Zinema eta antzeztokiak

Campos Eliseos Antzokia

Aipatutako antzokia Bilboko Bertendona kaleko orube handi batean kokatzen da, Abando auzotegian. Proiektuaren datari dagokionez, jakina da 1901 eta 1902 bitartean eraikuntza egina zela eta 1902ko abuztuaren 7an inauguratu zutela. Alfredo Acebalek, bertako arkitektoa, eraiki zuen, nahiz eta proiektuan, Jean Baptiste Darroquyk, ipar Euskal Herriko arkitekto-dekoratzailea, parte hartu zuen; fatxadaren diseinuaren egilea, zehazki, iparraldeko arkitektoa izan zen.

Diseinu bitxia du Campos Eliseos Antzokiak, bai barrutik, bai kanpotik.

Eraikuntzari dagokionez, deigarria da daukan oinplano, ferra-arkuaren itxurakoa izateagatik, eta aipatzekoa da barruko metalezko egitura, nahiz bertikalean, nahiz horizontalean. Palmondo moduan amaitu diren sei zutabeak, estalkia, kupulaz itxita dagoena, eta dekorazioa dira barruko osagai nabarmenenak.

Kanpoaldetik, fatxada nagusia da elementu interesgarri eta adierazgarriena. Eraikuntzaren ikuspuntutik, Ingalaterratik jatorrizko portland hormigoiaz eraiki zen eta adreiluzko pareta bati ainguratzen zitzaion, burdin hagatxoen bidez.

Alderdi estilistikoaren aldetik, fatxada nagusiaren erdiko gorputza, ferra arku baten inguruan antolatzen dena, nabarmendu behar da. Arkuteriak, ate handi baten moduan sortuta, eraikinaren sarrera bereizten du eta hiru erroska eta zenbait irudirekin apainduta dago. Arkuteriaren barruko aldean zenbait baogune maila irekitzen dira. Lehenengo mailan lau balkoi ageri dira, erdian kokatzen direnak bihurriak dira eta alboetan agertzen direnak, berriz, gingildunak. Bigarren mailan, alboetan, bi bao agerian daude, forjazko balaustre batez hornituta eta, haien artean, lau hutsune txiki irekitzen dira. Gorputz honen beheko partean sarrera nagusia kokatzen da; alde honek, idulki baten gainean altxatzen dena, lau ate dinteldunak ditu eta baoak eta pilastrak aldizkatzen dira. Bukatzeko, goiko partean lau bao txiki eta dinteldunak agertzen dira, zerrenda apaingarri baten gainean.

Multzo nagusi honen alboetara gorputz bana agertzen da; hiru bao mailakoak dira eta solairu bakoitzean bi hutsune irekitzen dira, apainketaz inguratuak.

Esan dugun bezala, fatxadaren diseinatzailea Jean Baptiste Darroquy arkitekto-dekoratzailea da eta apaindura delikatua, ausarta eta Art Nouveauren ageriko eragina izateagatik oso interesgarria da. Ikuskizun eta erakargarri izaera azpimarratuz nahian, egileak animalia fantastikoak, landare eta lore forma asimetrikoak jarri zituen; horretaz gain, Daniel Zuloagaren zeramikazko osagaiek eta forjaz egindako elementu kurbilineoek osatzen dute multzoaren dekorazioa.

Campos Eliseos Antzokiak modu zorrotzean jarraitzen du modernismo estiloaren joera. Forma eta bihurdura asimetrikoek, hutsunen irregulartasunak eta diseinu berriak eraikinaren izaera bermatzen dute, esparru irrazionalean erori gabe eta arkitektoniko premia berriei erantzunez. Arrazoi hauengatik, Bilboko arkitektura modernistaren adibide esanguratsuenetako bat da.