Kontzeptua

Demografia

Demografiaren esanahi etimologikoa populazioaren azterketa dugu (demos: herria; graphein: deskribapena, trazua). Achille Guillardek (1855) erabili zuen lehen aldiz demografia hitza, zentzu zabalean "gizadiaren historia naturalaren eta sozialaren ikerketa" eta zehazki "populazioaren ezagutza matematikoa, bere oinarrizko mugimendu (eta) bere egoera fisiko, zibila, intelektuala eta moralaren" azterketa zela adieraziz. Hasierako definizio honetan agertzen dira, dagoneko, demografiaren bilakera teoriko zein metodologikoa gidatuko duten bi ikuskerak. Alde batetik, estatistika eta datuak aztertzeko teknikak demografiaren muintzat hartzen dituen jarrera; bestetik, demografiak giza zientzietako beste arloekin duen harremanari zentralitatea ematen dion ikuspegi zabalagoa. Izan ere, diziplinaren hastapenek ekonomia eta antropologiarekin zerikusi handia izan zuten.

Hiztegi eta eskuliburuak kontsultatuz gero, horrelako definizioak topa ditzakegu:

"Herriak, gizataldeak, deskribatzen eta aztertzen dituen jakintza (jaiotza eta heriotza kopuruak, biztanle kopuruak, migrazioak, etab.)."

(Entziklopedia laburra).

"Giza populazioen egoerari buruzko azterketa koantitatiboa egiten duen zientzia. Bereziki biztanleen kopurua, dentsitatea, hazkundea, banaketa eta mugimenduak aztertzen ditu."

(Harluxet Hiztegi Entziklopedikoa).

Populazioaren Ikerketa Zientifikorako Nazioarteko Elkarteak (IUSSP) argiratutako hiztegiaren arabera, demografia giza populazioaren ikerketa objektutzat duen zientzia da, horren dimentsioa, egitura, bilakaera eta ezaugarri nagusiak batez ere ikuspuntu kuantitatibotik aztertzen dituen diziplina izango litzateke.

Livi-Bacci (1993) demografo ospetsuaren esanetan, demografia populazioaren azterketa dela esatea hitzaren esanahi etimologikoa itzultzea baino ez da, demografiaren zeregina zertan datzan ulertzeko inolako ekarpenik egin gabe. Demografo italiarraren ustez, demografia zer den zehazteko diziplina honen ikergaia, populazioa alegia, definitzea ezinbestekoa da. Laburbilduz, populazioa egonkorki osatutako norbanakoen multzoa dugu, ugalketa-loturak dituena eta lurralde, politika, legea, etnia edota erlijio ezaugarriak partekatzen duena.

Beraz, demografiaren objektua pertsonen bizi-konstanteen azterketa da, modu zabalean ulerturik eta multzoka ikertuta. Hots, demografiak oso gertutik bizi ditugun fenomenoak behatzen ditu, gure intimitatearekin estuki lotuta dauden eta gure bizitzaren oinarriak diren gertakizunak alegia. Hausnarketa honek demografiaren bilakaera ulertzeko oso garrantzitsuak diren bi ondorio ditu.

Hasteko herri ikuskera demografikoa (Luxán; 2001) aipatuko dugu. Jendeak portaera demografikoen bilakaera eta egungo egoera laburbiltzen dituzten ideia orokorrak ditu. Iritzi hauek ikuskera historikoa eta gertatutako aldaketak ere jasotzen dituzte. Gehienetan, herri ikuskera hau topiko eta estereotipotan oinarrituta dago eta sarritan salbuespen egoeraren normalizazioa eragiten du, ez ohikoak izan diren portaerak normaltasun eredutzat joz. Honen adibide argia dugu XX. mendeko familia-eraketa prozesuen inguruko diskurtsoa. Izan ere, aurreko belaunaldiekin alderatuz gero, baby-boom garaian bikotea eratu eta guraso bilakatu ziren pertsonak oso gazteak ziren ezkondu eta umeak izan zituztenean. Gazte hauen ez ohiko portaera, ordea, geroko belaunaldien jokabidea aztertzerakoan eredutzat erabili da, denbora luzean gauzak horrela gertatu izan balira bezala jokatuz eta imaginarioan halako irudiak txertatuz.

Bestetik, populazioa esplizituki edo inplizituki imaginario sozialean erreferentzi garrantzitsua bilakatu da (Domingo; 1998), eta diskurtso zein erabaki politiko asko argudio demografikoak erabiliz legitimatzen dira. Zentzu honetan, herrialde batzuen hazkunde demografikoa pobrezia eta ingurugiroaren degradazioarekin lotu izan dute diskurtso politikoek eta horien arabera abiatutako garapen politikek. Beste herrialde batzutan, aldiz, zahartze demografikoak osasun sistema publikoaren hondamendia eta bertako kulturaren desagerpena ekarriko dituela ziurtatzen dute. Erretiro-pentsioen murrizketaren inguruko diskurtsoak, adibidez, zuzenak ez diren argudio demografikoetan oinarritzen dira.