Arkitektura

Donostiako Renfe tren geltokia

Jatorrizko eraikina

Iparraldeko tren geltokia 1863. urtean eraiki zen Alexander Casimir Letorneur ingeniari frantsesaren proiektua jarraituz. Berak zuzendu zituen Madril-Irun lineako eraikuntza lanak Torquemada eta Irun bitartean. Letorneur-ek soluzio estandarizatuak planteatu zituen trenbidearen tarte honetako geralekuen eraikinentzat. Hauek hiru kategorietan ezberdindu zituen, zerbitzatzen zuten hirigunearen garrantziaren arabera. Horrela, Gizpukoaren kasuan, Donostiako geltokia lehenengo mailakoa izango zen, Gasteizkoa bezala. Bigarren mailan Tolosa edo Zumarragakoak zeuden eta Andoain edo Hernanikoak hirugarrenean.

Donostirako estilo klasizista jarraitzen zuen eraikina aukeratu zen, diseinu apala eta neurriduna benetan. 53 x 9 metro inguruko plantako pabiloia diseinatu zen, altura bakarraduna. Bai aurreko bai atzeko fatxadetan hamabost lehio berdin ireki zitzaizkion. Erdiko hiru lehioen gainetik bakarrik beste planta bat gehiago luzatzen zen eraikina. Goiko planta horretan beste hiru leiho ireki ziren hiru balkoitara. Emaitza, beraz, eraikin simetrikoa, konposaketa aldetik sinple eta erregularra, apaingarri gutxiduna, leiho, eskantzu eta erlaitzera mugatuak. Egitura aldetik ere eraikin sinplea egin zen: habearte bakarrekoa, horma perimetralak forjaketa eta estalkien oinarri izanik. Estalkiak bi isurialdekin egin ziren, goiko pisukoa ezik lau isurialde baitzituen. Bukatzeko, burdinezko markesina ere egin zen nasa nagusia estaltzeko.

Eraikina 1864ko abuztuan zabaldu zen, linea berria estreinako aldiz zeharkatu zuen trena iritsi zen egunean.

Renfe_Donostia

Lehenengo handitzea eta estalki berria

Uda garaian turista kopuru handia iristen zela eta, laster geltokia txikia geratu zen. 1888an eraikinaren handitze lanak bukatu ziren, oraingoan Albert Biarez injeniari frantsesaren esanetara. Alde batetik hasierako pabiloia handitu zen eta, bestetik, nasak eta trenbideak babestuko zituen estalki handia eraiki zen.

Eraikinari L formako jarraipen bana atxikitu zitzaizkion muturretan. Hauetan erabili zen lenguaia eta konposaketa eraikin zaharrenaren jarraipen ziren. Planta berriak burdinezko markesina berria jaso zuen aurrekaldean. Aldi berean, erlaizak luzatu zitzaizkion pareta zati berriak eraikiz hormen gainetik. Hauek aipatutako estalki berria jasotzeko balio izan zuten.

Renfe_Donostia

Geltokirako diseinatu zen estalkia XIX. mendeko industri iraultzako "burdin arkitekturaren" erakusle da. Are geihago egitura osatuko zuten elementuak Gustave Eiffel et Compagnie enpresan ekoiztuak izanagatik. Polonceau motako zertxak erabili ziren 20 metroko argia salbatu ahal izateko. Egitura guzti hori aipatutako paretatxoetan eta burdinezko zutabe berrietan ezarri zen. Ipar eta hego muturretan beirate sinple batzuekin itxi zen. Estalpearen erdigunean argizuloa eratu zen egunez argi naturala nasa eta trenbidtara igaro zezan. Hiruki formako egitura izanda, material kantitate minimoa erabili ahal izan zen. Bai arima arindudun habe edo goi-lokarriek, bai tiranteek horren berri ematen digute. Guzti honen emaitza multzo arin eta fina izan zen, pabiloilaren arkitektura pisutsuarekin kontraste nabarmena eraginez. Eraikina garai hartan ematen ari zen tradizio eta modernotasunaren nahasketaren ispilu bihurtu zen.

Renfe_DonostiaRenfe_Donostia

Bigarren handitzea

1905ean, Maria Cristina zubiaren eraikuntzarekin batera, geltokia berriro handitu zen. Oraingoan hegoalderuntz bakarrik hazi zen, horrela, zubiak irekiko zuen perspektiba berriari bere neurriko atzealde eraiki bat eman nahian. Gainera, oinezkoentzako burdinezko pasagune berria ere egin zen trenbideen gainetik Egia auzora zeharkatzeko. Azken hau zubiaren ardatzaren jarraipen gisa ulertu daiteke.

Bi gorputz jarrai berri atxikitu zitzaizkion eraikinaren hego muturrari. Lehenengo, pasarelara igotzeko eskailerei harrera emateko arkupea eta jarraian, geltokiaren bulego berriak. Konposaketa aldetik oso desberdinak egin ziren bi zatiak. Arkupean estilo eklektikoa erabili zen horniduraz jositako elementua sortuz, zubiaren lenguaiarekin bat zetorrena. Bulegoetan, aldiz, ordurarteko geltokiko lenguai berdin-berdina jarraitu zen. Emaitza kontraste handiko fatxada berria izan zen, zubiaren ardatzarekiko simetrikoa eta monumentaltasun zipriztinekin.

Renfe_DonostiaRenfe_Donostia

XIX. mendeko azken urteetan hotel bat altxa zen geltokiaren ondoan, urteekin ere asko eraldatu dena. Nahiz eta eraikin independientea izan, haren arkitekturarekin sintonian dago guztiz.

Azken berriztapenak

Geroago, aipatutako azken bulegoei pisu bat gehitu zitzaien eta 1922an, pasagunea hormigoizko berri batek ordezkatu zuen, 1999an berriro ere burdinezkoa berregin zelarik.

Aurrerantzean geltokiaren kanpo itxurak ia aldaketarik ez du izan. Barnekaldea aldiz bai joan da eraldatzen momentu ezberdinetako beharretara egokituz.

XXI. mendean, Abiadura Handiko Trena Donostitik igarotzeko erabakiak bidaiari garraigobide ezberdinen hiriko terminalak zentralizatzeko nahia ekarri du. Iparraldeko geltokiko ingurua aukeratu da elkargune. Alderdi hontarako honako hau aurrekusi da: tren geltokiaren birmoldaketa eta handitzea abiadura handiko lineara moldatzeko eta autobus geltoki lurperatu berriaren eraikuntza, lehenegoarekin konektatua egongo dena.

2014-an Donostiako Udalak Hirigintzako eta Eraikitako Ondarea Babesteko Plan Berezia indarrean jarri zuen. Bertan Biarez-en burdinezko estalkia eta arkupea babesten dira eta, beraz, geltokiaren proiektu berriak elementu horiek soilik errespetatu beharko ditu derrigorrez.

Autobus geltokiaren eraikuntza lanak hasi orduko, 2013an, tren geltokiko hego muturra eraitsi dute eta baita arkupea desmontatu ere.

Renfe_DonostiaRenfe_Donostia