Literatoak

Chiapuso Hualde, Manuel

Hala ere, Chiapuso, oroz gain, idazlea zen. Haren narrazioa indartsua eta kementsua zen, eta, aldi berean, gizon ekimentsuaren eta konpromiso historikoa zuenaren irudia. 1972an, Nadal sarirako finalista izan zen, Las incertidumbres del doctor H nobelarekin. Oso gaztea zen arren, garrantzi handia izan zuen Donostiako mugimendu anarkisten jarduera politikoetan. Izan ere, funtzioko idazkaria izan zen CNT sindikatuaren Donostiako Tokiko Federazioan, 1936ko uztailetik irailera, eta CNT sindikatuko Iparraldeko Lurralde Batzordeko Prentsa eta Propaganda Batzordeko arduraduna izan zen, 1936ko irailetik 1937ko ekainera. Andoaingo Abarka argitaletxeak haren La comuna de San Sebastián liburua berrargitaratu zuen, 2004an. Interesezko liburu bihurtu da historialarientzat, indar politikoek eta sindikalek Frankoren 1936ko altxamendu militarraren aurka egin zutenaren ikuspegi bat islatzen baitu, ordura arte ezagutzen zenaren oso bestelakoa dena. Chiapusok xehe-xehe kontatzen ditu uztailaren 18aren osteko egunetan Donostian bizitako jardunaldiak, eta CNTko kideek altxatutako ejertzitoari eman zioten erantzun armatua, baliabide gutxi bazituzten ere.

Chiapuso izan da Espainiako erbestealdi errepublikanoak izan duen intelektual kritikoenetako bat. Aldi berean, anarkismoaren pentsalari eta aktibista ospetsuenetako bat izan zen, eta familiarengandik zetorkion hori. Izan ere, haurra zela, haren gurasoak, militante anarkista izanik, Parisen bizi ziren erbesteratuta. Horregatik, lehenengo urteak Zubietako haraneko baserri batean eman zituen. Seminario erlijioso batean sartzekotan egon zen, ikasketak egiteko; baina hamahiru urte zituela, eskolara zenbait urtez joan ostean, lan egiten hasi zen. Gipuzkoako Juventudes Libertarias federazioko kideetako bat izan zen, eta baita federazioaren lehenengo idazkaria ere. Aldi berean, garaiko langile borroketan eta mugimenduetan parte hartu zuen, eta zenbait greba antolatu eta zuzendu zituen. Horren ondorioz, hainbat presondegitan espetxeratu zuten, besteak beste: Alcala, Ondarreta (Donostia), Ocaña eta San Miguel de los Reyes. Espetxetik irten zenean, Crisol egunkaria sortzen lagundu zuen. Maiztasunez idatzi zuen bertan, eta baita La Revista Blanca (1935-1936) aldizkarian ere.