Kontzeptua

Eskolatzea Gipuzkoan: XIX. eta XX. mendeak

1858an, Erreinuko Estatistika Batzordeak urte horri dagokion Anuario Estadístico de España izenekoan adierazitakoaren arabera, Gipuzkoan, orotara, 163 eskola zeuden. Horietako 136 publikoak ziren, 26 pribatuak eta 1 erlijiozkoa. Horrek zera esanahi zuen, 960 biztanleko eskola bat zegoela, Araban 353 biztanleko eskola bat zegoen bitartean. Horrenbestez, biztanleko eskola gutxiago zituen Gipuzkoak eta egoera hori urte askoan mantendu zen. Hala, XIX. mendeko hazken hamarkadara arte ez zen joera hori irauli, batez ere, eskola pribatuak ugaldu egin zirelako. Egoera hori, 1873an islatzen da, izan ere, urte hartako daturik esanguratsuena Gipuzkoan ematen den eskola ugaltzea da. Haatik, neskatoen asistentzia ia mutikoen asistentziaren parekoa zela adierazi behar da, izan ere, gainerako herrialdeetan ez zen halakorik gertatzen. Hala ere, Moyano legea onartu zen urtean, Donostiako Udalak eskola publikoei buruzko barne-araudia argitaratu zuen, Donostiarako funtsezkoa eta gailena, 1838ko behin-behineko planera eta ondorengo aginduetara egokituta. Egoera horrek argi erakusten du estatuko legedia oso motel aplikatzen zela.

1857-1876 bitartean Gipuzkoako lurraldean eskoletako ikuskapena oso eraginkorra izan zela ikus daiteke, batez ere, gaztelaniaren inposaketari dagokionez, Juan Maria de Egurenen jarduera profesionalaren eskutik. Gipuzkoako topografia oso gorabeheratsua izan arren, ikuskatzaile hark zabalik zeuden eskolen % 90ean egin zituen ikuskapenak 1860. urtean eta ondorengo 16 urtetan. Ikuskapen horiekin XIX. mendearen bigarren erdialdearen eskolako argazkia atera daiteke. Horrela, udako hiletan, ohikoa zen moduan, ikasle gutxiago joaten zen eskolara, izan ere, neska-mutikoek landako lanean lagundu behar izaten zuten. Eskola gehienetan aldibereko metodoa aplikatzen zen eta, neurri txikiagoan, mistoa (ikasle kopuru askoko eskoletan mutuo-metodoarekin aldatua, edo indibidualarekin landa-eremuko eskola txikietan). Irakasleek araudian xedatutako sari eta zigorren sistema erabiltzen zuten. Ikasgai bakoitzean erabilitako ikasliburuak berdinak izaten ziren Estatuko eskola guztietan, Asteteren kristau-ikasbidea izan ezik, hainbat euskalkitara itzuli zena. Instrukzio Publikoko Batzorde Probintzialak bat egiten zuen ikuskatzaileak eskolaren egoerari buruz egindako oharrekin.

Bigarren karlistadan zehar Eskoletako behin-behineko Araudiaren argitalpena izan zen jazoera adierazgarriena, Dorronsorok zuzentzen zuen Karlisten Diputazio Nagusi izenekoak onartu zuena, horretarako 1874ko abenduaren 31n Azpeitian egindako saioan. Euskarari zegokionez, araudi horretan euskal gramatikaren ikaskuntza agintzeaz gain, oinarrizko eta haurren eskola guztietan irakaskuntza euskaraz ematea agintzen zen. Horretarako, hizkuntza horretan idatzitako zenbait testu erabili ziren.

Bestalde, 1877tik aurrera faktore demografikoak baldintzatu zuen eskolak sortzeko prozesua, izan ere, biztanleriak gora egitean ezinbestekoa zen eskolak zabaltzea, Moyano legearekin bat etorriz. Horrela, Gipuzkoan zortzi ziren 4.000 biztanletik gorako herriguneak 1877an (Eibar, Azkoitia, Azpeitia, Irun, Oñati, Donostia, Bergara eta Tolosa) eta hamar 1887an (Azkoitia, Azpeitia, Elgoibar, Eibar, Hondarribia, Irun, Oñati, Donostia, Tolosa eta Bergara). Udalak paretsu mantendu ziren urte horietan, izan ere, 1877an 92 Udal ageri ziren eta 1887an bat gutxiago. Kontuan izan behar da Gipuzkoak 167.207 biztanle zituela 1877an eta 1900. urtean 195.850 biztanlera iritsi zela. Zenbaki horiei kasu eginez gero, 1877an Gipuzkoak 288 eskola izan behar zituen. Errealitatean eskola kopuru hori handiagoa izaten zen beti, izan ere, eskola pribatuekin betetzen ziren eskola publikoek zituzten gabeziak. Haatik, Gipuzkoa 27. lekuan zen eskola kopuru gehien zituzten Espainiako probintzien zerrendan 1885ean. Adibide batera, aipagarria da Araba 4. lekuan zela zerrenda horretan, Bizkaia 26. lekuan eta Nafarroa 15. lekuan.