Kontzeptua

Euskal Senidetasuna

Euskararen baitan Asiara daraman kontzeptu baten arrastoa aurkitzeak interpretazio ahalegin bat eskatzen du. Zein kulturara eta zein garaitara darama "hezur eta haragiaren teoriaren" hondakin fosil hori euskararen baitan agertu izanak?

Asian sorturikoak dira mendebaldeko mutur honetara iritsi diren hiru kultura-olde nagusiak. Azkena, herri indoeuroparren kultura, duela bost mila urte inguru sortu zen Itsaso Beltza eta Kaspiar Itsasoaren arteko eremuan eta duela hiru mila urte inguru hasi zen euskaldunei eragiten. Horren aurretik, Asian sortu zen baita ere nekazaritzaren iraultza, Neolito aroa zabalduz; gaurko Anatolia inguruan sortu zen duela hamar mila urte inguru eta sei bat mila urte dira gaurko Euskal Herrira iritsi zela. Eta horren aurretik berriz, Asiatik etorri ziren, neandertal gizakiak baino bizi ez ziren Europa betetzen hasi ziren gizakiak. Duela berrogei mila urte inguru hasi zen prozesua eta ez dakigu gizaki haien artean zenbat kultura eta hizkuntza ezberdineko herriak Europaratu ziren hurrengo hogei edo hogeitabost mila urteetan zehar.

Arrazoiz uste izan daiteke hezur eta haragiaren teoria ez dela indoeuropar kastek zabaldutako zerbait: Indoeuroparrak inoiz heldu ez ziren lekuetan ageri delako, Sahalingo penintsulako nivkh herrien artean esate baterako, eta euskal eta indoeuropar dokumentu idatzien arteko desproportzioaren gainetik, sineste horren europar aztarna garbi bakarra euskarazko senidetasun hiztegiak gorde duelako; baina baita ere indoeuroparren ideologiaren arabera zailtasun eta oztopo ugari lekartzakeelako, haien mitologiaren ikerketatik aspaldidanik dakigunaren arabera. Neolito garaian nekazaritzarekin batera etorri zela uste izateak berriz antzeko oztopoak planteatzen ditu, bai zabalera esparruari dagokionez, bai iraupenaren intentsitateari begira, bai eta ikuspuntu ideologikotik ere, horien azalpena artikulu honetarako luzeegia bada ere. Senidetasun sistemak, hitzak bezala, maileguz hartu daitezkeela eta bidaiatu egin dezaketela ahaztu gabe, eta gogoeta hori aukera bezala beti aintzat hartuta ere, ez da gehiegikeria "hezur eta haragiaren teoria" harri-aroari lotzea eta harri-aroaz geroztik euskaran txartatua dagoen fosiltzat hartzea.