Jaialdiak-Ekimenak

Donostiako Danborrada

Donostiako danborradaren fenomenoa ulertzeko, hiriko historiari errepaso laburra eman behar zaio hiriaren sorreratik hasita, duela mila baino gehiago "el antiguo" izenez ezaguna den Donostiako elizan kokatzen dena. Izan ere, eliza horren inguruan ezarri ziren lehenengo donostiarrak. Aldi berean, badiaz bestaldean, Urgull azpian arrantzale talde bat bizi zen, egun Alde Zaharra denaren hasieran. XII. mendean, Antso Jakituna nafar erregeak hiriaren fundazio-akta igorri zuen. Kokaleku estrategiko batean zegoenez, hurrengo erregeak hiria harresituz joan ziren, eta Gotorleku Militar edo Gerra Gotorleku izaera eman zioten. Haatik, 1863an, harresiak eraitsi, eta herri zibil bihurtu zen. 1597an, garai hartan Donostiako auzo zen Pasai San Pedron, izurritea eman zen, eta jainkozale asko joan ziren Donostiako eliza zaharrera, santuari babesa eskatzera. Gaixotasuna menperatuta, santuarenganako eskerronaren adierazle, donostiarrek zin egin zuten urtarrilaren 20an San Sebastian eguna ospatuko zutela urtero. Ospakizun horretan, prozesio hiritar-erlijiosoa egiten zen, musika, dantzariak eta gainontzeko parafernalia barne, eta santuaren erlikia Santa Mariatik Antiguoraino eramaten zen, gaur egun Kontxako pasealekua den hondartzan zehar.

Inolako erantzunik jaso ez bazuen ere, Udalak hainbatetan eskatu zion elizari jaieguna udara aldatu zezan, klima hobea zelako, eta jaieguna kentzeko aukera aproposa ere ikusi zuen Independentziaren Gerran, 1813ko abuztuaren 31ko erasoan erlikia desagertu egin baitzen. 1831n, Udalak prozesiora gehiago ez joatea erabaki zuen, eta elizak baimena eman zion jaieguna harresien barruan egin zezan, Santa Maria elizaren barruan, zehazki. San Sebastian eguna ospatzeko ohitura zaharra aldatu zen, eta ospakizuna hiriko harresien barruan egiten zuten soilik, hau da, Alde Zaharrean. Gainera, eguna Inauterietatik hurbil zegoenez, Donostiako Inauterien lehenengo eguna bilakatu zen.