Literatoak

Chiapuso Hualde, Manuel

Gerra amaitu ondoren, Chiapuso Parisera joan zen, eta Sorbonako Unibertsitatean ikasketak egin zituen (1949-1950). Hala, betidatik nahi izandako unibertsitate-ikasketak egitea lortu zuen, eta, gero, hizkuntza eta literatura eskolak eman zituen. Denbora luzez, jarduera militantea gutxitu zuen, eta jarduera intelektualean murgildu zen, haren nahia eleberriak idaztea baitzen. Dena dela, haren ideia anarkistak ez ziren gain behera etorri, eta XX. mendeko hirurogeita hamarreko hamarkadan berriro ekin zion ekintza militanteari. Frankismoaren azken urteetan, behin eta berriz bidaiatu zuen ezkutuan herriaren barnealdera, Gipuzkoako eta Arabako kideen ekintzak koordinatzeko. Jarduera libertarioekin jarraitu zuen, hizlari eta idazle gisa, batez ere. Franco hil zenean, artikulu-idazle lanetan aritu zen buru-belarri, argitalpen askotan, hala nola Askatasuna (Bilbo), CNT eta Polémica, lehenago ere Tolosako Tiempos Nuevos aldizkarian egin bezala (Frantzia, 1945). Argitalpen horietan guztietan lehen eskuko ekarpen historikoa egin zuen, anarkismoak XX. mendeko lehen herenean bizitza sozialean eta politikoan izandako rolari buruz, Euskal Herrian funtsezkoa izan zena. Laster bildu eta zabaldu zituen ekarpen horiek guztiak hainbat entsegutan, eta Trantsizio Politikoan argitaratu ziren. Liburu horiez gain, Un siglo de anarcosindicalismo en Euskadi (1990) liburua idazten lagundu zuen, Euskadiko CNTk argitaratutakoa.

Chiapusok bere bizitzaren azkeneko hamar urteak Biarritzeko etxean igaro zituen, Maria haren bikotekidearekin -CNTko militantea zen ere-, eta ikasten eta idazten eman zuen denbora. Bertatik, barrualdeko euskal militanteekin harremanetan izan zen, Gipuzkoan sindikatu anarkistaren biziberritzea sustatzeko. "El Taxista" ezizenez ezaguna zen Aireko Armada Errepublikanoaren Martinez kapitaina lagun zuen, eta harekin joaten zen hainbatetan Gipuzkoako eta Bizkaiko toki askotara. Osasunez ondo zegoenean, elkarrekin joaten ziren Maiatzaren 1eko ekitaldietara, edo kideak eta senideak bisitatzen zituzten, anaia Donostian bizi baitzen. Bisita horietako batean, Chiapusok eta Martinezek auto-istripua izan zuten 1997ko azaroan, eta lehena Barakaldoko Gurutzetako Ospitalera eraman zuten. Egun gutxiren buruan hil zen, azaroaren 29an, alegia. Izan ere, istripuaren traumatismoa okertu egin zen pneumonia baten ondorioz. Bi urte beranduago, haren adiskide eta erkide zen Martinez hil zen.