Pintoreak

Arraiz Inchaurraga, Clemente

Pintore arabarra; Gasteizen jaio zen 1873ko abuztuaren 1ean, eta hiri berean hil zen 1952ko azaroaren 9an.

Ibilbide profesional eta artistiko osoa Arabako hiriburuan egin zuen. Lehen urrats piktorikoak Gasteizko Arte Ederren Akademian eman zituen, gaur egungo Arte eta Ofizio Eskolan, bertako artista gehienek bezala. Maria alabaren aburuz (Pensamiento Alavés, 1954-05-25), gaztetan bihurria eta zalapartaria zen, eta pixka bat bohemioa. Gurasoen nahiei aurre eginez, oso gazte zela Madrilera joan zen lehendabizi, eta ondoren Bartzelonara; hiriburu haietan artista gisa zuen irudimena askatu zuen, inolako trabarik gabe.

Gazte grinako urte horiek eta sexu ederrarekin izan zituen harreman arrakastatsuak laburbiltzeko, Fernando de Amarika lagun, maisu nagusi eta pintoreak ikatz-zirirekin egindako erretratuko eskaintza jaso dugu: "Datu gehiago: maitasun kontuetan jaun eta jabe... pentsioetan kale. -F.A.". Azken ohar horrek Felicia Olaverekin bizitako gertaerari egiten dio erreferentzia; Olave Gasteizko pietatezko ongilea zen, eta azken unean Erroman ikasteko pentsioa ukatu zion. Emakumeekin Arraizek zituen etengabeko kortesiak ez ziren dama goren haren gustukoak.

XIX. mendeko azken urteetan, Clemente Arraiz Amarika, Diaz Olano eta Tresponde eta Biloda inguruetako beste pintore batzuekin elkartzen zen, Zadorra ibaiaren behe ibilguan, Aspea errotaren bueltan. Txoko hura "Paris inguruko Barbizonen parekoa izan zen, benetako eta gertuko natura, mendiak eta lursailak aztertu nahi zituzten Gasteizko pintoreen kuartel nagusia, alegia" izan zen, Angel de Apraizek EAEn Artearen Historiako lehen katedradunaren hitzetan.

Garai hartan eta orduko neska lagun (ondoren emazte) zenarekin, Jesusa Ibarrarekin, Parisera abiatu ziren, eta ia bost urtez Coulancourt kalean bizi ziren, Montmartre muino mitikoan. Pintore gisa zituen benetako gaitasuna erakusten hasi zen orduan. Kolore sentsibilitate handia erakutsi zuen; pintzelkada argitsuak eta zirraragarriak ematen zituen, eta osaerarako ere gustu fina zuen. Lan handiko urteak izan ziren, eta genero piktoriko ugaritan jardun zen: orobat, paisaiak eta erretratuak hartzen zuten haren lan gehiena.

1901eko maiatzean Gasteizko Arte eta Ofizioen Eskolan marrazketa irakasle plaza lortzeko aurkeztu zen; postua Ignacio Diaz Olano ospetsuak lortu zuen, oposizio bikaina egin ondoren. Orduan etorkizun profesionala bermatzea erabaki zuen, eta horretarako, dekorazio eta pintura industrialeko proiektuetarantz bideratu zen. 1906an horrelako negozioa zuen Prado kalean; ondoren Geltokiko kalera joan zen, gaur egungo Dato kalera, hain zuzen ere, eta azkenik Hegoaldeko kalera mugitu zen, gaur egun Manuel Iradier izenez ezagutzen dugun kalera. Azken tailer horrek martxan jarraitu zuen 30eko hamarkada erdira arte.

Industria-pinturaren esparruan lan handia eta emankorra egin zuen, eta hori izan zen, hain justu, familia ekonomiaren euskarri nagusia; halaber, ia hiru hamarkadaz arte sorkuntzatik urrun egoteko arrazoia ere. Hala ere, hori ez zen oztopo izan hainbat lagun eta miresleren artean ezaguna izateko; Tiziano ezizenez ezagutzen zuten. Nahiz eta erakusketa publikoetan gutxitan parte hartu, hiriko bizilagunen artean beti oso ospetsua izan zen.

1946ko maiatzean bakarkako erakusketa egin zuen Aurrezki Kutxaren Areto Finkoan, Olagibel kaleko 6. zenbakian. Berrogeita bi obra izan zituen ikusgai: Obra gehienetan loreak eta bodegoiak ziren nagusi; horiekin batera, bederatzi paisaiako multzoa ere jarri zuen erakusgai, Galiziako kostako txoko eta marinekin eta Gasteiz eta inguruetako beste ikuspegi batzuekin. Un sitio de Trespuentes obra ere erakutsi zuen (ez zegoen salgai), mende laurden lehenago pintatu zuena; une honetan Vuelta del Zadorra en Víllodas izenburua duen mihisea izango da ziur asko, 1971ean Probintzia Museoak pintorearen familiari erosi ziona.

Pintorearen semeetako bat, Jesus, Ajuria Enea jauregiko atari nagusiko horma pinturen autorea da, gaur egun Lehendakaritza dena. 1925ean egin zituen, Serafin de Ajuria higiezinaren lehen jabearen enkarguz.