Olerkariak

Champourcin y Morán de Laredo, Ernestina

1936an gerra zibila hasi zen. Barquillo kaleko 23. zenbakiko laugarren pisuko balkoitik, Ernestinak La Pasionariaren, Margarita Nelken, eta beste batzuen hitzaldi sutsuak entzuten ditu, baina baita, ikaratuta, nazionalek Gerrako Ministerioan botatako lehen bonben zalaparta ere. Bonben lehertzeak eta sirenen uluak Madrileko kultura eta literatura giro zaratatsu eta arduragabe hura desagertzea ekarri zuen. Sufrimenduzko garaiak dira. Hala ulertzen dute intelektualek, jarrera batetik nahiz bestetik beren posibilitateen barnean borroka luze eta gogor batetarako prestatzen dira. Juan Ramon Jimenez eta Cenobia, umezurtz edo abandonaturiko haurrez kezkatuta, "Protección de Menores" izeneko batzorde bat sortzen dute. Ernestina lan honetara gehitzen da erizain moduan. Miliziar batzuekin edukitako arazoengatik, lan hau utzi eta Lola Azañak zuzentzen duen ospitalean erizain laguntzaile bezala hasten da lanean. Han egiten du lan bolondres moduan Juan Jose Domenchinarekin ezkondu zen arte. Lan honetan edukitako bizipenetan oinarrituta, Mientras allí se muere eleberria idazten hasten da. Amaiera gabe edo amaiera idazleak suntsitu zuelako, eleberria bukatu gabe gelditu zen.

Domenchinaren ideia politikoengatik, hau Errepublikar Ezkerreraren alderdikidea zen, eta bere kargu politikoengatik, Manuel Azaña Errepublikako Lehendakariaren diplomazia-bulegoko idazkaria zen, senar-emazte gaztea lehendakariaren taldeak ezartzen duen erritmoan mugitu behar da. Gobernuarekin eta 5. Erregimenduarekin Valentziara mugitzen dira. Bidaia beste intelektual batzuekin egin zuten, tartean Pilar Zubiaurre eta Juan de la Encina euskaldunak zeudelarik. Ondoren Bartzelonara joan ziren eta hemendik, armada nazionala ondo-ondoan zutela, Frantziara. Hiru hilabetez Toulousen egon ziren, Espainiako Intelektualentzat Laguntza Batzordeak babesturik.

Erbesteratzea Ernestinarentzat ez zen Juan Jose Domenchinaretzat bezain mingarria eta traumatikoa izan. Izpiritu abenturazalea zeukanez eta bidaiatzea gustatzen zitzaionez, desterrua haurtzaroan imajinatzen eta kontatzen zituen bidai bat bezala hartu zuen. Denborarekin Mexikoko biztanle eta geografiaz maitemintzen da.

Behin Mexikon ezarrita, Juan Josek irakasle postua baztertzen du, prestakuntza eta bokazio falta duela sentitzen baitu. Cosio Villegas senar-emaztearen egoera zein den jakiten duenean Kultura Ekonomikoko Fondoan kolaboratzera animatzen ditu itzultzaile moduan. Ernestinak K.E.F.-rako itzuli zuen lehen lana Voltaireren biografia bat izan zen. Itzulpena hainbeste gustatu zitzaion zuzendariari, ate guztiak ireki zizkiotela eta erraztasun guztiak eman zizkioten. Berak aukeratzen zituen itzuliko zituen liburuak. Hauek, batik bat gai, historikoak, literarioak, soziologikoak, eta abar jorratzen zituzten. Argitaletxeentzat ere egiten du lan, hala nola, Centauro. UTHA-rentzat (Hispanoamerikako Tipografiko Elkartea). Lan sinestezina egiten du. Berrogeita hamar bat lan idatzi zituen, bere lana Espainia frankistak isildutako buruak esnatzen hasteko zubi kultural sendo batean bihurtu zen. Desterratutakoen ahotsak, Ameriketako argitaletxeetatik zetozen itzulpenen forman hasi ziren sartzen. Ernestina de Champourcinek egiten zituen itzulpen asko gaur egun oraindik berrargitaratzen dira.

Ernestina olerkaria zen eta bizileku lurralde berrian halako harrera izan zuen. Hala ere itzultzaile lanak, bere olerkigile-ahotsa hamabost urtez isildu arazi zuen. Gutxi batzuetan ezik eta noizean behin, Rueca aldizkarian egiten zituen kolaborazioak kenduta alde batetara uzten du olerkigintza. Erbesteko bizitzak dirua irabazi beharra eskatzen zuen eta itzulpenek buru-belarri lana egin ezkero ematen zuen bizitzeko. 1952an Presencia a oscuras argitaratu zuen. Gerra aurretik giza-maitasunaren alde egiten bazuen, orain olerkariak jainkotiar-maitasunaren alde egiten du. Gai erlijiosoak bere olerkigintzako orri guztiak betetzen ditu. Jainkoan babesteko sentimendu hau 1957tik aurrera areagotu egiten da, bere senarraren heriotzarekin batera. Gizalegez bakarrik gelditu zen baina espiritualki Jainkoak eta senideek lagundurik. Fedeak momentu tragiko hauek gainditzen lagunduko dio. Zentzu honekin eta sentimentu honen babespean ondorengo liburu hauek agertzen ditu: Cárcel de los sentidos (Mexiko, 1964), Hai-Kais espirituales (Mexiko, 1967), El nombre que me diste (Mexiko, 1966), Cartas cerradas, (Mexiko, 1968) eta Poemas del ser y del estar (Madril, 1874). Arabako idazle honen benetako obsesioa, gizakiaren izpiritu-erbestea izango da. Beste munduarekin daukan fede apurtezinak lan guztiari beste kolore bat ematen dio. Ernestina de Champourcinentzat ez dago espazio-erbestea edo emozio-erbestea, izpiritu-erbestea besterik ez dago.