Kontzeptua

Euskal Herriko hauteskunde-sistemak

Hauteskunde-sistema batean hura definitzen duten elementu batzuk baitaratzen dira. Horien artean lau osagai nagusi azpimarratu behar dira: hauteskunde-formula, hauteskunde-barrutiaren tamaina, hauteskunde-atalasea eta hautagaitza mota. Propietate horiek eragin nabarmena dute alderdien sistemaren eraketan, batez ere, lehenengo biek.

Eserlekuak banatzeko elementurik garrantzitsuenetako bat hauteskunde-formula da, hots, modu dikotomikoan hauteskunde-sistemak ordezkaritza proportzionalean eta gehiengoan sailkatzeko erabiltzen den ezaugarria. Gehiengoari dagokionez, gehiengo osoa edo gehiengo soila izan daiteke izen bakarreko barrutitan (izen askodun barrutietan ere erabil daiteke, baino ez da ohikoena). Gehiengo soilaren formulak herrialde anglosaxoietan eta Britainiaren ohiko kolonietan erabiltzen dira arrunki. Aitzitik, gehiengo osoa eskatzen duten gehiengoaren formulak ez dira hain ohikoak eta maiz gertatzen da lehen itzulian hautagai bakarrak ere ez lortzea aurrezarritako gehiengoa; hori gertatzen denean, boto gehien eskuratu dituzten bi hautagaien artean bigarren itzuli bat egitea izaten da ordezkaritza1 erdiesteko metodo erabiliena. Frantziako estatuan, gehiengo osoaren eta soilaren arteko eredu hibrido bat dago. Hala, Asanblea Nazionalerako hauteskundeetako lehen itzulian gehiengo osoa erdiesten duen hautagaitza hautatzen da diputatu gisa; halakorik gertatzen ez bada, bigarren itzuli bat egiten da eta botoen %12,5 baino gehiago lortu duten hautagai guztiek parte hartzen dute. Azkenik, gehiengo osoa edo soila lortu duenak irabazten du.

Gehiengoan oinarritutako hauteskunde-formula horiek nahasmen handiak eragin ditzakete, izan ere, hauteskunde-barruti guztietan hautetsien banaketa nahiko homogeneoa duen alderdi bat merezi baino ordezkari gutxiagorekin gera daiteke lehiatzen den barrutietan garaipena lortzen ez badu; aitzitik, boto gutxiago jaso arren, hautetsien banaketa hauteskunde-barruti jakin batzuetan metatzen duen alderdi batek eserleku ugari eskura ditzake.

Bestalde, ordezkaritza proportzionalean oinarritutako formulak dira sistema demokratikoetan gehien erabiltzen direnak. Diseinu anitzekoak izaten diren arren, honakoa da eredu hedatuena: alderdiek hautagai-zerrendak aurkezten dituzte izen askodun barrutietan eta hautesleek zerrenda horien arteko hautua egiten dute (zenbaitetan botoa hainbat zerrendatan bana daiteke, aurrerago ikusiko dugunez). Formula matematikoei dagokienez, ohikoenak bi multzotan sailkatzen dira: gainerako handiena eta batez besteko handiena.

Lehen multzoan eserleku2 bat eskuratzeko kuota bat kalkulatzen dituzten formulak barneratzen dira. Beraz, alderdi batek boto kopuru osoan eskuratutako kuota adina eserleku eskuratzen ditu. Banaketaren ostean eserlekuak izaten dira soberan, banatu beharreko eserlekuen eta kuoten kopuruak bat ez etortzeagatik. Hori gertatzen denean, soberako botoak (kuota erdietsi eta ondorioz eserleku bilakatu direnak apartatu ostean) handienetik txikira apailatzen dira eta gainerako handienen artean banatzen dira eserleku guztiak betetzen diren arte.

Edozein modutan ere, egun, batez besteko handienaren formulak erabiltzen dira gehienbat eta, zehazki esatera, D'Hondt formula. Orokorrean, zatitzaile komunaren formula horien bidez hauteskunde-zerrenda bakoitzean erdietsitako boto kopuruaren eta dagokion ondoz ondoko zenbaki-sortaren arteko zatiketa egiten da, harik eta barrutiari dagozkion eserlekuak betetzen diren arte. Zatiketen ondoren suertatzen diren koefizienteak goitik behera apailatzen dira, eta banatu beharreko eserlekuak batez besteko handienak aintzat hartuz banatzen dira, eserleku guztiak betetzen diren arte. D'Hondt formularen kasuan erabiltzen den zenbaki-sorta naturala da (1, 2, 3, 4, 5,..) baina beste formula batzuetan, esate baterako Sainte-Laguë formulan boto kopurua eta zenbaki oso bakoitiak zatitzen dira. Azken formula horrek ez du eragozten alderdi txiki eta ertainen ordezkaritza, baina D'Hondt formularen kasuan egoera oso bestelakoa da, izan ere, azken formula horren bidez barrutian garaipena ukan duten alderdiak saritzen dira sistematikoki eta alderdi txikienak zigortu egiten dira. Hala, eserleku gutxi dituzten hauteskunde-barrutietan formula horiek gehiengoan oinarritutako hauteskunde-sistemek adina eragin izaten dute ia. Horregatik da horren garrantzitsua hauteskunde-barrutiaren tamaina.

Hauteskunde-barrutiaren tamaina (hauteskunde-distritu ere izendatzen dena) barruti bakoitzeko hautatzen den ordezkari kopuruaren arabera zehazten da. Geografikoki zatitutako barruti bakoitzean hautesle kopuru aldakor jakin bat lekutzen da, hauteskundeetan emandako botoen bidez ordezkari kopuru aldakor jakin bat aukeratzen duena (zinegotziak, batzarkideak, diputatuak,...). Hauteskunde tamainen arteko oinarrizko sailkapena egiteko izen bakarreko eta izen askodun barrutien arteko bereizketa egin behar da. Lehenengoetan ordezkari bakarra hautatzen da eta bigarrengoetan bat baino gehiago. Izen bakarreko barrutien joera nagusia gehiengozkoa izaten da, izan ere, irabazle ateratzen den hautetsiak barrutiko ordezkaritza guztia eskuratzen du. Horren abantaila nagusia ordezkatuen eta ordezkarien arteko harremana estua izaten dela da; desabantaila gisa, babesa eta lokalismoa sustatzen dituela esan ohi da, eta gutxiengoen ordezkaritza ekiditen duela. izen askodunen kasuan, aldiz, tamaina handia denean (banatu beharreko eserleku kopuru handia) gizarte osoa ordezkatzeko gaitasuna izaten duela esan ohi da, gutxiengoak barne; dena den, abantaila horrek ordezkari ezberdinak elkarrengandik are gehiago bereiztea eragin dezakeela esan ohi da kritika modura eta, horrenbestez, gehiengo egonkorrak sortzeko gaitasun urria duela.

Hortaz, barrutiaren tamaina eta banaketa egiteko hauteskunde-formula izaten dira hauteskunde-sistemaren proportzionaltasuna neurtzeko funtsezko elementuak. Horrela, izen bakarreko sistemetan, barrutiaren tamaina handitzen denean proportzionaltasunik eza areagotu egiten da eta alderdi nagusiek abantaila gehiago izaten dute. Izen askodun barrutietan, aldiz, tamaina handitzean proportzionaltasuna areagotu egiten da eta alderdi txikientzako baldintza egokiagoak ematen dira eta, horrenbestean, antolatutako gutxiengoentzat ere bai.

Parlamentuaren "gehiegizko" zatiketa ekidite aldera izen askodun barrutien proportzionaltasuna leuntzeko modu bat eserlekuen banaketari dagokionez legezko hauteskunde-atalase bat ezartzea da (legezko hesi ere izendatzen dena), hots, alderdi batek ordezkaritza lortzeko behar duen gutxieneko babesa zehaztea. Legeak legezko atalase bat aurreikusten duenean, atalase hori lurralde-maila batean edo gehiagoan (estatukoak, eskualdekoak, barrutikoak,...) aplikatzekoa izan daiteke eta gutxieneko boto kopuru batekin, portzentaje batekin edo bestelako formula batzuekin zehatz daiteke. Zenbaitetan, ordezkariak gehiengo osoaren formularen bidez hautatzen dituzten hauteskunde-sistematan ere erabiltzen da aipatu atalasea. Kasu horietan, eserleku bat lehiatzen da hauteskunde-barruti bakoitzean eta hori hautatzeko gehiengo osoaren formula baliatzen da lehen itzulian. Aurrezarritako gehiengoa inork eskuratuko ez balu, hauteskude-legean hauteskunde-atalase bat barneratzen da bigarren itzuli batean parte hartu ahal izateko baldintza gisa. Frantziaren kasuan atalase hori %12,5ean kokatzen da.

Hauteskunde-sistema guztiek ez dute halako atalaserik; dena den, horrek ez du esan nahi hauteskunde-sistemak proportzionaltasuna bereziki errespetatzen duenik. Aurrez azaldu den moduan, atalase handietan gertatzen denaren antzekoa gertatzen da tamaina txikietan ere, izan ere, proportzionaltasuna eta gutxiengoen abaguneak mugatu egiten dira. Muturreko adibide bat bi diputatuz osatzen den hauteskunde-barruti batean aurkitzen dugu. Kasu horretan, hautagaitza batek botoen %30 eskuratzen badu eserlekurik gabe gera daiteke.

Azkenik, hautagaitza mota ezberdinen arteko bereizketa egin behar da. Hautagaitzak kide bakarrekoak (pertsona bakarra ageri da) edo zerrenda bidezkoak izan daitezke. Zerrenda bidezkoari dagokionez askotarikoak izan daitezke. Hiru tipologia laburbil daitezke. Lehenik eta behin, zerrenda itxi eta blokeatuak dauzkagu, hots, hautagaitza bakoitzak hautagaien zerrenda apailatu bat aurkezten du eta boto-emaileak zerrenda horretarako botoa ematen du, hurrenkera horretan, eta hura aldatu gabe. Bigarrenik, blokeatu gabeko zerrendak dauzkagu. Kasu honetan, hautesleak zerrenda aldatzeko aukera dauka, hura goitik behera berrantolatuz, lehentasunak emanez (lehentasunezko botoa,...) edo hautagai batzuekiko ezadostasuna azalduz (zerrendatik izen bat marratuz).

1Badira beste metodo batzuk, esate baterako Australian erabiltzen den boto alternatiboaren metodoa. Hautesleak hautagaien arteko lehentasunak adierazi behar ditu ordena-eskala baten arabera. Lehenengo lehentasun modura hautagai bakar batek ere ez badu botoen gehiengo osoa erdiesten "lehen lehentasunean boto gutxien jaso dituen hautagaia ezabatu egiten da, eta lehen lehentasunean hautagai horrek jasotako botoak bigarren lehentasunetara eramaten dira" (Lijphart, 2000: 144); (itzulpen moldatua gaztelaniatik). Prozedura hori behar adina aldiz errepikatuko da boto gutxien jaso dituzten hautagaitzekin, harik eta hautagairen batek gehiengo osoa erdiesten duen arte. Horrez gain, badira beste metodo batzuk. Horien artean boto mugatuaren metodoa nabarmendu behar da, hori baita Japonian izen askodun barrutietan erabiltzen den gehienezko sistema. Metodo horri jarraiki, boto-emaile bakoitzak hauteskunde-barruti baterako esleitutako eserlekuak baino hautagai gutxiago hauta ditzake).

2Formula ezberdinak daude kuota hori eskuratzeko. Hare kuota da ezagunena eta proportzionaltasun handiena ematen duena. "boto baliodunen kopuru osoaren eta hautatu beharreko eserleku kopuruaren arteko zatiketa egitean datza (Torrens, X. 1999: 363)". Gainerako formulen bidez izendatzailea areagotu ohi da eta, beraz, boto baliodun kopuruarekin zatitu beharreko eserleku kopurua ere areagotu egiten da. Eragiketa horren bidez proportzionaltasun urriagoko kuotak erdiesten dira.