Kontzeptua

Castañuela

Kastainetak, Kaskañuelak, Kriskitinak, Kraxkillonak, Arxaluak

Perkusiozko soinu-tresna hau nagusiki dantzariek erabiltzen dute herri ospakizunetako zenbait talde dantza erritualetan eta plazako dantza sozialetan erritmoa eramateko eta markatzeko.

Maskor gisako zurezko bi taulatxo edo xafla konkaboekin egindako elkar-kolpatutako "idiofono" motako soinu-tresna da. Lokarri batekin lotzen dira eta era berean behatzetan loturik heltzen dira. Esku bakoitzean pare bat kaskainetak harturik, eskuak astinduz binaka jotzen dira erritmoa markatuz.

Gaur egun gure artean oso erabiliak ez badira ere, garai batean gehiago erabiltzen ziren eta idatzitako dokumentazioan ikus dezakegunez, aitzinean Euskal Herriko toki askotan jo izan dira. Oraindik Nafarroa, Gipuzkoa, Bizkaia eta Arabako zenbait eskualdetako herri dantzetan eta plaza dantza saioetan dantzariek halako soinu-tresnak jotzen dituzte:

  • Taldeka dantzatzen diren herrietako dantza errituala eta ingurutxo modukoak, adibidez Oñatiko Korpus eguneko dantzak, Otsagabiako dantzak, Eltziegoko dantzak, Laguardiako eta Bastidako Eguberriko dantzetan, Lesakako Inauterietako "goitar"ren konpartsa, Lakuntzako Alkate Dantza eta Iribasko Ingurutxoa bezalakoak.
  • Plaza dantza sozialak diren Fandango, Jota, Arin-arin eta Porrusalda bezalako sueltoko motako dantzetan.

Lehen multzo horretako dantzetan erabiltzen diren kaskainetak esku osoarekin harturik jotzen dira, eta Iberia penintsula osoan erabiltzen diren kaskaineta arrunten oso antzekoak dira.

Bigarren motako dantzetarako kaskainetak batzuetan aurrekoak bezalakoak badira ere, bestetan, txikiagoak dira eta lokarriaren bitartez erpuruan (hatz-lodian) loturik, beste behatzekin klasketa egiterakoan jotzen dira. Kaskaineta txiki hauek toki askotan kriskitinak, pitos, pulgarillas eta pulgaretas izenekin ezagutzen dira.

Kaskainetak gisakoak dira harrizko kaskainetak izenarekin ezagutzen direnak eta zuraz egindako txaramelak, tarrañuelak, tablatxoak eta paluek izenekoak. Xafla hauek eskuko hatzen artean harturik eta eskumuturreko kolpez eskuak astinduz jotzen dira. Ezin dugu ahaztu musikarako antzeko funtzio erritmikoarekin erabiltzen diren zurezko eta metalezko koilareak.

  • BELTRAN ARGIÑENA, Juan Mari. Soinutresnak euskal herri musikan. Hernani: Orain, 1996.
  • DONOSTIA, Padre. "Instrumentos Musicales Populares Vascos". Obras Completas del Padre Donostia (2. alea). Bilbo: Ed. La Gran Enciclopedia Vasca, 1983; 257-309 orr.
  • RAMOS, Jesus. "Materiales para la elaboración de un censo de músicos populares de Euskal Herria, a partir de los instrumentistas llegados a Iruñea en el Siglo XVIII". Cuadernos de Etnología y Etnografía de Navarra, 55. Iruñea: Institucion Principe de Viana, 1990; 91-138 orr.
  • URBELTZ, Juan Antonio. Euskal Herriko Folklorea - Beterri -1. (diskaren liburuxka) Elk-142. Donostia: Ikerfolk-Elkar, 1987.