Filologoak

Bonaparte, Louis-Lucien (1813-1891)

Euskarazko ikerketen sustatzaile nagusietako bat. 1813an jaio zen Thorngrowen (Worcestershire), Ingalaterran, 1891n hil zen Italian.

Louis-Lucien Bonaparte Bleschamp, Caninoko Lucien printzearen semea zen, Britainia Handian gatibu zegoen Napoleon Ien anaia zena. 1825ean, Waterlooko borrokaren ostean, familia Elizaren Estatuaren barnean zegoen Musignanora joan zen. Han jaso zuen heziketa eta han jaso zituen unibertsitateko ezagupide sakonak. 1833an Marie Anne Cechirekin ezkondu zen, Florentzian. Ezin daiteke esan elkarrekin zoriontsu izan zirenik. Europa osoa eta Estatu Batuak zeharkatu zituen.

Kimika eta mineralogia ikasketak egin ostean, hizkuntzalaritza ikasteari ekin zion. Hala, 1847an hizkuntzalaritzari buruzko lehen liburua argitaratu zuen, euskara ardatz hartuta. 1848an Korsikako hautesleei esker Batzar Konstituziogilean sartu zen, eta 1849an, Senako barrutiko hautesleek Frantziako Batzar Legegilerako izendatu zuten.

1850ean banandu egin zen eta 1852an senatari izendatu zuten; urte horretan bertan, Napoleon III bere lehengusuak printze titulua ezarri zion, urteko 130.000 frankoko soldatarekin. Oxfordeko Unibertsitatean ohorezko doktore titulua jaso zuen. Ingalaterran finkatu zen hizkuntzalaritzazko ikerketan murgiltzeko asmoz, baina 1870ean (Frantziako Hirugarren Errepublika) baliabide ekonomikoak agortu egin zitzaizkion. 1883an Gladstoneko gobernuak 250.000 librako pentsioa eskaini zion Ingalaterrako dialektoak ikertzeko.

1891n bere emaztea hil zen Ajaccion. Atharratzeko (Zuberoa) Clemencia Richard Grandmontagne euskaldunarekin ezkondu zen, Claudio Otaegui euskal poetaren koinata zena. 1891n hil zen Fanon (Urbina), 78 urte zituela. Bere hilotza Londresen lurperatu zuten.

Bonapartek Londresen izan zuen lehen harremana euskaldunekin, Antoine d'Abbadieren bitartez. Vilallongak susmatzen duenez, harreman hori 1855-56ko neguan eman zen, baina, 1847. urtearen aurretik gertatuko zen. 1856ko uztailaren 17an bidaiatu zuen Euskal Herrira lehen aldiz. Egun hartan atera zen Londresetik Baionarantz, Parisen barna, eta bi egun beranduago iritsi zen, hots, hilaren 19an. Baionan Abbadie, Duvoisin eta Inchauspe zituen zain. Urte horretan Abaddiek sortutako Urruñako euskal festak zuzendu zituen. Euskaraz mintzatu zen jendaurrean.

Bi hilabete eta erdiko egonaldiaren ostean, kolaboratzaile-sare handi bat eraiki zuen zeregin zehatz batekin, Biblia euskalki guztietara itzultzea, hain zuzen. Hurrengo urtean itzuli zen Euskal Herrira, bereziki Zuberoa eta Zaraitzura. 1866an Aezkoako, Zaraitzuko eta Erronkariko ekialdeko euskalkiak zehaztu zituen. 1867an bi bidaia egin zituen, bigarrenean Burunda, Arakil, Ultzama, Baztan, Gares eta Aoizen barna ibili zen.

1869an Vinson ezagutu zuen Francisque Micheli esker. Donibane Lohitzunen lekutu zuen bere akademia ibiltaria. Honako hauek osatzen zuten bere kolaboratzaile-sarea: Jean Pierre Duvoisin, Fr. Jose Antonio de Uriarte, Claudio Otaegui, Emmanuel Inchauspe, M. Salaberry, Bruno Echenique, Abate Casenave, Jose Antonio Azpiazu, P. Juan Eloy Udabe, Mariano Mendigacha, Prudencio Hualde, P. Jose Samper, Abate Ibarnegaray, Pedro Jose Minondo eta Martin Elizondo.

Printzeak lan itzela egin zuen, izan ere, hari esker argitalpen eta lan andana kaleratu ziren; baina, batez ere, berak egindako bi lan dira lan handi horren erakusgarri: alde batetik, 1869an koloretan argitaratu zuen Carte de sept provinces basques... euskalkien mapa, bertan euskalkiak, aldaerak eta azpialdaerak barneratu zituen. Beste alde batetik, Le Verbe basque en tableaux lan ospetsua, Londresen argitaratua (1869), Aezkoa, Zaraitzu eta Erronkariri buruzko lan osagarria. Lan bikain horren eraginez burua galtzear egon zen, izan ere, burua osatzeko prozesu zorrotz bat jarraitu behar izan zuen hura amaitu ostean. Oso tirada urriak izan zituen lanak, 200 ale eskas baino ez ziren kaleratu. Honatx Bonaparteren beste lan batzuk:

  • Canticum conticorum Salomonis tribus Vasconicae laguae dialectis... Opera et studio Josephi A. de Iriarte et Ludovic L. Bonaparte, Londini, 1858
  • Canticum trium puerorum in septem praecipuas Vasconicae linguae dialectos versum. Londini, 1858
  • Le Cantique des Cantiques de Salomón, traduit en basque guipuzcoan, par le Prince... Londres, 1862
  • Le cantique de trois Jeunes gens dans la fournaise, dans les dialectes basques d'Aezcoa, de Salazar et de Roncal, tel qu'il a été recuilli... Londres, 1868
  • Catalogue des ouvrages de linguistique européenne édités par le Prince L. L. Bonaparte (edizio ugari 1862 eta 1866 urte bitartean)
  • Etudes sur les trois dialectes basques des vallées d'Aezcoa, de Salazar et de Roncal, tels qu'ils sont parlés á Aribe à Jaurriet et à Vidangoz. Londres, 1872
  • Langue basque et langes finnoises. Londres, 1862
  • Observations sur le basque de Fonterrabie, a'Irun... Paris, 1877
  • Le petit catéchisme espagnol du P. Astete, traduit en trois dialectes basques: I. Aezcoan, par P. J. Minondo... II. Salazarais, por P. J. Samper... III. Roncalais, par P. Hualde... Verifié et modifié sur les lieux mêmes par L. L. Bonaparte. Londres, 1869
  • Remarques sur certaines notes, certaines observations et certaines corrections, dont M. J. Vinson a accompagné l'Essai sur la Langue Basque par F. Ribary. Londres, 1877
  • Remarques sur les dialectes de la Corse et sur l'origine de plusieurs noms locaux de cette île... Londres, 1877
  • Remarques sur plusieurs assertions de M. Abel Hovelacque concernant la langue basque... Londres, 1876.

Lan horiez gain artikulu eta ikerketa labur ugari argitaratu zituen aldizkari espezializatuetan. Kristau-ikasbidearen, Ebanjelioen eta Biblia osoaren itzulpenek hogeita hamairu edizio izan zituzten. Itzulpen kopuru ikaragarri horretan, Duvoisinen Bible saindua edo testament zahar eta berria... nabarmendu behar da, bere tamaina eta kalitatea aintzat hartuz, 1859-1865ean printzeak editatu zuena. Bonaparteren lanak eragin bortitza izan zuen euskal hizkuntzaren ikerketan, bai herrialdean eta bai atzerrian. Hari eta bere ikerketei buruzko bibliografia ere azpimarragarria da. Printzearen liburutegia iparramerikako unibertsitate batek bereganatu zuen (Chicagoko Newerry Library). Foru Aldundiek euskarazko eskuizkribuen zilegitasuna frogatu zuten.

1992 eta 2000 bitartean Deustuko Unibertsitateak Bonaparteren lan osoaren 26 liburukiak argitaratu zituen, Rosa Miren Pagolak zuzendutako edizio batean: Bonaparte Ondareko Eskuizkribuak. 2005ean CD euskarrian kaleratu ziren.