Sendagileak

Cortabarria Olazabal, Francisco

Jatorri euskalduneko mediku uruguaiarra. Montevideon jaio bazen ere, haren gurasoak Santiago Cortabarria eta Josefa Antonia Olazabal, Antzuola (Gipuzkoa) eta Beizamakoa (Gipuzkoa) ziren, hurrenez hurren.

Madrileko Unibertsitatean (Universidad Central) egin zituen Medikuntza ikasketak eta 1901eko ekainaren 23an Medikuntza eta Kirurgiako doktoretza erdietsi zuen.

Urte askoan zehar Montevideon kokatzen zen Euskal Erria Anaitasun Euskaldunaren Elkarteko Benefizentzia Batzordeko kide izan zen. Institutu hartan emakumeentzako irakaskuntza sustatzearen alde lan egin zuen gogotik eta Hermanas de San Jose delakoa arduratu zen zeregin horretaz.

Baina Institutua sortu eta bi urte baino igaro ez zirela desagertu egin zen Montevideo astindu zuen gripe izurrite gogor baten eraginez. Baina berak ere eragina izan zuen prozesu hartan, izan ere, ikasleek gurutzea musukatzeko ohiturarekin ez jarraitzea gomendatu zuen, ohitura elizkoia izan arren ez zelako batere osasuntsua. Fededunak burugogor jarri eta eskaria ukatu zuten. Horren ondorioz, Elkarteak Uruguaiko Elizako goi-karguetara jo zuen eta, azkenik, erritual hori ez egitearen aldeko erabakia hartu zen. Hala eta guztiz ere, fededunek nonbait ez zuten Artzapezpikuaren eskumenaren berri eta Bartzelonan zuten sortelizan jarraibideak jaso arte ez zutela deus egingo adierazi zuten; modu horretan, Euskal Erria instituzioarekin zuten kontratua hautsi eta institutua desagertu egin zen.