Kontzeptua

Biribilketa - Pasacalles - Kalejira

XIX. mendeko bukaerakoak dira danbolinteroen partituren koaderno zaharrenak. Koaderno horretan ez dugu ez biribilketa, ez kalejira, ez karrikadantza, pasacalles edo gaur egun ezagutzen ditugun izenak aurkitzen, baina bai, eta maiz gainera 6/8 konpaseko kontradantzak. Iztuetaren hitzetan danbolintero izena maite ez zuten musikari horiek primer silbo, segundo, músico mayor eta onelacoakin baizik, erderazko izenak eta musika eruditoaren usadioak ere nahiago zituzten. Errepertorioarekin ere horrelako zerbait gertatzen zela eta kontradantza hitza ere nahiago zutela, izan ere, ulertzekoa da, batez ere kontuan hartuta gure dantza honek ez zuela, antza denez, izen oso argirik. Garai horretako txistu doinu gehienekin gertatzen den bezala, kromatismoak eta bi edo hiru alteraziotako tonoak ugariak dira, instrumentuko nota altuenak ere maiz agertuz.

Adibide honetan bezala, Fernando Ansorenaren koadernotik harturik, nota-irudiak eta erritmika oso sinpleak dira:

XIX. mendeko bukaera eta XX. mendearen hasierako urteetan hiru errepertorio argitaratu du Txistulari aldizkariak, Euskal Herriko Txistularien Elkarteko buletinak. Lehena Fernando Ansorena Izagirrerena da (Ansorena Miner 1996), eta 1885ko data jarrita du: errepertorio horretan orokorrean seiehun eta hogeita hamar pieza agertzen dira. Horien artean, hogeita hemezortzi 6/8 konpasean idatzitako kontradantzak dira, %6 suposatuz. Kopuruari begira, seigarren lekua hartzen du generoen artean, balse eta habaneren atzean -ugarienak alde handiz-, baita 6/8 konpasean idatzitako zortzikoen, kontrapasen eta 2/4 kontradantzen ostean ere. Beste bietan (Ansorena Miner 1990; Apezetxea Aguirre 1991), geroagokoak, orokorrean, portzentaia 8,3 da, bostgarrena kopuruari begira, 5/8 konpaseko zortzikoen, balseen, habaneren eta 2/4 kontradantzen ondotik.

Azkuek ere bere kantutegian (1919) ez du biribilketa hitza erabili, gaztelaniazko marcha baizik. Bitxia da hau, egile honen joera, orokorrean euskal berpizkunde kulturarena bezalakoa, euskarazko hitzak erabiltzekoa baitzen. Suposatu behar dugu, beraz, ez zuela izena ezagutu edo ez zitzaiola egokia iruditzen. Marcha izenpean hamahiru doinu aurkezten ditu, horietako hiru 2/4 konpasean. Horietako beste bat Durangoko Merinaldeko Dantzari-dantzarena da, Sabino Aranak hartu zuena Gora ta gora Euzkadi himnoa egiteko. Beste alde batetik, beste bi doinu pasacalles izenpean agertzen dira, bata 5/8 zortziko bat eta bestea 6/8 konpasean baina besteak baino astiroagoa, andante mosso oharrarekin. Beste karrika-dantza bat ere ekartzen du, 5/8 konpasean hau ere.

Agian Azkueren kantutegitik ateratako gaiak erabiltzeagatik, Pablo Sorozabal musikagileak ere ez zuen biribilketa hitza erabili erritmo honetako hiru maisulanak egiteko. Momentu honetan gertatzen denaren adierazle polita izanik ez da pasadizo hutstzat hartu behar gainera. Donostiako Orfeoiak urtero egiten zuen Boulevarden kontzertu berezi bat. Modu espektakular batean bukatzeko jota batzuk abesten ziren, arrakasta herrikoi izugarriarekin: ¡¡Navarra!!, Apolinar Brullena; ¡Siempre p'alante!, Joaquín Larreglarena; eta batez ere ¡Viva Aragón!, Pedro Fernández de Retanarena. Une horretan Orfeoiko zuzendariak, Secundino Esnaolak, pentsatu zuen pieza horiek beste pieza euskaldun batek ordezkatu behar zituela, eta Pablo Sorozabali enkargatu zion. 1925ean estreinatu zen Kalez kale, obra distiratsua non une honetako euskal bi ikono musikal nagusiak, abesbatzak eta txistuak, biltzen ziren batuketa ezin euskaldunago bat sortuz. Arrakasta hain handia lortu zuenez, obra honekin amaitzen zituen une horretatik Orfeoiak kontzertu guztiak. Denbora pasa ahala, Sorozabalek bigarren eta hirugarren kalez-kale batzuk ere egin zituen (Ansorena Miranda 1997). Azken hau, txistu eta tronperako, izango da segurik momentu honetan biribilketarik famatuena, Debako martxa izenez ezaguna.

Biribilketa hitzaren lehengo aipamena, Koldo Mitxelenaren Orotariko euskal hiztegian aurkitzen dugu (1992). Bitor Garitaonaindiaren Usandizaga. Bere bizitza ta eres-egikuntza liburuan, Donostian 1920an argitaraturik, esaldi batean Festara deritzaion biribilketa alaitsuekin adierazten da. Hitzaren jatorriak segurki zerikusia du biribil hitzarekin, baina gutxienez ez zuen tradizio handirik. 1745ean Larramendik bere Diccionario Trilingüen ez du adibidez hitz hori aipatzen, eta passacalle itzultzeko calegiracoa erabiltzen du. Ehun urte baino geroago, 1883n, José Francisco de Aizkibelek ere ez zuen hitza aipatu, baina bai pasacalle euskaratzeko kale-jirakoa. Gainera, karrika-dantza ere aipatzen zuen euskal dantza bat esanahiarekin.

1928an agertzen da Txistulari, Euskal Herriko Txistularien Elkarteko aldizkariaren lehen alean, aita Olazaran Lizarrakoak sinaturik, Baztan izeneko 6/8 konpaseko martxa arina (lehen ikusi dugun partitura hain zuzen) biribilketaren izenarekin. Bada ezpada ere, kaputxinoak azpititulu bat atxikitu zion: pasakalles, garai horretako idazkera bereziaz. Hala ere, argi dago izen honen arrakasta: pentsatzekoa da euskal martxak euskarazko izen bat behar zuela eta horregatik gogoz hartu zela, baina horrelako gauzak ez dire beti gertatzen gogoz saiatu arren. Ematen du, adibidez, aita Olazaran bera saiatu zela arin-arinei purrusaldak deitzen, adibidez, baina arrakasta bera lortu gabe. Jakina, beste kasuan ez bezala, hitza ere euskarazkoa zen. Kaputxinoak, beste alde batetik, bere txistu metodoan (1970), biribilketas (marchas) izendatzen du genero honetako atala.

Txistulari aldizkariaren lehen garaian, 1928 eta 1936 artean argitaratua, hogei biribilketa agertzen ziren, kopuruari begira hirugarrena generoen artean, fandagoen eta arin-arinen atzetik. Izenaren arrakastaren seinale argia da euskal martxa izendatzeko erabili ziren beste hitz guztiak, kontradantza barne, ez direla ezta behin ere agertzen. Eta horrek zerbait esan nahi du garai honetan Txistularien Elkarteak zuzendaritza bat baino gehiago izan zuela kontuan hartuta, eta batzuetan aski ezberdinak horien artean.