Kontzeptua

Euskal literatura XX. mendean. 1900-1975

Prosa narratiboak joera berritzaileak hartu bazituen Txilardegiren nobelaren ondoren beste horrenbeste gertatu zen poesian ere, nahiz eta hemen joerak eta irtenbideak desberdinak izan.

Jon Mirandek (1925-1972) euskal poesia sinbolismoaren irakurketa eginez modu berriak argitaratu zituen euskal poesian. Garaiko euskal aldizkarietan nabarmena izan bazen ere bere presentzia, ez zuen (edo ez zioten) poema libururik argitaratu oso berandu arte. Izan zuen 24 poema (gainetik 25 jarrita) testuekin liburu bat osatu eta argitaratzeko asmoa Hego Ameriketan, baina saiakerak huts egin eta Txema Larreak 1984. urtean edizio hori berreskuratu eta Poemak 1950-1966 izenburupean argitaratu zuen Mirandek bere poemetarako buruan eta paperean jarri zuen proiektua. 1976. urtekoa da bere poemen lehen argitalpen osatua, Oroituz izenburupean.

Jon Mirandek sinbolismoaren bide berriak agertu zituen. Gerra aurrean Lizardik eta Lauaxetak mugimendu estetiko horren irakurketa bat egin zuten. Mirandek Charles Baudelaire (1821-1867) poetaren lanaren joerak eskuratzen ditu eta sinbolismoaren malditismoa eta itsusiaren estetika hartzen ditu joera nagusitzat. Poeta frantsesaren erotismoaren bideak jarraitu zituen; gerra aurreko poesian era metaforiko eta xume batez baino egin ez zenez, Miranderen erotismoak agerbide zuzenak ditu. Beste alde batetik, Friedrich Nietzscheren (1844-1900) nihilismoarekin bat egin eta joera filosofikoa adierazi zuen bere poesian ("Nil igitur mors est" testuan adibidez), nihilismoaren joerak bere poesiari kutsu antikristaua ematen ziolarik. Alde horretatik, garai hartan EAJren azpian zen pentsamendu kristauaren aurka agertzen zuen bere burua.

Aldizkarietan agerturiko ipuin laburren bilduma osatu zen 1984. urtean Gauez parke batean izenburupean. Baina narratiba alorrean egin zuen ahaleginik nagusiena Haur besoetakoa izan zen, 1970. urte arte argitaratu ez zena. Pedofilia gaitzat harturik nobela laburrak gizon eta haur baten arteko maitasuna kontatzen du. Dirudienez, berak ezaguturiko pertsona batean oinarrituriko historiak arazoak izan zituen argitaratzeko orduan.

Euskal poesiaren berritzaile petoa izan genuen Gabriel Aresti (1933-1975) bilbotarra. Poesia sozialera hurbildu zuen euskal poesia, eta, beraz, garai hartan nagusia zen poesia sublime eta metaforazalea irauli egin zuen . Esperientziaren indarretan oinarrituriko poesia zen berea. Gabriel Arestik nazionalismoak literaturarako nahi zuen euskara garbiarekin amaitu zuen eta bere testu poetikoetan euskara "klaroa" landu zuen, olerkarien euskara kontzeptistaren aurrean komunikazioa lantzen zuen literatura. Bere poesiak eragin handia izan zuen handik aurrera, Gabriel Arestik politikan ere aldaketa handiak ekartzen zituelako euskal gizartera. Nazionalismoaren aurrean, eta guztiz antifrankista izaki, sozialismoaren bideak zabaltzen saiatu zen.

Bere testuetan, hiru zirela esaten bada ere, lau aro nagusi ikus ditzakegu. Lehen aroan Bizkaitarra bost poemen inguruan, Arestik adar bi lantzen ditu: bere autobiografia eta bertsolaritzaren miresmena, nahiz eta argitaratu zituen lehen poemetan baden zailtasunerako joera garbia. Maldan Behera (1960) poema sinbolista eta zail nagusiak osatzen du bigarren aroa. Testuak, Nietzscheren Zaratustraren mitoa adierazi du: gizaki bat bere berria adierazteko menditik gizartera etorri da, baina han diren tximuek ez dute bere mezua ulertzen eta gurutzean hiltzen dute. Gabriel Arestik bigarren mezua adierazi nahi zuen poema horretan: Miren eta Joanen arteko maitasuna, Arestik berak bizi zuen bere emazte Meli Estebanekiko maitasunaren sublimazioa, eta horregatik Pedro Salinasen (1891-1951) lanaren miresmena testuan. Bere garaiko pertsonekin bizi zuen borrokaren testigantza metaforizatua da testua, hain era zainduan argitaratua. Hirugarren aro batean, Gabriel Arestik hurbilketa egin zuen poesia zuzen eta sozialera, argia ikusi ez zuen Zuzenbide debekatua (1960. urtetik aurrera) poema zentsuratuaren bidez. Han agertu ziren zenbait testu ondoren argitaratu zituen liburuetan erabili zituen Arestik, Karmelo Landak 1986. urtean egindako edizioan erakutsi zuenez.

Gabriel Arestiren poesian laugarren aroak eman dio gaur egun mantentzen duen osperik handiena. Harriaren zikloa hasi zuen Harri eta Herri (1964) poema liburuarekin. Liburu horretan, hurrengoetan etorriko ziren Euskal Harria (1967) eta Harrizko Herri hau (1970) poema liburuetan bezala, Arestik mitologia propioa osatu zuen. Euskal Herria frankismoaren aurrean bere izaera mantendu egiten zuen Harriarekin parekatu zuen, eta metafora nagusi horrek ikaragarrizko irakurleekiko identifikazio indarra eman zion. Gabriel Arestik ez zuen inoiz ahaztu ahozko euskal poesiaren jarrera eta bere testuetan nagusia da ahozko erritmoaren agerpena. Baina bere poesian hiru ezaugarri bihurtu zituen nagusi: eguneroko bizi esperientziaren metaforizazioa, injustiziaren aurkako protesta, eta ironiaz eta abangoardiaren kutsu xumea zuen erregistro desberdinen agerpena.