Ipuia

Bilbao Alboniga, Begoña

Euskal idazlea. Bermeon (Bizkaia) jaio zen 1932ko azaroaren 23an. 2005eko maiatzaren 9an hil zen.

Lehen ikasketak Bermeoko karmeliten ikastetxean egin zituen. Aurrerago, 83-84 ikasturtean Deustuko Unibertsitatean Euskal Filologiako lizentziatura aterako zuen. Bizitza guztian zehar jostun bezala lanean aritu zen mertzeria batean, era berean irakasle moduan egon zen herriko Gau Eskolan euskara klaseak ematen. 70eko hamarkadan bere alaba gaztearentzat, Lupe abeslaria, abestien letrak idazten hasi zen. Zenbait literatura sari irabazi zituen, besteak beste, Bermeo saria (1988 eta 1994), Irun Hiria (1990), Kimetz (1998) eta Idatz&Mintz (1998). Bermeoko euskera kresaltsua (2002) eta Bermeoko berba eta esamolde kresaltsuak (2003) hizkuntza-ikerketak ere argitaratu zituen.

2000. urtean Maitemintze berantiarra ipuina argitaratu zuen Gutiziak bilduman. 2001en Zarauzko Udalak sortutako haur eta gazte narratibako Lizardi saria eskuratu zuen. Zarautzen saritutako Ibaia maitasunaren oztopo lanaren protagonistak elkarrekin egon nahi duten hamairu eta hamalau urteetako neska-mutil bikotea da, baina ibai batek eragozten die Jatorri ezberdinetatik datorren bikotea da: mutila kubatarra eta beltza da, neska, aldiz, Ipar Euskal Herrikoa. Istorio triste eta hunkigarri hori Begoña Bilbaok haur eta gazteei zuendutako lehena izan zen.

Euskaratutako lanen artean Henri Capdeviele-ren Bermeo la Savage dago. Liburu hori 1922an idatzia izan zen eta herrian 1912an ezbeharreko ekaitza baten ondorioz hildako 116 arrantzaleen istorioan oinarritua dago. Liburuak herriko eguneroko arrantzale bizitza deskribatzen du. Bilbaoren lana Bermeo basatia izenburupean euskaratu zen 2001ean. Era berean, Palestina, zure mina (2004) elaberriaren egilea da eta bertan Palestinako gatazka hartzen duen testuingutzat.

  • IRIONDO, Joseba. Begoña Bilbao (1932-2005). Vitoria-Gasteiz: Eusko Jaurlaritzaren Argitalpen Zerbitzu Nagusia, 2006. Bilduma: Bidegileak.