Pintoreak

Crespo Lafuente, Ildefonso

Ildefonso Crespo 1898ko urtarrilaren 23an jaio zen Iruñean. Pintore, dekoratzaile eta muralgilea izan zen.Fausto Crespo pintore industriala zuen anaia. 1985eko abuztuaren 12an hil zen Gasteizen, laurogeita zazpi urte zituela.

Garai hartan Iruñean bizi zen familia-burua, musikari militar ogibidez. Denbora batera, ezkontideak Gasteizera itzuli ziren haien bi semeekin, hangoa baitzen Soledad Lafuente emaztea. Arabako hiriburuan beste sei seme-alaba izan zituzten. Bere anaia nagusiak bezalaxe, Arte eta Ofizioen Eskolan egin zituen ikasketak, Campillon, Ignacio Diaz Olano maisuarekin.

Profesionalki, imitazio artistikora bideratu zuen bere karrera Ildefonso Crespok. Zura, marmola eta bestelako material batzuk erabiltzen zituen langintza horretarako. Hala, 1917tik gerra zibila amaitu artean Pintura Crespo lantegiaren arduradun nagusia izan zen. Gatazkaren ostean, Madrilera jo zuen lan-mundua zabaldu asmoz. Han Fausto anaiarekin elkartu zen, ordurako hainbat urte eman zituena Manzanares inguruan. Eduardo Chicharroren estudioan osatu zuen bere prestakuntza artistikoa eta hura bezala marrazkiarekin tematu zen. Halaber, irakasle madrildarrak bezala, kolorea ongi maneiatzen zuen eta formatu handiko konposaketak zituen gogoko.

Enkargu asko izaten zituenez, maiz itzultzen zen Gasteizera. Berez, sekula ez zuen harekiko lotura hautsi. Horrela, 1947an Florida Antzokirako ahokadura dekoratu zuen. 1951ean dagoeneko desagertu den Cinema Vesa Handiaren atondoa apaindu zuen. Halaber, Juan Arregui Garay enpresariak Gamarrako industrialdean zuen fabrikaren alboko eraikin batean zituen safarietako dekorazio-hondoak berak egin zituen.

Orobat, Dato kalean paratzen den Goya gozotegiko, Independentziaren kalean lekutzen den Ibarrondo lurrindegiko eta Frai Francisco Ibilbidean kokatutako Virgen Niña Ikastetxeko muralak egin zituen. Era berean, Gasteizko hainbat kafetegi apaindu zituen, besteak beste, San Prudentzio kaleko Dakar eta Manuel Iradier kalean dagoen Napoli. Horrez gain, La Andresa jatetxeko jangela dekoratu zuen. 1975ean Gasteizera itzuli zen bertan behin-betiko geratzeko asmoz, bere azken urteak atsedenean bizitzeko.

Erretiratu ostean, lan-eginkizunak alboratuta, pintzelak hartu zituen. Modu horretan, hainbat margolan txukun taxutu zituen. Edozelan ere, sekula ez zuen astoa utzi, izan ere, aro arras ezberdineko obrak gordetzen dira. Bakarkako bi erakusketa baino ez zituen antolatu. Lehena 1974ko urtarrilean, haren iloba Jesus Crespo dekoratzailearen laguntzarekin. Bigarrena, 1977ko uztailean egin zuen.

Bigarren erakusketa horretan Aramaioko paisaiak, Arabako hiriburuko ikuspegi eta txokoak, loreak eta natura hilak zintzilikatu zituen. Halaxe jaso zuen Eduardo Martinezek, 1999an, Ildefonso eta Fausto anaiak omentzeko Caja Vital Fundazioak antolatu zuen omenaldirako katalogoan.

Paisaia, loreak eta natura hila gai adierazgarriak izan ziren bere ibilbide sortzaile osoan zehar. Dena den, horrez gain, bere senitartekoen erretratuak ere marraztu zituen Ildefonsok, esate baterako, aitarena, Simona Sainz de Cortazar emaztearena eta Raquel eta Olga alabenak. Orobat, emakume, ume eta arraza ezberdinetako pertsonen biluzi kolektiboek erakarri egiten zuten. Pintatu zuen azken mihiseak, hil aurreko data duena, Las tres razas izena zuen.

Gainera, zantzu sinbolistadun hainbat margolan egin zituen, esate baterako, Vida humana izenekoa, dimentsio handiko sorta; erlijiozko hainbat eszena konposatu zituen eta iraganeko maisu handien obren kopiak moldatu zituen (Leonardo, Rubens, Hals, Murillo, Goya, etab.).

  • MARTÍNEZ, Eduardo. Catálogo Exposición Homenaje a Fausto Crespo-Ildefonso Crespo. Luis de Ajuria Aretoa, 1999ko urtarrilaren 4tik-21 arte. Gasteiz: Vital Kutxa Fundazioa.