. Beste talde-erakusketa batzuetan parte hartu zuen. Jada aipatu dugunez, 1997ko uztailean, beraren obra hartzen duen antologia erakusketa antolatu zen, eta, bertan, egilearen pintura-etapa nagusiak sakonean berrikusi ziren. Gasteizko Udalaren Ur Biltegi zaharrean egin zen.