Donostiako Renfe tren geltokiaren eraikuntza egitasmoa, XIX. mendeko bigarren erdi hasieran burutua, Iberiar penintsulako lehen trenbide nagusien eraikuntza hasiberriaren testuinguruan ulertu behar da.
XIX. mendean trena iritsi eta garatu zen industrializatze prozesua bultzatuko zuen garraiobide gisa. Espainian eskualdeko trenbide sare dispertsioa ehuntzen hasia zen dagoeneko XIX. mende erdian. Urte gutxitara, hirurogeigarren hamarkadan, ibilbide luzeko hainbat linea estreinatu ziren, bide zabaleko formatuan, haien artean lehena Madril-Irun trenbidea izan zelarik. Honek hiriburua Frantziarekin lotuko zuen. Estatuko lehen trenbide internazionala izan zen gainera, baita euskal lurraldea igarotzen aurrenekoa ere, Gasteiz, Altsasu eta Donostiatik Frantziako mugaraino. Aldi berean Bilbo eta Tutera arteko trenbidea eraiki zen, bi trenbideen arteko lotura Miranda de Ebron eginez.
Trenaren etorrera Donostiara bat dator hiribilduko harresien eraistearekin eta hura zabaltzeko lehen planen onespenarekin. Hain zuzen ere, lehen hiri-zabalgune egitasmoa 1864. urtean onartu zen. Honek hiria hegoalderuntz zabalduko zuen, Kontxako badia eta Urumea ibaiaren arteko padurak okupatuz. Hiriaren zabalkuntzaren lehenengo hamarkadetan ibaiaren ezkerraldeak etxebizitza egoitza berriak jaso zituen einean, eskuinaldea zerbitzu edo industriarako erabileretara bideratu zen nagusiki. Eskema horrekin bat eginez, tren geltokia ere ibaiaren beste ertzean kokatu zen, trenbidea handik igarotzen baitzen. Urte askotan zehar Atotxako zezen plaza eta Tabakalera lantegia izango zituen bizilagun bakar. 1905ean, hego-zabalgunea jada betetzear zelarik, Maria Cristina zubia eraiki zen hiri berria eta trena zuzenean komunikatuko zuen bide bilakatuz.
