Gaur egun erabiltzeagatik etorkizuneko belaunaldiak fluxu horrekin hornitzeko gaitasuna arriskuan jartzen ez duen energia, energia iraunkorra da. Horrenbestez, energia iraunkorra tradizionalki garapen iraunkorrarekin lotzen diren iraunkortasun-irizpideak betetzen dituena da.
Hainbat iritzi daude iraunkortzat har daitezkeen energia-fluxu eta teknologiak zehazterakoan. Energia-fluxu berriztagarriak dira iraunkortzat jotzeko adostasun gehien ageri dutenak. Zehatzago izatera, energia geotermikoa eta eguzki-energia. Lehenengoaren jatorria lur-nukleoan gertatzen den atomo erradioaktiboen fisio atomiko prozesuetan aurkitu behar dugu eta bigarrenak Eguzkiaren barnean gertatzen den hidrogeno-atomoen fusioan du jatorria. Energia geotermikoa bero modura hautematen da, nahiz eta elektrizitate ere bihur daitekeen. Eguzki-energia erradiazio termiko modura hauteman daiteke kolektore termikoen bidez beroa edo etxeko ur beroa lortzeko, edo elektrizitate bihur daiteke sistema fotovoltaikoen bidez edo tenperatura handiko eguzki-energia termikoko zentralen bidez. Naturan ere eguzki-energia haize-energia, ibaietako energia hidrauliko eta olatuen energia bihurtzen da. Hainbat gailuri esker (haize-sorgailuak, turbina hidraulikoak eta beste zenbait), energia-fluxua elektrizitate edo energia mekaniko bihurtzen da.
Landareetako ehundura berdeetan ere eguzki-erradiazioa energia kimiko modura atxikitzen da fotosintesiari esker. Energia-iturri gisa erabiltzen diren izaki bizidunen, hala animaliena nola landareena, hondar eta hondakin organikoak biomasa izendatzen dira. Biomasa, energia berriztagarria izateaz gain, biltegiratua izateko beste energia batzuk (esaterako elektrizitatea) baino gaitasun handiagoa duen energia-bektorea da eta hainbat era daude hura erabiltzeko: elektrizitatea, argia edo beroa sortzeko eta, are, erregai likidoak, bioerregai izendatzen direnak, sortzeko ere erabil daiteke.
Itsasoetako energia, bestalde, Lurra eta bere satelitea den Ilargia lotzen dituzten grabitate-indarrek eragiten dute.
2007an Nafarroako Foru-erkidegoan, energia berriztagarriaren ekoizpen primarioak 325,5 ktpb (milaka tona petrolio baliokide) erabili zituen, hots, energia gordinaren barneko kontsumoaren % 13,9. Urte horretan 246,1 ktpb elektrizitate sortu zen energia berriztagarria erabiliz, hots, elektrizitatearen azken kontsumo gordinaren % 63,1.
Euskal Autonomia Erkidegoan, 2007an, 400 ktpb erabili zen energia berriztagarriei esker, hots, barneko kontsumo gordinaren % 5,1. Bestalde, 79,6 ktpb elektrizitate sortu zen energia berriztagarria erabiliz, hots, elektrizitatearen azken kontsumo gordinaren % 4,5.
Iparralden, 2006an, 11,4 ktpb energia elektriko berriztagarri erabili zen eta energia hidroelektrikoaren % 85 energia berriztagarria izan zen.
Energia berriztagarriak iraunkorrak direla esaten da, gizateriak hura erabili edo eraldatzeak ez dakarrelako hura agortzea edo, agortzen bada, hori gizakiari ez dagokion arrazoien ondorioz gertatzen delako: Eguzkia amatatu egingo da, baina ziurtasun osoz esan dezakegu gizateria ez dela hemen egongo hori ikusteko. Dena den, zenbaitetan baliabide berriztagarrien ustiapen ez-iraunkorra ematea gerta daiteke. Hori da, esate baterako, baso-eremuen ustiapen bortitzarekin gertatzen dena. Era horretako ustiapenak baso-soiltzea ekar dezake denboran zehar baliabidea mantentzeko beharrezkoa den basoberritzea ziurtatzen ez bada.
Energiari dagokionez aplikatzen diren iraunkortasun-irizpideetan natura-ingurunearen gaineko inpaktuak gutxitzeko eta eskuragarri diren baliabide amaikorrak ahalik eta modu egokienean erabiltzeko kezka etengabea gordetzen da. Hori dela eta, energia-efizientzia hobetzera bideratzen diren teknologiak energia iraunkorraren funtsezko euskarritzat hartzen dira. Dena den, azpimarragarria da energia-efizientzia erdiestera bideratzen diren teknologiak erabiltzeak ez duela bermatzen, berez, hartan nahasitako energia zehatzaren izaera iraunkorra.
Energiaren arloan aplikatzen diren iraunkortasun-irizpideetan gutxieneko adostasuna dago kontu nagusi eta funtsezkoei dagokienez. Hala ere, garrantzitsuak diren beste kontu batzuekin lotuta eztabaida sutsuak ageri dira, esate baterako, erregai fosilek eta energia nuklearrak iraunkortasunean duten zereginari buruz.
Jarraian aipatzen diren bi irizpideen inguruan adostasuna dago:
- Iraunkorrak izateko, baliabide berriztagarriak naturan sortzeko behar den erritmoa handiagoa izan behar da haiek erabiltzeko erritmoa baino (Heinbergen 3. axioma, eta Natural Step delakoaren 3. baldintza.
- Iraunkortasunaren baldintza da, gizakiaren jarduerak (kasu honetan energiaren kontsumoa) eraginda ingurumenera isuritako substantziak gutxitu ahal izatea eta biosferaren funtzioetarako kaltegarriak ez izatea (Heinbergen 5. axioma eta Natural Step delakoren 2. baldintza).
Adostasunik eza jatorria fosiletan duten erregaien (beste alde batetik, haien jatorria eguzkia ere bada) kontsumoaren izaera iraunkorra eta ez-iraunkorra, eta hartako baldintzak bereiztean gertatzen da. Horri dagokionez, muturreko bi jarrera daude:
Ekonomiaren arloan iraunkortasun indartsu gisa ezagutzen denaren aldekoek uste dutenez, erregai fosila atera eta kontsumitzeak planetako kapital naturala murriztea dakar. Murriztearen murrizteaz baliabidea agortu egingo litzatekeenez, jarrera horren aldekoen arabera, erregai fosilen kontsumoa ezin da inolaz ere iraunkorra izan, gorago aipatutako bigarren irizpidea bete ala ez, energiaren kontsumoak ingurumenean duen inpaktua gutxitzekoa (erregai fosilen kasuan, batez ere, berotegi-efektuko gasen igorpena gutxituz).
Bestalde, iraunkortasun ahul gisa ezagutzen den jarrera defendatzen dutenek uste dutenez, egungo gizartean kapital naturala (esate baterako, erregai fosilak) eta giza kapitala (besteak beste, ezagutza eta teknologia) elkarren artean ordezka daitezke eta, horrenbestez, erregai fosilen kontsumoa iraunkortzat jo daiteke baldin eta bigarren irizpidea betetzen bada. Jarrera horren ildotik, giza jakintzak etorkizunean bestelako energia-iturri batzuk (izan berriztagarriak ala ez) lortuko dituela onartu behar da, ordura arte agortzen joan diren energia-baliabideak ordezkatuko dituztenak.
Bigarren jarrera horrek kritika andana jaso ditu garapen teknologikoarekiko fede handiegia izateagatik eta, ere berean, baliabide materialak eta bitarteko teknologikoak alderatzeak ere eztabaida asko sorrarazi ditu. Dena den, iraunkortasun indartsuarekin lotzen den maximalismoak ere jaso ditu kritikak, izan ere, hura zorroztasun osoz onartzeak erregai fosilak kontsumitzeko debekua ezartzea eragingo luke. Hori dela eta, bada muturreko jarrera horien arteko jarrerarik, nahiz eta iraunkortasun indartsura hurbiltzen diren.
Esate baterako, Herman Dalyk "Sustainable Development: Definitions, Principles, Policies", uste duenez, erregai fosilen kontsumoa iraunkortzat jotzeko ezinbestekoa da kontsumo hori izaera berriztagarria izango duten beste alternatiba batzuk lortzera bideratzea, etorkizunean bigarrenek lehenengoa ordezka dezaten.
Bestalde, Richard Heinberg aldez aurretik Albert Bartlettek egindako lanetan oinarritzen da ("Reflections on Sustainability, Population Growth, and the Environment-Revisted") eta, hark uste duenez, iraunkorra izan dadin, berriztagarriak ez diren baliabideen erabilpenak beheranzko erritmoa izan behar du, agortze-tasaren beherakadaren adinakoa dena gutxienez ("Five Axioms of Sustainability". Agortze-tasa denbora tarte jakin batean (normalean urtebete) atera eta kontsumitutako baliabide kopurua da, eta atera daitekeen kopurua portzentajean adierazten da. Bestela esanda, baliabideen ekoizpena zati baliabide horien erreserba, hori da agortze-tasa, eta normalean emaitza portzentajean adierazten da. Petrolioaren kontsumoari dagokionez, irizpide hori dagoeneko gauzatu da Oil Depletion Protocol edo Petrolioa Agortzeko Protokolo izeneko proposamen zehatz batean. Proposamen hori, besteak beste, Oackland (Kalifornia, AEB) hirian aplikatu zen, izan ere, 2008an onartutako Ekintza-plan batean ("Oil Independent Oakland Action Plan") gutxiagotze iraunkor bat proposatu zen, hau da, hurrengo hamarkadetan zehar petrolioaren kontsumoa urtean gutxi gorabehera % 3 gutxitzea.
Zenbait arlotan fisiozko energia nuklearraren iraunkortasuna defendatzen bada ere, jarrera hori oso eztabaidagarria izan da. Alde batetik, hainbat adituk diotenez, energia horren bizi-ziklo osoa kontuan izanez (minerala ateratzen denetik hondakinak gordetzen diren arte, tartean zentralaren eraikuntza igaroz), karbono igorpena are handiagoa izan daiteke gas naturala erretzen duten ziklo konbinatuko zentral termikoena baino ("Nuclear power - the energy balance"). Halaber, ez da ahaztu behar erregai nuklearra ere agorgarri diren mineraletatik lortzen dela eta, horrenbestez, energia horrek erregai fosilek jasotzen duten tratamenduaren antzekoa eskatzen duela. Azkenik, hondakin erradioaktiboak gordetzeko arazoak oraingoz ez du irtenbide argirik eta, horrez gain, istripu nuklear larrien arriskua saihestezina da. Hori dela eta, energia-iturri hori ez-iraunkorra dela berrets daiteke.
Administrazioek badakite energiari lotutako iraunkortasuna erronka handia dela. 2009ko ekainean, Europar Batasunak 2009/28/EE Zuzentaraua onartu zuen, iturri berriztagarrietatik eratorritako energiaren erabilpena sustatzeari buruzkoa. Zuzentarau horretan helburu bat ezartzen da, 2020an Batasuneko energiaren azken kontsumo gordinaren gutxienez % 20 iturri berriztagarrietatik eratortzea, alegia. Halaber, 2020rako beste helburu bat ezartzen da aipatu Zuzentarauan garraio mota guztiekin lotuta, hain zuzen, sektore horretako energiaren azken kontsumoaren gutxienez % 10 iturri berriztagarrietatik eratorritako energia izatea. Era berean, Zuzentarau horretan energia-efizientzia eta energia aurreztea azpimarratzen dira bereziki.
Bioerregaien kontsumoaren ez-iraunkortasunari dagokionez sortutako eztabaida sutsuarekin lotuta, Intermon-Oxfam erakundeak taxututako "Beste egia deseroso bat. Bioerregai-politikek txirotasuna nola areagotzen duten eta klima-aldaketa nola bizkortzen duten" txostenean islatzen denez, 2009/28/EE Zuzentarauan, 17. artikuluan, aurrez aipatutako helburuak lortzeari dagokionez aintzat har daitezen, bioerregaiek bete behar dituzten iraunkortasun-irizpideak zehazten dira. Irizpide horietan, alde batetik, bioerregaien ekoizpenerako ziklo osoa aintzat hartuta, erregai fosil kopuru baliokidearekin alderatuta aipatu bioerregaiaren bidez CO2 igorpenak benetan murrizteko premia barneratzen da. Gutxieneko murrizketa maila hori % 35ean kokatzen da eta 2017an % 50era igoko da, eta are gehiago aurreragoko urteetan. Zuzentarauko eranskinetan jasotzen denez (modu ezberdinetan sortutako bioerregai ugarien igorpen-mailak kalkulatzeko arauak nahiz bioerregai bakoitzaren ohiko eta berezko baloreak jasotzen dira horietan), Europar Batasunean bioerregai dagoeneko ez da iraunkorraren sinonimo. Hori izan daiteke palma-oliotik lortutako biodieselaren kasua edo ikatza errez fabrikatzen den gari-etanolaren kasua.
Era berean, 2009/28/EE Zuzentarauko iraunkortasun-irizpideetan ezartzen denez, dibertsitateari dagokionez aberatsak diren edo karbono-erreserba handiak dituzten lurretatik eratorritako lehengaiak ez dira erabili behar; bioerregaiak ekoizterakoan nekazaritza- eta ingurumen-baldintza gutxieneko batzuk bete behar dira; eta nazioarteko tratatu ugarien eta bortxazko lanari, sindikatu-askatasunari edo haur-ustiapenari buruzko Lanaren Nazioarteko Erakundeko hitzarmenen bidez elkarlotutako herrialdetan.
BAI Berezko Aurrerapen Iraunkorra (Progreso Genuino y Duradero) Programa Ezagunaren testuinguruan, Eusko Ikaskuntzak Energiari buruzko "Energia eta baliabideen ekoizpen eta kontsumo eredu berri baterantz" Kontzertazio Foroa abiarazi zuen 2009ko udazkenean. Foro horren helburua errezeten inguruko ezinbesteko gizarte-eztabaida bultzatu eta aberastea da, energiaren arloan gure gizarteak bizi duen iraunkortasun-krisiari aurre egiteko.
