Olerkariak

Figuera Aymerich, Ángela

Idazlea. Bilbao, 1902 - Madril, 1984.

Angela Figuera Aimerich Bilboko Espartero kalean jaio zen 1902ko urriaren 30ean. Bere aita, Jesús Angel Figuera Figuera, Kuban jaio zen, La Habanako Nueva Paz herrian, baina arbasoak, jatorriz, Valentziakoak zeuzkan. Angelek ingeniaritza ikasi zuen Kuban eta Bartzelonan. Kataluniako hiriburuan Angelaren ama izango zena ezagutu zuen: Amelia Aymerich Sanchez, Alcira (Valentzia) herriko senar-emazte artisau baten alaba bakarra. Elkarrekin ezkondu ondoren, Jesús Angelek geometria deskriptiboko katedra lortu zuen Bilbon sortu berria zen ingeniaritza eskolan eta, era honetan, Bilbon ezarri zuten bizilekua. Angela bederatzi neba-arrebatan nagusiena izan zen. Amaren ostean etxeko emakumerik helduena izateak eragina izan zuen bere bizimoduan, bai eta ondoren hasiko zuen literatur ibilbidean ere. Izan ere, bere amaren osasun egoera delikatua zela eta, etxekoen zainketaren ardura beregain hartu baitzuen neurri handi batean, amaren papera betez. Bizipen horien metaketak, emakume eta ama bezala zeukan mundu ikuskeran eragin zuen.

Bere hastapenetako idazketan garrantzitsua izan zen Juan Ramón Jimenez eta Antonio Machado bezalako idazleen poesiaren eragina, ildo bereko gaiak lantzen baitzituen; egunerokotasuneko gertaera arruntak sarritan islatzen ziren bere idazlanetan.

Apurka-apurka, baina, emakumearen ikuspegitik idazten hasiko zen. Emakumearen mundu ikuspegia izango zen bere poesiagintzaren ardatz. Emakumeak gizartean betetzen zuen paperaz kezkatuko zen; emazte eta ama izanda, bere bizipenek toki zabala hartuko zuten. Baina bide honetan, emakumeen inguruko edozelako topiko eta idealizazioak albo batera utzi eta pertsonaren beraren alde humanoari luzatutako begirada intimoa egingo zuen, gizakiari zor zaion begirunea eta errespetua genero zein klase ezberdintasunetik haratago adierazteko. Emakumea gizartearen aldaketarako subjektu aktibotzat ikusten du.

Idazleak ezaugarri existentzialistadun "poesía desarraigada" zeritzona egiten jardun zuen aldi batean. Etapa honen ondoren, poesia soziala egiten hasi zen, lagun zituen euskal poeta batzuekin batera, hala nola Gabriel Aresti, Blas de Otero edota Gabriel Zelaia. Hala ere, idazle hauek ez bezala, ez zuen uste poesiak errealitatea edo gizartea eralda zezakeenik, baina bai jendeari lagungarri gerta zekiokeela, gizakiarengana hurbildu eta haren ondoan egoteko. Idazkera xehez, artifiziorik gabe, bere mezua jendeari hel zekion idazten zuen. Bere poesia existentzialismo solidario deitu izan dute.

Umetan, Sacre Coeur izeneko moja frantsesen ikastetxe kristau batean eman zituen lehenengo urteak, eta bertan ikasi zuen idazten eta irakurtzen. Urte hauetan frantsesa ikasi zuen eta, horri esker, hizkuntza honetako literaturara gerturatzeko aukera izan zuen. Gainera, etxekoak kulturadunak ziren, eta artea, literatura eta kultura oro har, seme-alabengan txertatzen ahalegindu ziren. Etxean liburutegi handia zeukatenez, txikitatik ezagutu ahal izan zituen idazle klasikoak, eskura izan baitzituen haien lan unibertsalak; testuinguru horretan, goiz sortu zitzaion letrekiko zaletasuna, eta bere neba-arreba txikientzat ipuinak idazten eman zituen lehenengo urrats txikiak.

Nerabezaroan asko irakurri eta oparotasunez idazten zuen. Argitaragabeko koadernoetan, gerora bere idazlanetan adieraziko dituen kezken lehen zantzuak agertzen dira. Gorde zuena baino dezente gehiago idatzi zuela bistan da, bere senarrak Datos biográficos y recuerdos de Angela Figuera argitaratu gabeko lanean gogoratzen duen bezala:

"Como Angela siempre tuvo mucha imaginación y versificaba con extraordinaria facilidad le escribía y contaba a Diego infinidad de cuentos que no se han conservado, lamentablemente, porque siempre ha tenido la manía de romper lo que, más tarde, ya no le gustaba".

Gaztaroan Euskal Herrian bizi izan zen, eta bizimodu lasai askoa zeraman garai haietan. Horregatik, bere idazle ibilbidean zehar, urria da bere jaioterriaren presentzia idazlanetan. Urte haietan idatzitako poemetan izan zuen lekua batez ere, baina, hauetako asko idazleak berak suntsitu zituen, baliorik gabeak irizten baitzien. Gorde zituenetako batzuk senarrari ezkontza egunean oparitu zion koadernoan jasota daude. Bizkaia eta Bilbori buruz hitz egiten du olerkiotan, halako nostalgia kutsu batez, galdutako haurtzaroa gogora ekarriz. Horrela mintzatzen zaio Pablo Nerudari 1974ean eskainitako Unas palabras a Pablo Neruda poeman:

"Mi corazón quiso nacerallá en Vizcaya, bajo un cielorubio y azul si el sol quería."

Lehen hezkuntza bukatu ostean, Batxilergoa ikasi zuen. Gaur egun ohikoa den arren, garai hartan neskek ez zuten bigarren hezkuntzako ikasketarik egiten; hori zela eta, bi urte itxaron zituen bere anaiarekin batera hasi arte. Angela espainiar estatuan batxilergoa ikasten hasi ziren emakumeen lehenengo promoziokoa izan zen. Garai honetan ezagutuko zuen gerora bere senarra izango zen Julio Figuera, lehengusu zuena, Angela baino gazteagoa.

1924an Filosofia eta Letrak ikasi nahi izan zituen, baina Angelaren aitak lanbide-irtenbide errazagoa izan zezakeen odontologia bezalako ikasketaren bat egitea nahi zuen. Eztabaida horretan, bi urte joan ziren ezer ikasi gabe eta, azkenean, aitak alabaren nahia errespetatzea lortu zuen, betiere Bilbon geratzen bazen. Ikasketak libreki egin ostean, azterketak Valladoliden egin eta Madrilen bukatuko zuen karrera. Ikasketak hasi eta bi urtera, baina, aita hil zitzaion. Etxeko egoera ekonomikoa arras ahula zelarik, Julio Figueraren familiaren laguntza ekonomikoa izan zuen ikasketak bukatzeko. Horretarako, Madrilera joan zen ikasketak burutzera. Han, Juliorekin zuen harremana indartu egin zen, eta ezkongai egin ziren. 1928an Bilbora itzuli eta bertako Aceros Poldi enpresan hasi zen lanean. 1930ean bere amona hil zen eta, orduan Angelaren familiak Madrilera lekualdatzea erabaki zuen, lan aukera handiago baten bila. Bere neba Rafael, margolaria, izan zen Bilbon geratu zen bakarra, aurrerago arrebarengan eragina izango zuten kultur arloko hainbat lagunekin harremanetan hasiko zena. Angela ez zen gerora bere jaioterrira askotan itzuliko, eta Madrilen finkatuta, Angela Decroly eta Montessory ikastetxeetan aritu zen lanean.

1932. urtean Julio Figuerarekin ezkondu zen eta, urte berean, Andaluziako Huelva hirira aldatu zuten bizilekua. Hurrengo urtean, katedra lortu zuen bigarren hezkuntzako institutuetan lan egiteko. Honi esker, hizkuntza eta literatura eskolak eman zituen hiri honetako institutu batean.

1935ean bere lehenengo haurra izan zuen, jaio orduko zendu zena. Gertaera latz honek eragina izango zuen bere bizitzan, eta bere poesian ere islatuko zen:

"Debisteis dármelo. Yo hubiera debidotenerlo un breve tiempo entre mis brazos,pues solo para mí fue cierto, vivo..."

1936ko uztailean, Madrilera joan ziren bizitzera, katedrarako ikastaro bat egiteko. Handik egun gutxira, altxamendu militarra gertatu zen, Gerra Zibilari hasiera emango ziona. Ordurako, haurdun zegoen berriz ere; hilabete batzuen buruan, abenduan, bere seme bakarra jaioko zen, Juan Ramón izenekoa, Juan Ramón Jimenez idazlearen omenez. Erditzearen unean, Madril bonbardatu zuten faxistek, poema honetan deskribatuko zuen bezala:

"Y en medio del olvido refrescante,en lo mejor del conseguido sueño,surgía denso, alucinante, broncoel bélico zumbar de la escuadrilla.

Bramando, sacudiendo, despeñándose,atropellándose los ecos,iban las explosiones avanzando,cada vez más cercanas,hasta que, al fin, la muerte en torrenteraen avalancha, transcurríasobre nuestras cabezas sin refugio."

Senarra, sozialista izanik, miliziar batailoi batean izena eman eta errepublikaren alde borrokatu zen. Semea izan eta hilabetera Valentziara ebakuatu zituzten. Hasieran, Alcoy institutuan lan egin zuen, baina, handik gutxira, Murtziara joan zen eskolak ematera. Bien bitartean, Juliok lekualdatze ugari izan zituen, 1938an Murtziara bidali zuten arte. Senar-emazteak Molina de Segura herrian elkartu ziren, Gerra Zibila amaitu arte bertan geratzeko asmoz. Hala ere, Julio komunistatzat jo eta preso izan zuten Monteoliveteko espetxean gerra bukatu arte. Angelari unibertsitate titulua kendu zioten, errepublikarren alde egin zuela leporatu baitzioten. Horrek ondorio latzak ekarri zizkion berari eta familia osoari, lanetik kaleratu eta ondasun guztietatik desjabetu baitzituzten. Egoerak behartuta, zer edo zer egin beharra zuten, bizimodua aurrera aterako bazuten. Gauzak honela, irtenbiderik onena Madrilera itzultzea izango zela erabaki zuten, errepresiotik errazago ihes egingo zutelakoan, horrelako hiri handi batean oharkabean igarotzeko aukera handiagoa izan zitekeela ikusten baitzuten. Hala ere, diktaduraren lehenengo urteetan gorriak ikusi zituzten. Senarra paludismoak jota, Angela Soriara joan zen lanera, semearekin batera.

Apurka-apurka, baina, lana gogotik egin ostean, egoera ekonomikoa bere onera itzultzen hasi zen. Egonkortasuna lorturik, nolabaiteko barealdi hartan, idazteari ekin zion berriz ere. Testuinguru honetan, bere lehenengo poema liburua idatziko zuen 1948. urtean: Mujer de barro. Bere estreinako lan honek oso harrera ona izan zuen jendartean, eta horrek bide eman zion handik gutxira beste liburu bat idatzi eta argitaratu ahal izan zezan. Afizioa ofizio bilakatu zitzaion eta handik aurrera ekoizpen oparoa izango zuen ondorengo hamarkadetan, urtero liburu bat edo bat baino gehiago argitaratuko zituelarik.

Hurrengo urtean, Soria pura (Mensajes, 1949) liburua plazaratu zuen. Hasieran, sinbolismoan barneratuko zen, baina, bizi zuten gizartearen egoerak akuilaturik, idazleak etapa preocupada deituko zionari ekin zion; gizartea pairatzen ari zen gaiez arduratzen hasi zen, hala nola askatasun gabezia, pobrezia edota gerra, besteak beste.

Bilbora gutxitan itzuli zen gerora, oporretan edo bisita puntualetan bakarrik. Bere anaia Rafael bisitatzera joaten zen. Hau Munitis izeneko txaletean bizi zen, hiriko Karmelo zonaldean. Ospetsu egin ziren etxe hartan larunbatero egiten ziren solasaldiak. Bertan biltzen ziren, Figuera neba-arrebekin batera, garai hartako euskal kulturako hainbat izen azpimarragarri, esaterako: Jorge Oteiza, Gabriel Aresti, Blas de Otero, Gabriel Celaya, Federiko Krutwig, Vidal de Nicolás, Gregorio San Juan, Sabina de la Cruz edota Amparo Gastón, besteak beste.

Garai honetan, Gabriel Celaya eta Blas de Otero idazleekin gutun bidezko korrespondentzia hasi zuen, literaturaren zein gizartearen inguruan zituen kezkak adieraziz.

1951. urtean, Indice de las artes y las letras aldizkariak Destino poema saritu zuen. 1952an, Madrileko Liburutegi Nazionalean hasi zen lanean. Liburutegi honetan "bibliobuses" deituriko zerbitzua eskaintzen hasi ziren, ezagutza eta ondasun kulturala hiriko auzo txiro eta baztertuenetan bizi zen jendearengana hurbiltzeko asmoz. Bertan El grito inútil idatzi zuen, Ifach saria lortu zuena. 1953an Víspera de la vida eta Los días duros lanak argitaratu zituen.

Frankismoaren garairik gogorrenetakoak ziren, eta zentsurak guraize zorrotzak erabiltzen zituen orduan. Bazekien ez ziotela inondik inora idazten zuen edozer gauza argitaratzen utziko; jakitun zen nekez igaroko zuela zentsuraren muga, bere idazlanak, labetik irten berri, inongo ukiturik egin gabe aurkezten bazituen. Frankismoaren aurrean jarrera kritiko irmoa erakusten zuelarik, bere poesiak biluztasun osoz argia ikusiko bazuten, atzerrian izan beharko zen hori. Honenbestez, 1958. urtean, Belleza cruel liburua kaleratuko zuen Mexikoko Torremozas argitaletxearen eskutik. Lan honen aitzin solasa herrialde horretan erbesteratuta zegoen León Felipe idazle zamorarrak idatzi zion, eskuen artean zuen liburuaren goraipamena eginez. Liburuak oso harrera ona izan zuen kritikaren zein irakurleen artean eta hainbat sari irabazi zituen. Mexiko Espainiar Intelektualen Batasunak ematen duen Nueva España poesia saria lortu zuen.

Liburu honekin, idazleak ahotsa eman nahi izan zuen jazarpena pairatzen zutenei, itxaropenik gabe bizi zirenei; gizakiaren ondoan jarri, eta bidean lagundu, elkarrengandik banatutako neba-arreben artean zubiak eraikitzeko. Helburu horretan, bankari, ministro zein jeneralak era berean kritikatzen zituen inolako errukirik gabe. Zubi bat ireki zen espainiar estatuan errepresioaren eta zentsuraren erdian idazten jarraitzen zuten egileen eta erbesteratuta zeudenen artean, León Felipe esate baterako; halaber, beste herrialde batzuetako idazleekin harremanak eraikitzen hasi ziren, besteak beste, Pablo Neruda idazle txiletarrarekin. Urte bete lehenago, 1957an, Angela Parisen egon zen, ikerketa bibliotekario bat egiteko beka bati esker. Bertan Nerudarekin egon zen eta, honek, Carta a los poetas españoles izeneko gutuna eman zion Angelari. Idazle hauek Errepublikaren aldeko jarrera sutsua adierazten zuten, eta gerraosteko diktaduraren aurka irmoki agertzen ziren, askok euren herrialdetan ere antzeko egoera jasan baitzuten; testuinguru eta baldintza horietan, nekez espero zitekeen Espainian pentsamendu librearen eta poesiaren berpiztea gerta zitekeenik. Angelaren idazlanak, subertsibo eta errebeldeak izateaz gain, atzerriko egile ezkertiarren aldetiko onarpen zabala lortu zuen. Gertaera honek bereziki zaila egiten zuen liburuaren banaketa komertziala Espainian. Aitzitik, horrek guztiak, sarritan autoritateek hasieran bilatzen dutenaren aurkako efektua eragin zuen, eta hedapen handia lortu zuten apurka-apurka. Hasiera batean, fotokopia bidezko ale gutxi batzuk inportatu zituzten. Jendeak, eskuz idatzitako poemak ere kopiatzen zituen, kartzeletan preso zeudenengana oharkabean irits zitezkeenak. Liburua irakurriagoa izan zen saldua baino, eta, azkenean, traba guztien gainetik, Angela Figueraren Belleza Cruel garai hartako poesia libururik kopiatuenetakoa izatera iritsi zen.

Hiru urteren buruan, 1961ean, Asturiaseko Avilés herrira joan zen bere senarrarengana. Honek metalgintzan egiten zuen lan ingeniari bezala, bertako Ensidesa enpresan, Bizkaiko Labe Garaien ondotik sortutakoa. Urte horretan bere lehenengo antologia argitaratu zuten Caracasen (Venezuela): Primera antología. Hurrengo urtean, Tocó la tierra. Letanías (Rialp, 1962) liburua argitaratu ondoren, etenaldia egingo zuen bere ekoizpenean, aurreko hamarkadako maiztasunari bukaera emanez. Hurrengo urteetan literaturaren mundutik gero eta gehiago urruntzen joango zen.

1966an Sobietar Batasuna bisitatu zuen eta, 1969an, Mexikora bidaiatuko zuen, hots, bere lanek atzerrian aurreneko aldiz ahotsa izan zuten herrialdera. 1971. urtean, Juliok erretiroa harturik, Madrilera itzuli ziren berriz. Handik bi urtera, Julián Marcosek editatutako Antología total argitaratu zen.

Hamazazpi urteko isilunea egongo zen, antologia kenduta, liburu berri bat idatzi eta argitaratu zuen arte. 1979an, bizirik zela argitaratuta ikusiko zuen azkeneko lana plazaratu zuen, umeei zuzenduriko Cuentos tontos para niños listos (Cogarbur, 1979).

Bihotzetik eta birikatik gaixorik, idazletzatik erabat aldenduta, Madrilen zendu zen 1984ko apirilaren 2an. Idazlea hil ondoren, bere obra osoa jasotzen zuen Obras completas (Hiperión, 1984) eta umeentzako poesia Canciones para todo el año (Trillas, 1984). argitaratu ziren.