Dantza

Dantza zirkularrak

Aipatutako dantza horien esanahira hurbiltzera eraman gaitzaten interpretagarri (hermeneutiko) liratekeen arloetariko batzuk inbentariatzeke gelditzen zaizkigu. Lan oso zaila dugu, batez ere herri bakoitzak, auzo bakoitzak, mugimendu jakin batzuk bere bezala jaso dituelako,eta beste hainbeste exogenotzat. Agurtzerakoan burua makurtzea hilarenganako edo biziarenganako itzalarekin uztartzen duen ekialdeko kulturaren muturrera iritsi gabe, sakoneko azterketarik gabeko aldebakarreko interpretazioen aurrean, ikuspegi sinplista edo datuen estrapolazio etnografikoen aurrean adi egon beharko genuke.

Hemen ikertzaileek eskaini dituzten iritzietariko -horretara erabili behar ditugu- batzuk ikusiko ditugu. Dantzaren martxarekiko norabidearekin hasiko gara (erlojuaren orratzak dutenaren norabide berekoa edota aurkakoa), zapien erabilerarekin jarraituko dugu eta ondoren "zubiak" edo dantzari bik altxatutako eskuen azpitiko pasabideak aztertuko ditugu, eta dantza zirkularraren izaera mistoarekin amaituko dugu.

Curt Sachsek, Dantzaren historia unibertsala idazlanean geureganatzeko azalpen erraz eta xumea eskaintzen digu: iparraldeko hemisferiotik ikusita, eguzkiaren abiada ezkerretik eskumara doa, erloju-orratzen ibilbidea, (alderantziz da, ordu-ibilbideak eguzkiarena gogoratzen du) nolabait esatearren, jarraituz. Horrela, bada, horretara egindako dantzak eguzki-kosmologiari (adibidez, dervicheenak bezala) erantzuten diote.

Ilargiak ere bere ibilbidean eguzkiari jarraitzen dio, baina egunetik egunera geroago eta gehiagoko atzerapena dario. Askoz motelagoa da, eta, beraz, eguzkiaren aurkako bezala ikusten dugu. Ondorioz, erloju-orratzen aurkako mugimendua -ipar hemisferioan- gurtze selenitari uztartuta gelditu izatea, eta beraz, ilargia -Carl Gustav Jungen arabera- Ama Lurrarekin eta emalegearekin uztartzen denez, erloju-orratzen aurkako ibilian egindako dantzak -beraz, eguzki bidearen aurkakoak- dantza teluriko edo ilargiarenak bezala geure gain hartu beharrekotzat jo beharko genituzke. Hau da euskal dantzen kasua, Mariren50 izenean Naturaren jainkosaren inguruan sortutako inguru mitikoan egindakoak izanez.


50 MARTIN BOSCH, Pablo A. (1994), Hermenéutica de la danza vasca, EHUan aurkeztu eta argitaratu gabeko doktore tesia.

Koreografiari eman diezaioketen koloreaz gain, zapiak beste gizarte-zeregin bat ere izan dezakete: zapiak bestearekin identifikatzea ekarri dezake, gurekin dantzan egiten duenarekiko maitasun-adierazpena, baina, aldi berean, dantza-taldea indarkeriarik gabe uzteko aurrekoari askatasun nahiko ematen dio eta atzamarren mugimenduaren bitartezko zifratutako mezu-transmisioa -ideia hau Juan Antonio Urbeltzek eskaini zigun eta beioako, beraz, gure esker ona- eragozten du.

Tradizioz, eta Resurrección Maria de Azkuek egiten duen aipamenaren bitartez, zubiak (dantzarien altxatutako besopeetatik igaro izana) dantzan parte hartzen zuenak horrela jarduteko duintasuna zeukanaren erakustaldi bat bezala aintzat hartuak izan dira, zeren, aurkako kasurako -umeen jolas batzuetan agertzen den bezala- zubia itxi egiten baizen.

Hortik beste euskal dantza guztietara estrapolatu egin da, kasu guztietan gauza berdina zela aintzat hartuz eta dantzaren norabidea aldatzeko eta antzekoetarako era arrunt bat dena gogoan hartu ere egin gabe.

Azkenez, dantza zirkularrak gizarte-dantza eta/edo dantza mistotzat lez jotzea ez omen dator errealiteari erantzutera, mutil dantzak emakumezkoen partaidetzarik onartzen ez dutelako, soka dantza batzuk emakumeari ikusle izaten besterik ez diotelako uzten, eta, zinta-dantzan ere, egun emakumeek bakarrik egiten duten arren, arinago gizonezkoak dantzatua zelako.

Ez dugu gizarte-inguruan dantzaren izaera integratzailea ukatu nahi baina interpretaziorik ematerako orduan zuhur jokatu beharrik badugu.