Kontzeptua

Doneztebeko Trapatana

Dantza edozein egunetan egiten bazen ere, protokolo handiena jai ospetsuenetan egiten zen, batez ere Corpus egunean eta San Pedro, ekainaren 29an. Soka-dantza guztietan bezala lehen dantzariaren papera oso inportantea da. Garaian, udaleko batek, askotan alkateak, hartzen zuen paper hori, danbolin nausik izena hartuz (Eraso Alduncin 1996:35). Beste pertsona bat aukeratua izan zen azken lekua hartzeko.

Gizonezkoek osatzen dute soka musika lasai baten laguntzaz, plazan bueltak egiten hasiz eguzkiaren norabidean, hots, erlojuaren kontran. Musika aldatzen denean, aurretik atzera banan banan agurtzen dute elkar aunitz urtez! esanez eta txapela jantziz. Berehala mutil-dantza hasten da, antza handia duena Lanz edo Baztango zortzikoekin bai dantza beraz bai musikaz. Lehen atala lehen dantzarik soilik egiten du, besteak errepikapenean sartuz.

Beste musika batez, neskak sartzen dira mutikoekin soka osatuz. Eskuen artean zapi handiak eramaten dituzte, erreforma ilustratuen ondorioz gertatu zen bezala (Sánchez Ekiza 1999). Orduan, eta soka-dantzetan ohikoa denez, zubia egiten da, hots, dantzari guztiak pasatzen dira lehen bi dantzariek goian jartzen duten zapiaren azpian. Tradizioaren arabera (Eraso Alduncin 1996:37), zubi honen helburua dantzarien azterketa zen, eta besteekin dantzatzeko eskubiderik ez zuten bat aurkitzen bazen zapia jaisten zen bere aurrean eta orduan soka utzi behar zuen. Dantzan gizarte-kontrola ere nabaria zen ezkondu gabeko amekin, dantzatzeko mototsa eraman behar zutela eta, ezkonduak bezala.

Sokaren buruak orduan zortzikoak dantzatzen ditu, 5/8ko konpaseko zortzikoak, zortziko erritmoan alegia. Lehenago bezala, lehen dantzarien ostean, besteek ere, bai mutikoek bai neskek, errepikatzen dute dantza. Gelditu gabe, Europa osoan jotzen den kontradantza baten musikaz segitzen da dantzari, eta berriro eten gabe Trapatan. Honen abiadura oso azkarra da, baina zaila da ezer desonestuz pentsatzea: pauso berezienean mutikoak albo batera eta bestera joaten dira, nesken aldean bukatuz. Ohikoa denez, hau bukatuta, fandangoa, arin-arina eta biribilketa egiten dira.