Kontzeptua

Champaña Dinastia

1273ko urtarrilean jaio zen Bar-sur Seine izeneko herrian. Urtebete baino ez zuela erregina zen dagoeneko. Bere amak, Blanca de Artoisek Gorteak deitu eta Pedro Sanchez de Monteagudo (Cascanteko jauna) izendatu zuen gobernadore. Erregina adin txikikoa izaki, Aragoi eta Gaztelako erregeak haurra bereganatu eta Pirinioetako erreinua kontrolatzen saiatu ziren. Alde batetik, Jaime I.a Aragoikoak negoziazioa burutu nahi izan zuen eta, beste aldetik, Alfontso X.a Gaztelakoak aurrez beste errege batzuek erabilitako neurriak hartu zituen, Nafarroako mugara militarrak eramanez. Une horretan agerian geratu zen Garcia Almoravid (noble nafar ospetsua eta Gaztelaren aliatua) eta Pedro Sanchez de Monteagudoren (gobernadore izendatu zutena eta Aragoiko errege izateko aukera gehien zituena) arteko aurkakotasuna.

Egoera horretan, erreginaordeak esku-hartzea erabaki zuen eta alaba seguru izateko egokiena iruditu zitzaiona egin zuen. Hala, Juana alaba Frantziako gortera eraman zuen, Frantziako Felipe III.aren babesean egon zedin. Erreinuaren oniritzirik gabeko ekintza izan zen eta Nafarroako klase pribilegiatuen haserrea eragin zuen. Gorteetan Aragoiko erregearen aldeko sektorea zen nagusi eta bertan adierazi zutenez, Juana erregina izatea onartuko zuten soilik Alfontso Aragoikoa infantearekin (Jaime I.a erregearen biloba eta Pedro Aragoikoa infantearen semea) ezkontzen bazen.

Baina Gaztelako eta Aragoiko monarkak bezalaxe, Frantziako erregeak ere bazituen bere planak. Hala, 1275ean Orleanseko Tratatuari esker, Nafarroako erregetza baitaratu zuen erregina gazteak adin-nagusitasuna eskuratu arte. Eta une hori iritsi bitartean, haurra Frantziako gortean heziko zuten. Horren ondorioz, Nafarroa Felipe III.aren protektoratupean geratuko zen. Gobernadoreak eta "gizon aberatsetako" seik ontzat eman zuten egoera hori. Hala ere, beste sektore garrantzitsu batek (Garcia Almoravidek zuzentzen zuen bandoa nabarmenduz) ukatu egin zuen egoera.

Agian azken horren aldekoek bultzatuta, Iruñeko Nabarreriak guda antolatu zuen Iruñeko burguen aurka, Enrique I.ak emandako pribilegio bat aitzakiatzat hartuta. Tentsioak gora egin zuen eta Pedro Sanchez de Monteagudo gobernadoreak gotortzeko baimena eman behar izan zien beste bi burguei. Egoera horretan gobernadoreak uko egin zion bere karguari. Eustaquio de Beaumarchaisek, (Tolosako -Frantzia- seneskala) Frantziako Felipe III.a erregearen konfiantzazko pertsonetako batek hartu zuen haren lekua.

Gobernadore berriak Lizarran elkartutako Gorteetan karguaren zina egin ostean (1276ko urtarrila), hainbat neurri hartu zituen Gaztelako mugan paratutako defentsari aurre egiteko eta Nabarrerian sortutako defentsak bertan behera uzteko agindua eman zuen. Nabarreriako herritarrek ez zuten agindua bete eta, horrenbestez, Iruñeko gotzainaren babesa eskatu zuen. Hark eskatutako babesa eman zion eta nobleziako zati garrantzitsu batek ere eman zion laguntza. Horren ondorioz, Nabarreria birrindu egin zuen Frantziatik iritsitako ejertzito handi batek. Erasoaren aurrean ezer gutxi egin ahal izan zuten nafarrek eta Alfontso X.aren tropek. Tropa horiek frantziarrei aurre egiten saiatu baziren ere, azaroan tregua adostu zuten frantziarrekin.

Juana I.a Nafarroako erregina 1284an ezkondu zen Felipe IV.a Ederrarekin, zeinak urtebete beranduago Frantziaren erregetza baitaratu baitzuen. Haren semeak Frantzia eta Nafarroako errege izan ziren. Monarkiaren botereak gora egin zuen eta erreinuko administrazioaren zuzendaritza Parisen kokatzen zen. Hori zela eta, Nafarroako klase pribilegiatuak kexati azaldu ziren, batez ere infantzoien batzarrak eta hiribildu onen Ermandadeak. Azken horiek erreinuko ohiturak errespetatzeko eskatu zuten 1298an, erregearen esanekotasuna onartzeko baldintza gisa.

Bestalde, hezkuntzaren alorrean, Juanak nafarren prestakuntza sustatu zuen Parisen. Ildo horretatik, testamentuan diru kopuru jakin bat utzi zuen Parisen Nafarroako Kolegioa sor zedin.