Kontzeptua

Euskal haur eta gazte literatura

1980tik aurrera euskal HGLn garai berri bat sortu zen, aldaketa kualitatibo baina batik bat kuantitatibo ugarirekin. Argitaraturiko idazlanen kopurua ikaragarri handitu zen. Ia-ia ezer ez argitaratzetik, edo hamarka batzuk liburu plazaratzetik 80ko hamarkadan 300 liburu urtero, eta hurrengo hamarkadetan 400 argitaratzea pasa zen. Eta aldaketa hau, ugaritze hau, garrantzitsua baldin bada, are garrantzitsuagoa da aldaketa kualitatiboa.

Gaur egungo literatura, erakargarria, interesgarria egin behar zen, euskal irakurlea erakarri behar zuena, eta horrela 1981 eta 1984 bitartean giltzarri izan ziren hiru idazlan argitaratu ziren euskal HGLn: Anjel Lertxundiren Tristeak kontsolatzeko makina (1981), Chuck Aranberri dentista baten etxean (1982) Bernardo Atxagak idatzia eta Txan fantasma (1984) Mariasun Landaren ipuina. Hiru obra hauek euskal HGL modernoaren hasiera markatzen dute. Rodariren eragina, esaterako, nabarmena da Lertxundiren obran eta Christine Nöstlingerrena eta errealismo kritikoarena Mariasun Landarenean; Atxagaren lanean, aldiz, fantasia, errealitatea eta umorea konbinatzen dira aurrekoen kasuetan gertatzen den bezala, idazlan modernoa, berritzailea, sortuz.

Xola (Atxaga)

Jakina, idazlan moderno hauekin batera, obra klasiko eta tradizionalak plazaratu ziren euskaraz antzinako gizartea, baserri giroa, islatuz. Beste alde batetik, gainera, herri ipuinetan oinarrituriko idazlan asko ere plazaratu ziren, baita historia, anekdota, kontakizun, pasadizo eta abarren bilketak ere.

Joxe Arratibel idazle eta ipuin biltzaile ezagunak 80ko hamarkada hasieran zera aipatu zuen, gehiago aldatu zela mundua bera jaio zenetik (1920ko hamarkadan) ordura arte, aurreko bi mila urtetan baino. Antzeko zerbait esan genezake euskal literaturaz. Izan ere, liburu gehiago argitaratu dira euskaraz azken urteotako edozein urtetan, 1545ean euskarazko lehen liburua argitaratu zenetik 1975era argitaratu diren guztiak baino. Alde horretatik esan dezakegu azken hamarkadetako euskal HGL aztertuta honen ikuspegi ia orokorra izan dezakegula.

Horrela, arestian aipaturiko ahozko tradizioko literatura eta honen bertsio berriez gain, irakurleak korronte eta genero guztietako obrak aurki ditzake euskal letretan. Hala nola errealismo kritiko barnean kokaturikoak, edo zientzia fikziokoak, abenturazkoak, misterio edo umorea (azken hauen artean aurki dezakegu, esaterako, Joxean Sagastizabalen Kutsidazu bidea, Ixabel, 1994, benetako best-sellerra euskal HGLn, telebista eta zine aretoetara eramana). Era berean genero eta korronte hauetako idazlan asko euskaratu dira. Baina euskarazko HGLn aldaketarik handiena, beharbada, giza kritikan sakontzen edo gure burua hobeto ezagutzen laguntzen duten obren artean izan da; hots, errealismo kritiko korronte barruko idazlanetan. Tradizioko elementuetatik gaur egungo teknika berrietara guztiek balio dute irakurlearen gogoeta bultzatzen duten obra hauek egiteko.

Ezerezetik abiatu den literaturak literatura gustu ezberdinei, gai berriei, estilo berriei erantzun behar izan die, eta horregatik gertatu da ugaritze hori, boom hori euskal Haur eta Gazte Literaturan. Eta aberastasun hori, ugaritze hori idazleengan beraiengan ere nabari da; aurretik aipatutako Mariasun Landa (nazioarte mailan gure idazle ezagunetariko bat eta Andersen sarirako hautagai izan dena) idazlearen ondoan Bernardo Atxaga aurki dezakegu, hasierako surrealismotik eta baserri giroko mundutik (Bi letter jaso nituen oso denbora gutxian, 1984, horren adibide garbia da), gaur egungo umore eta ironiara -Xola eta Angelito, 2004, ipuinean argi eta garbi ikus daitekeena- pasa den idazlea.

1982an Mariasun Landak Lizardi saria jaso zuen neskatila baten eta fantasma baten arteko harremana kontatzen zuen ipuin batekin. Maitasun faltak, bakardadeak, helduen ulertezintasunak eragindako harreman baten aurrean gaude. Karmentxu neskatila, helduen munduaren aurrean, babesa eta laguntza bilatzen du bere irudimenean. Txan fantasma (1984) euskal haur literaturaren lehen idazlan modernoetako bat dugu bere gaiagatik eta narrazio teknikagatik. Eta lehen obra horrek irekitako bideak kalitatezko beste idazlan interesgarri askok jarraitu dute. Geure gizartea eta haur eta gazteen mundua islatzen duten obra interesgarriak, hala nola Dado iratxoa (1986) edo Matias Ploff-en erabakiak (1992), gizentasunaren arazoa, balioen lehentasunak... planteatzen dituen ipuina. Mariasun Landa da, zalantzarik gabe, euskal HGLn errealismo kritikoa landu duen idazlerik garrantzitsuena. Bere idazlan ugari horren adibide dira; Julieta, Romeo eta saguak (1984), Alex (1990), Nire eskua zurean (1995) maitasunari buruzko ipuin iniziatikoa, amaren menpekotasuna, nerabezaroko sentimenduak... islatzen dituen ipuina, edo Krokodilo bat ohe azpian, 2003, Espainiako Haur eta Gazte Literaturako sari nazionala lortu zuen ipuina eta protagonistak ohe azpian duen krokodilo batekin duen harremanaren bidez hainbat gairi buruz (gure beldurrak, bakardadea, bizi garen gizartea) gogoeta egitera bultzatzen gaituen gazte eta helduen literaturako obra.

Iholdi (Mariasun Landa, Balzola)

1980ko hamarkadaren bigarren zatitik aurrera errealismo kritikoak gero eta pisu handiagoa izan du euskal letretan; zerikusia izan dute horretan alde batetik beste hizkuntzetatik eginiko itzulpenak; U. Wölfel, F. Hetmann, M. Gripe, Ch. Nöstlinger, P. Härtling, T. Haugen eta beste idazle askoren lanak euskaratu baitira. Baina, beste aldetik, euskaraz sorturiko lanek ere pisu handia izan dute, eta gaur egun hauen artean gizarteko arlo ia guztiei buruzko lanak aurki ditzakegu. Hala nola militarizazioaz edo bortxakeriaren erabileraz (Joxeme gerrara daramate, 1992), ekologiaz (Desafioa, 1988; Joxepi dendaria, 1984), familiaz (Jaun agurgarria, 1993, Pirritx eta Porrotx arrantzan, 2004), pobreziaz (Kittano, 1988), emigrazioaz (Bi letter jaso nituen oso denbora gutxian, 1984; Eztia eta ozpina, 1994), inmigrazioaz (Eddy Merckxen gurpila, 1994, Semaforoko ipuina, 2004), langabeziaz (Harrika, 1989), maitasunaz (1948ko uda, 1994, Kixmi elurpean, 2005), askatasunaz (Asto bat hypodromoan, 1984; Potx, 1992; Tristuraren teoria, 1993; Behi euskaldun baten memoriak, 1991), eta abarrez ari diren obrak ikus baititzakegu azken urteotan kalitatezko idazlanen artean.

Era berean Patxi Zubizarreta figura azpimarratu behar dugu; sentsibilitate handiz jakin izan du tradiziozko literatura eta modernitatea batzea; Atxiki sekretua (2004) nobelan, esaterako, gaur egungo istorio bat kontatzen zaigu, neska gazte bat da protagonista eta berarekin batera sorginei buruz istorio asko eta ohitura asko kontatzen dizkion auzokoa. Horrelako idazlanen ondoan baditu ere karga poetiko handia dutenak, hala nola Usoa, hegan etorritako neskatoa (1999), abandonatua eta gero adoptatua den neska baten inguruko maitasunezko istorio edo historia labur, trinko eta paregabea.

Idazle hauen ondoan badira beste asko estilo, gai eta tonu ezberdinetako obrak plazaratu dituztenak, Antonio Kazabon, Juan Kruz Igerabide, Iñaki Zubeldi, Xabier Mendiguren, Arrate Egaña, Felipe Juaristi, Aitor Arana,... zientzia-fikzioa, kritika soziala, esperimentalismo eta beste hainbat gai eta korrontetako obren egile.