Arkitektoak

Cortazar Gorria, Antonio

1823ko urtarrilaren 17an Donostian jaiotako arkitekto gipuzkoarra. Hiri berean hil zen 1884ko ekainaren 9an, 61 urte zituela.

Lehen ikasketak bere sorterrian, Baionan eta Getarian (Lapurdi) egin ostean, 1843an Madrilera mugitu zen bere prestakuntza humanistikoa osatzeko asmoz. Arkitekto-titulua eskuratu ostean (1850) Donostiara itzuli zen. Hiri horretan eta Gipuzkoa osoan zehar gogotik saiatu zen herri-lanen aldeko jardunean. Bere lehen lanpostua Bide, Ubide eta Portuetako ingienari-buru zen Manuel Peironcelyren laguntzaile fakultatibo gisa bete zuen. Hilabete batzuk beranduago, Mutrikun egindako probintziako Batzar Nagusietan, Gipuzkoako probintziako bideetako zuzendariorde izendatu zuten.

1863ko martxoaren 23an zuzendaritza eskuratu zuen, hala, probintzietako obretako Zuzendaritza hartu zuen. 19 urte eman zituen kargu horretan, 1882an gaixotasun baten ondorioz erretiroa hartu behar izan zuen arte. Guztira 29 urte eman zituen Gipuzkoaren zerbitzura eta herri-lanetako proiektu ugari gauzatu zituen. Errepide eta bide asko proiektatu, zuzendu eta eraiki zituen eta, horrez gain, erreforma eta aldaketa handiak egin zituen aurretiaz zeuden errepideetan, esate baterako, aipagarri da Otsarain-Elgoibar errepidean egindako erreforma, hots, "Azkoitiko Santa Kruzeko aldaparen erreforma" gisa ezagutzen dena. Orobat, beste hainbat kargu bete zituen: Andoain-Irungo Bentak (Donostiatik igaroz) errepideko ikuskatzaile fakultatibo; Donostiako bitarteko udal-arkitekto; probintziako arkitektoa; Gobernu Zibila, Ogasuneko Ordezkaritza eta Udal Korporazioa hartzeko Gipuzkoako Plazan eraikitako eraikin berrien ikuskatzaile, Estatuko eta Foru Aldundiaren ordezkari gisa.

Arkitekto modura lan hauek burutu zituen: Donostiako zabalgunearen planoa; Urumea ibaiaren gainean Santa Katalina zubia, Gipuzkoako Probintziako Lanen Zuzendari zelarik proiektatu, zuzendu eta eraiki zuena; Zurriolako Markatuko planoak; barrutiko kartzela berriaren proiektua; Norteko geltokitik, Zumarragatik, abiatuta Bizkaiko probintzian Bilboko beste geltoki batekin lotuko zen balizko trenbide baten ikerketa.

Erref. Machimbarrena, J. "Necrología del arquitecto Antonio Cortázar y Gorría". Donostiako informazioaren buletina, XVII. zbk., 1963, 56-59 orr.