Arkitektura

Euskalduna jauregia. Bilbo

Eraikinak erabilera bikoitza du, hau da, kongresu eta musika jauregi bezala funtzionatzen du. Bikoiztasun hau eraikinaren barnealdean zein kanpoaldean islatzen da. Batetik, amaitu gabeko ontzia dirudien bolumenak musika kaxa gisa funtzionatzen du. Bere presentzia indartsua, batik bat, itsasadarretik antzematen da eta inguratzen duen kaiko urak eta garabi formako farolek izaera hori azpimarratzen dute. Bestetik, ordea, Jesusen Bihotzetik gertuen dauden aluminio eta beirazko bolumenek, hirirantz gerturatu ahala, ontziaren eskala txikiagotzen dute.

Zirkulazio antolaketa ere bitan zatitzen da. Batetik, Abandoibarratik datorren oinezko pasabidearen maila berean dagoen eta Areto nagusiaren behealdean kokatzen diren Kongresu aretoetara bideratzen da. Pasabide estu batetik sartu ondoren zutabe kapiteldunak dituen atarian kokatzen gara. Kapitel hauen bidez, gainean espazio handi bat kokatzen dela irudikatu nahi da. Eta, bestetik, parkearen eta hiriaren maila berean dagoen sarbideak Areto nagusira joateko aukera ematen du. Atari hau, aurrekoa baino askoz ere handiagoa da. Bertan, eraikinaren goitik beherako ikuspegia nabarmentzen da, espazioan elkar gurutzatzen duten eskailera eta plataforma ezberdinek dinamismoa sortuz. Horretaz gain, Areto nagusia kokatzen den itsasontzi eraikinaren branka (ontziaren atzealde) okerra bete betean ikus daiteke eta bertara sartzeko zeharkatu behar diren metalezko plataforma ezberdinek itsasontzi izaera hori areagotzen dute. Ikuspegi aniztasun honek, zorua bera beste fatxada batean bihurtzea dakar mural batean bihurtuz. Terrazozko zoruan beirazko 40 000 pieza koloredun txertatu ziren irudi eta ikur ezberdinak sortuz.

Itsasontzi eraikina pentsatzerakoan herdoildurik eta hutsik zegoen kaxa erraldoi bat musika kaxa batean bihurtzearen prozesu bezala ulertu zuten. Horrela, bi azal ditu, kanpotik herdoil itxura ematen dion Corten altzairuzkoa eta, barnetik, musika erabilerarako beharrezkoa den eta isolatzeko balio duen barne azal bat. Ondoren, kaxa handi hori beharrezko espazioetan banatzeko, hau da, 2.200 pertsonentzako areto nagusi batean eta kongresuetarako beste bi areto txikiago (600 eta 300 pertsonentzako) izateko, lurrak, sabaiak eta hormak gehitu zitzaizkion.

Gainera, itsasontzi bolumenak izen hau ez du itxuragatik soilik hartzen, eraikuntza prozesua bera ere ontzigintzarako erabiltzen diren teknika, teknologia eta materialetan oinarritu zelako baizik. Horrela, 90 metroko luzera, 40 metroko zabalera eta 52 metroko altuera duen bolumen honen egitura zeharkako 14 portiko alderantzikatu bidez eraiki zen, ontzietan egiten den era berean, eta brankako portikoak 18°-tako makurdura eratzen du bertikalarekiko. Antzeztokiko portikoen hegia 1.4 metrotakoa da eta aretoen gunean, berriz, 2 metrotakoa. Egituraren tamaina honek barneko eta kanpoaldean eratzen diren bi azalen artean pasabidea egotea ahalbideratzen du. Portiko bakoitza lau edo bost puntutan bermatzen da lurrean eta zeharkako mugimendua ekiditeko habe bidez lotzen da 3 metro oro.

Itsasontzi eraikinaren bueltan Euskalduna Jauregiko beste funtzio guztiak biltzen dituen beste pieza bat kokatzen da. Bertan, sarrerak, atariak, bulegoak, bilera-gelak, prentsa, kongresistak, kamerinoak, e.a. kokatzen dira. Ontziaren izaera indartzeko, bigarren eraikin honen egitura eta materiala aurrekoaren guztiz ezberdina da. Bi norabideko hormigoi armatuzko egitura bat antolatzen da. Zutabe zirkularrek (80 zentimetroko diametrodunak) 6,45 bider 7,25 metroko sarea osatzen dute eta habe zintzilikatuen bidez lotzen dira. Forjatuak 15 eta 25 zentimetroko losak dira. Maila ezberdinetako forjatuak ez dira solairu guztian zehar hedatzen eta era ezberdinean egiten dute gainera. Hauen elkargune bakarrak igogailu kaxak dira, eta hauen bidez egonkortzen da egitura. Itxiturari dagokionez hormigoizko horma zurrun eta metalezko plaka eta beirateen bidez osatzen da.

Antzoki honen helburua mota guztietako ikuskizunak biltzeko gaitasuna izatea da. Hau da, maila handiko konplexutasuna dauka, bai espazialki zein teknologikoki. Behar horri erantzuna emateko 21 x 21 metroko eszenatokia du eta beste hainbeste neurtzen duten alboko bi eta atzeko beste espazio laguntzaile bat dauka, gurutze latinoko oina osatuz. Eszenatokia hiru plataforma mugikorretan bermatzen da eta honek antzokiaren erabilera asko zabaltzen du. Zama-lanetarako gunea ontziolaren plataforma zegoen kotan kokatzen da eta eszenatokia, berriz, 12 metro gorago, hiriaren kota berean. Altuera ezberdintasun hori aipaturiko hiru plataformen bidez bideratzen da. Horretaz gain, eszenatoki aurrean beste bi plataforma mugikor daude, besaulki kopurua handitzeko edota orkestrentzako pezoi bezala erabili ahal izateko. Ezaugarri hauek dituen antzokia bideratzeko goiko orrazitik beheko zama guneraino dagoen altuera 44 metrotakoa da.

Arkitekto talde berak egin du handitze proiektuaren proposamena. Aurreko eraikinaren ekialdean kokatzen da. Bertako kota ezberdintasunaz baliatuz, aurreko eraikinari ez dio garrantzirik kentzen eta, horrela, Euskaldunaren irudi adierazgarriena ontzi eraikinak jarraituko du izaten. Hala ere, estalki metaliko eta dinamiko berriak hiri paisaia aldatuko du. 2.200 metro karratuko espazio argi eta bateratu honek itxura industrializatua hartuko du. V alderantzikatu formako habez osaturiko egitura izango du barrualderantz argi sarrerak sortzeko. Espazio zabal honek dagoen eraikineko erakusketa hallarekin bat egingo du guztira 4.200 metro karratuko erakusketa gunea eratuz. Horretaz gain mota ezberdineko panel motorizatuak kokatuko dira espazio txikiagotan banatu ahal izateko.