Jaialdiak-Ekimenak

Donostiako Danborrada

Inauterietako lehenengo bertsio haiek danborrada eratuko zuten beranduago, eta, denborak aurrera egina ahala, zenbait elementu erantsi zitzaizkion, festa gaur egun dena osatu arte. Raimundo Sarriegui musikagileak Donostiako Inauterietako errepertorioa idatzi zuen, eta musikak jaiegunen artean banatu zituen: San Sebastian eguna eta Sardinaren ehorzketa, galdaragileak Inudeak, Inauterietako martxa, Momo jainkoari ongietorria, eta abar. 1881ean, Udalak San Telmoko kuartelean gordeta zeuden danbor zaharrak banatu zituen danborradako elkarte antolatzaileen artean, eta, urtebete beranduago, gauza bera egin zuen Napoleonen tropen jantziekin. Horrela, 1882. urtean, lehen aldiz uniformatuta atera ziren, eta, 1886an, danborrei upelak batu zitzaizkien. Hortaz, ezin zaio danborradari desfile militar baten izaera eman, nahiz eta izpiritu militarra izan, eta ezin da 1813ko abuztuaren 31n hiria suntsitu zuten gertakariekin lotu, danborrada ez zelako danborrekin eta traje militarrekin jaio... Era berean, ezin liteke inolaz ere esan soldaduei iseka egin nahi zienik, ezinezkoa litzatekeelako garai hartan horrelakorik baimendu izana; baina esan liteke gerra eboluzioen jai-imitazioa zela. Orduz geroztik, danborrada berezko nortasuna hartuz joan da, eta urte batzuk beranduago, Unión Artesana elkarteak proposatu zuenean tradizioa berreskuratu eta danbor joleak "usadio zaharrean" jantzi zitezela -hots, inauterietako mozorroekin- , horrenbeste kritika egin zizkioten, ezen ez zen berriz ere saiatu. XXI. mendean ere, donostiarrek ez dute gustuko danborrada eta inauteriak nahastea. Are gehiago, festa biak elkarrengatik bereizteko hitzak erabiltzen dituzte: danborradako parte-hartzaileak jantzi egiten dira; inauterietakoak, ordea, mozorrotu.