Literatoak

Diaz Esarte, Xabier

Ezkaroze, 1951.

Irakasle ikasketak egin ondoren Iruñeko udal ikastolan aritu da eskolak ematen. Eta bere ibilbide literarioa, batez ere antzerkiarekin loturik ageri bada ere, 1981ean Navarra saria eskuratu zuen, Miguel Sánchez Ostizek bezala, nobela laburreko arloan Gracia que esperamos obtener lanarekin. Nobela hori, baina, ez zen argitaratu hogei urte berandura arte guztia berridatzi ondoren eta beste izenburu bat zuelarik: Tiza negra (Txalaparta, 2001). Autobus bidaia batean giroturiko nobela horretako protagonista herri eskola bateko maisu bat da, eta bidaian zehar, bizitzaren bidaia ere egiten du frankismoaren kontrako giroa -maquien istorio bat ageri da txertaturik hemen, saritutako lanean ageri ez zena-, haur eta gaztaroa, euskal nortasuna eta sexu harremanen hasiera bezalako kontuak gogora ekartzen dituelarik.

Nobela labur horrez gain kazeta artikuluak idatzi ohi ditu Diaz Esartek eta arlo horretan ere hiru aldiz eskuratu du San Fermin nazioarte lehiaketa. Baina, arestian aipatu bezala, idazle honen sor lan, batik bat, antzerkiari loturik ageri zaigu. Hastapenetan berak autoeditatu ondoren argitaratu zen Sei haur-komedia, a zer nolako komeria! (1995) eta bi urte beranduago, Iruñeko Udalak argitaratuta, hainbat lehiaketatan sarituriko antzez lanak plazaratu ziren Teloiaz bestaldean: haurrendako antzerki testuen lehiaketa (1994-95-96) liburuan. Ondoren, Donostiako Erein argitaletxean kaleratu ziren bere haur antzerki liburuak: Mito, mito eta kitto! (1999) izenburuak adierazi bezala pertsonaia mitologikoetan oinarrituta eta Zape, katu jauna (2002), umore tonuan idatzirik, Casonaren Don Gato, Tom eta Jerry edo Pérez sagutxoaren aipamenak ere jasotzen dituen obra ongi egituratua.

Diaz Esartek Nafarroako Antzerki Eskolarekin harreman estua izan du urte luzez eta Antzerti aldizkarian (12. zenbakian, 1999 urtean) idazle eta antzerki-zuzendarien arteko harremanez ari delarik, honako hau zioen bere buruaz:

"Mota askotako antzerki-idazleak ditugu. Batzuk, posesiboak, xurgatzaileak, egozentrikoak, jeloskorrak, beraiek sorturiko kumearen geroaren zaindari dabiltzanak. Bestetzuk, neurri batean, aitatasun horri muzin egin nahiago dugu (barka gonbarazio biologikoa), eta bedeinkapen osoz agurra ematen diogu testoari bere kabuz gara dedin, edozein zuzendariren irizpide partikularrek molda dezaten ikuspegi berriz. Montaiaren jardueran, gidoia hazi egiten da eta purgatu, une motelak eta párrafo mordoilak desagertaraziz".

Alde horretatik Xabier Diaz Esartek idatzitako lanak antzezteko eskaintzen ditu, baina testu horiek irakurgai gisa ere erabil daitezke ("Lehen Hezkuntzako Hirugarren Mailatik gorako ikasleekin irakurtzeko testua da. Oso aproposa laugarren edo bosgarren mailakoekin antzezteko" diosku Zape, katu jauna liburuaren hitzaurrean); hots, bi hartzaile eta bi helburu ezberdin dituzten lanen aurrean gaude, baina beti ere haur antzerkia bultzatzeko asmo sendoarekin Sei haur-komedia, a zer nolako komeria! Liburuaren hitzaurrean ageri bezala:

"urterik urte plazaratzen den antzerkigintzako produkzioa ere ez da batere oparoa eta hutsune hori ez da beteko plazaratzen dugun oraingo liburu honekin ezta beste dozenarekin ere, hain da nabaria beharra! Hala ere, zenbat eta gehiago argitaratu, gero eta aukera zabalagoa. Akumulazio prozesu batean gaude. Gisa honetako liburuxkak abiapuntu lirateke beste idazleen estimulu eta kalitateari eragiteko."

2002an, bestalde, antzerki lan bat argitaratu zuen gazteleraz: Tierra trágame (Horixe Diseño), lan hau lau urte lehenago Nafarroako Gobernuaren Ingurugiro sailak eginiko enkargu bat zen, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako ikastegietan erabil zedin.

Eta urtebete lehenago, 2001ean hain zuzen, Diaz Esarteren Escuela y lenguaje publicitario: eslogan es lengua izeneko lana argitaratu zuen Nafarroako Hezkuntza eta Kultura sailak.

Beraz, aurretik esan bezala, antzerki arloan, eta batik bat haur antzerkian, nabarmendu arren, Xabier Diaz Esartek bestelako generoak ere landu izan ditu bere ibilbide literarioan zehar.

  • DIAZ ESARTE, Xabier. "Horra hor autorea", Teatro Antzerti 12, 7, 1999.
  • DIAZ ESARTE, Xabier. Sei haur-komedia, a zer nolako komeria! Egilea editore, 1995.