Margolari baionarra hiri lapurtarreko Victor Hugo kalean jaio zen 1833an, eta 1922ko irailaren 8an hil zen Monchy-Saint-Eloin.
Madrilen egin zituen lehenengo ikasketak, bertan bizi izan baitzen haren sendia. Federico de Madrazo margolariarekin ikasi zuen. Baionako Udalaren diru-laguntza jaso zuen margolaritza-ikasketak Parisen jarraitzeko. Coigneten lantegian sartu zen, eta hiru erretratu aurkeztu zituen 1852ko erakusketan. Kritikaren arreta bereganatu zuen 1854an ikusgai jarritako koadro batekin: Los peregrinos al pie de la estatua de San Pedro de Roma. Theophile Gautierrek zalantzarik gabe adierazi zuen zer pentsatzen zuen artelan horri buruz: "Marrazkia, kolorea, gorpuzkeren sentimendu sakona, pertsonaien eta arkitekturaren armonia, norberaren kutsua, askotan errepikatutako gai baten inguruko originaltasuna eta pintzelkada lodia eta zabala aurki ditzakegu" (itzulpen moldatua gazteleratik).
Garai horretatik aurrera, erakusketak egin zituen Parisen maiz. Baionaren laguntza izaten jarraitzen zuela, Italiara joan zen, eta Erroman jarri zen bizitzen 1861ean. Esan izan dute maisu klasiko espainiarren eragina ikus daitekeela bere lanetan, erlijio-margolanetan batez ere. Egia esan, Martirio de San Andrés lanak Ribera ekartzen digu gogora. Erlijio-gaiak askotan lantzeaz gainera -San Vicente de Paul, San Nicolas del Campo, San Dionisio mártir, Cristo en la Cruz, Parisko Justizia Auzitegikoa, kendua izan zena erradikalak zeudelako boterean-, Bonnatek erretratuak ere landu zituen, eta teknika akademiko garbiko erretratugile indartsu gisa nabarmendu zen. Beste batzuen artean, honako erretratu hauek egin zituen: Victor Hugo, Thiers, Puvis de Chavannes, Pasteur, Renan, Carnot, Felix Faure, Jose Bertrand, Taine, Lavigerie, condesa de Potocka eta Sra. Pasca.
1880an, Ohorezko Domina eman zioten urte hartako erakusketan, Job lanagatik. Euskal gaia ere landu zuen, bai eta muralak -San Dioniso, Panteoian-, gai historikoa eta alegorikoa (Los Campesinos napolitanos ante el palacio Farnesio, La Fuerza, La Justicia, etab.), ekialdeko gaiak eta generokoa ere.
Pariseko eta Baionako Arte Ederretako Eskoletako zuzendari izan zen, eta ikasle ugari izan zituen, beste batzuen artean: Georges Berges, Artista Frantsesen Elkarteko presidentea, Ohorezko Legioko Gurutze handiko Zalduna, erakusketak antolatzen zituena etengabe, adibidez, 1910ean Berlinen antolatutakoa. Bilduma ofizial eta pribatu entzutetsuetan jasota daude haren lanak. 1860tik aurrera, museo bat sortu nahi izan zuen Baionan, munduko arteko garai eta estilo guztietako zenbait erakusgai bilduko zituenak. Horregatik, artelanen bilduma egin zuen bizitza osoan zehar, eta bere proiektuan parte hartzen utzi zion Baionako Udalari 1891ean. Louvre museoari utzi zizkion bildumako artelan batzuk, eta gainerakoak Baiona hiriari. Baionak egungo museoa eraiki zuen bilduma baliotsu hori gordetzeko. Museo horretan, bildumako artelanez gainera, Bonnaten 142 lan daude. Saint-Andre eliza ere aberastu zen margolariak emandako Asunción de la Virgen margolanari esker. Baionak margolariaren jaiotzaren mendeurrena ospatu zuen 1933ko ekainaren 18an, eta Garat alkateak, Bergesek eta Lerouxek hitz egin zuten ospakizunean.