Kontzeptua

Flauta

Txirula, Flautie

Aereofonoen motako soinu-tresnetako bat da. Tutu edo ontzi batean egindako hertz baten kontra putz eginez aire zutabe bat bideratuta hots uhinak eragiten dira. Hotsa eragiteko sistemaren arabera nagusiki honako taldeak ezagutzen dira: Flauta zuzena edo ahokoa duen flauta, Zeharkako flauta eta Panen flauta. Horiez gain badira besteak beste Zeiharreko flauta, Pistoi flauta eta Okarina motakoak. Gure artean mota guzti hauetako flautak erabili izan dira.

Flauta zuzena: flauta hauen ahokoak nagusiki bi zati ditu: putz egitean airea bideratzeko kanala eta tutuaren hasierako alaka (hotsa emateko beharrezkoa da bi zati hauen arteko leihotxoa). Ahokozko flauta hauen artean badira esku batekin jotzen diren hiru zuloko danbolinteroen flautak eta bi eskuekin jotzen direnak.

Hiru zuloko flautak diren txistua edo txilibitua eta txirula dira euskal herri musikaren historian flauta erabilienak, ezagunenak eta zabalduenak.

"Txilibitua", "frantxuleta", "txilibito" edo chiflo izenarekin, digitaziorako sei zulo edo gehiago dituzten bi eskuko flautak oso erabiliak izan dira gure artean soinu-tresna, hots jostailu eta sasi soinu-tresna gisa.

Zeharkako flauta: flauta hauek itxita dute tutuaren alde bateko muturra. Itxitako mutur-aldean zulo bat dute, eta bi eskuekin flauta zeharka harturik, ezpainak mutur-aldeko zulo parean jarrita eta putz eginez airea zulo horren goiko hertzaren kontra bideratuz lortzen da bere hotsa. Flauta hauek flauta, "flautie", "pifanoa" edo "tertziola" izenekin XX. mende arte asko erabili ziren tuna edo errondaila tipotako taldeetan, musika bandetan eta bestelakoetan. Erromeri eta herri dantza bileretan ere entzuten ziren soinu-tresna hauek, bai perkusioz lagunduta soilik edo beste soinu-tresnekin taldekatuz. Egituraz, Durangaldeko kanaberaz egindako "flautie" da sinpleena. Hau sasi soinu-tresna bezala erabili da eta haurren hots jostailu gisa ere bai.

Panen flauta: tonu bakoitzeko tutu bat hartuz, loturik eta ilaran jarrita, behealdeko muturra itxita duten luzera ezberdinetako hainbat tutuz osatzen dira flauta hauek. Hotsa eragiteko putz egin behar da airea tutuaren goialdeko mutur irekiaren hertzaren kontra bideratuz.

Gure artean besteak beste zikiratzaileek erabiltzen zituzten flauta hauek, joaldi berezien bitartez herrian beren etorrera iragartzeko eta ahuntzainek zaindu behar zituzten ahuntz-taldeak biltzeko eta bueltan bakoitza bere etxeetara banatzeko jotzen zituzten. Txilibitu hauek nagusiki ezpelezko zuraz eginak daude eta behealdeko kirten gisako zatiak txori buru bat irudikatzen du.

Nafarroako Erronkari aldean kanaberazko tutuez osaturik egiten ziren, bereziki haurrentzat, halako Panen flautak.

Nafarroa Behereko Isturitzeko koba zuloan aurkitutako flautek erakusten digute gure artean ezagutzen den flauten erabileraren datu zaharrena. Bertan aurkitutako guztiak putrearen hegoaren hezurrez eginak dira eta Goi Paleolitiko garaikoak dira. Dirudienez ahoko gabeko zeiharreko sistemako flautak izan daitezke. Okarinak entretenimendurako erabili dira, baita dantza saioetan ere. Bestaldetik, oso interesgarriak dira haurrek erabili dituzten hots jostailuen artean aurkitzen diren flautak, ala nola lizar edo bestelako adarrez egindako pistoi flauta sistemako "txulubitak", kanaberazko "txilibituak" eta "txulubitak", abrikot hezurrekin egindakoak, latorrizko "txulubitak" eta ur flauta bezalakoak.

  • ANSORENA, Isidro. Txistu ots gozoa nola?
  • ANSORENA, Isidro. Txistu ots gozoa nola? Bigarren zatia. 1965.
  • BELTRAN ARGIÑENA, Juan Mari. Soinutresnak euskal herri musikan. Hernani: Orain, 1996.
  • DONOSTIA, Aita. "Instrumentos Musicales Populares Vascos". Obras Completas del Padre Donostia (2º tomo). Bilbo: Ed. La Gran Enciclopedia Vasca, 1983; pp. 257-309.
  • OLAZARAN DE ESTELLA, P. Hilario. Txistu. Tratado de flauta vasca. Bilbo: 1970.