Pintoreak

Crespo Lafuente, Fausto

Pintore industriala eta dekoratzailea. 1896ko azaroaren 19an jaio zen Gasteizen eta 1965eko martxoaren 17an zendu zen Madrilen.

Gasteizko Arte eta Ofizioen Eskolan marrazketa ikasketak egin zituen. Ikastetxe hori Gasteizko mendixka zaharrean zegoen orduan, Campillo inguruan.Ignacio Diaz Olano izan zuen maisu. Gerora, pintura industrialak erakarri zuen. Clemente Arraizen lantegian errotulatzaile izateko prestakuntza jaso zuen. 1916an Madrilera jo zuen eta bertan eman zuen denboralditxo bat. Hurrengo urtean Gasteizera itzuli eta "Pintura Crespo" ireki zuen bere anaia Ildefonsorekin batera, Ortiz de Zarate kaleko 11. zenbakian. 1919an senitarteko batek Argentinako Errepublika bisitatzeko gonbitea luzatu zion. Lau urte eman zituen herrialde horretan, abeltzain aberats baten lurrak mantentzen. 1923an itzuli zen Gasteizera. Denbora gutxi egon zen Arabako hiriburuan, izan ere, berehala Madrilera jo zuen eta han aritu zen behin-betiko pintore industria modura. Francisco Ricci kaleko 13. zenbakian pintura artistikoko lantegia ireki zuen. Francisca Muñozekin ezkondu eta bi seme izan zituzten: Fernando eta Roberto.

Zinema eta antzokien dekoratzaile modura nabarmendu zen. Halaber, altzairu, takiloi eta oheen marketerian bere maisutasuna erakutsi zuen, izan ere, pieza horiek, gero, erliebe, marrazki eta pinturekin apaintzen zituen. Astoko pinturari dagokionez, artearen ikuspegi tradizional batean garatu zuen bere ibilbide osoa. Marrazkiaren teknikarekiko joera handia zuen. Ez zen azalera deigarrien aldekoa. Aitzitik, koloreak trementina-esentzian disolbatu eta moldatzearen zale zen.

Irudiaren konposaketak erakartzen zuen: erretratuak (auto-erretraturen bat ere bai), eszena herrikoiak eta biluzi femeninoak pintatu zituen, aldian-aldian neskato mairu eta ijitoen irudiek ere erakartzen zutelarik. Cercedillako paisaiak islatu zituen eta baita Madrilgo mendialde horretan zuen etxebizitza ere. Horrez gain, kostaldeko eta itsasoko gaiak pintatu zituen, eta baita natura hilak ere. Orobat, erlijiozko konposaketak landu zituen, horien artean, Collado Medianoko parrokia-elizarako (Madrileko probintzian) egin zuen Andre Maria Birjinaren Sortzez Garbia azpimarratu behar da.

1999ko urtarrilean Caja Vital Fundazioak erakusketa bat antolatu zuen Fausto eta Ildefonso Crespo anaien omenez. Luis de Ajuria Aretoan egin zen. Katalogoko testuak Eduardo Martinezek idatzi zituen (Eduma), omenduen ahaideak.

  • MARTÍNEZ, Eduardo. Catálogo Exposición Homenaje a Fausto Crespo-Ildefonso Crespo. Sala Luis de Ajuria, 1999ko urtarrilaren 4tik-21era. Gasteiz: Vital Kutxa Fundazioa, , 4-21 urtarrila, 1999.