Zinema eta antzeztokiak

Campos Eliseos Antzokia

Lehen aipatu den bezala, orube handi batean altxatu zen eraikina, baina gaur egungo eraikuntza ez dago osorik, izan ere, antzerkia azalera galduz joan zen.

Horretaz aparte, maiz handitzeko lanak eta eraberritzeko eta zaharberritzeko obrak jasan ditu. Besteak beste, berrogeigarreneko hamarkadan, alde bateko partea, non eskailera nagusia eta beste zerbitzuetako gune batzuk baitzeuden, bota eta saldu zituzten garai hartako jabeek.

Gero, laurogeita hamarreneko hamarkadan, Bilboko udalaren eskuetara pasa zen eta zaharberritzeko lanak burutu ziren. Jesus Aldama arkitektoa izan zen egilea eta estalki berri bat sortu zuen eraikina babesteko eta arazo larriagoak konpontzeko. Irtenbide honekin egituraren iraunkortasuna eta hormen iragazkaiztasuna lortu ziren; gainera, 1997. urtean fatxada zaharberritu zen, hortaz, egindako obrak kanpoko partean burutu ziren eta barruko partea, berriz, aurrekontu arazoak zirela eta, egin gabe geratu zen. Urte batzuk pasa ondoren, Bilboko udalak eta SGAEk (Sociedad General de Autores y Editores) sinatu zuten akordio bat eta 2003. urtean handitzeko lanak eta barruko birmoldaketa hasi ziren egiten; 2010eko martxoaren 11n Campos Eliseos Antzoki berria inauguratu zuten, barruko gunea handitu ondoren eta instalazio guztiak eguneratu eta berritu ostean.

Campos Eliseos Antzokiaren jatorrizko egileek zenbait obra egin zituzten Bilboko herrian. Alfredo Acebalek, adibidez, Bilboko hilerrian Gurtubay-Alzola de la Sota familiaren panteoia diseinatu eta lanak burutu zituen, 1902 eta 1904 bitartean. Iparraldeko arkitektoak, ordea, Donibane Lohitzunen eta Bilbon estudioa zeukana, Errekalde Zumardiko Montero etxeko fatxadan parte hartu zuen non bere aztarna sumatzen baita.