Jaialdiak-Ekimenak

Baztandarren Biltzarra

2013 urtean Baztandarren Biltzarrak 50 kandela itzali zituen. 50 urteko historia, bere muina galdu gabe: meza, laxoa partiduak, orgen desfilea, mutil-dantzak, bazkari herrikoia... Guzti hori, kultur ekintzekin batera: kontzertuak, herri kirolak, antzerkia, zinea, abesbatzak,...

Bost hamarkada, ez beti errazak. Arazo eta oztopoak gainditu behar izan dituzte eta ez bakarrik kanpokoak (diru laguntza falta, babes ofizialik gabe, errepresio zuzenarekin, espedienteak eta abar), baizik eta barrukoak ere, antolatzeko pertsona gutxi egon baitira askotan.

Urte hauetan zehar arrazoi ezberdinengatik bitxiak edo aipagarriak izan diren momentuak egon dira. Horrela, interesgarria da une horiek gogoratzea: 1973 urtean izan ziren 30.000 parte-hartzaileak, lehenengo edizioaren 2.500 pezetako aurrekontua edo, 1980an, emakumeen mutil-dantzetan lehenengo parte hartzea.

Festaren urteurrena zela eta, abesti bat konposatu zen. Letra Fernando Anbustegirena da eta musika Trikidantz taldearena.

Gazte batzuren ilusioa
Hainbat herritarren pasioa
Dena hasi zen duela mende erdi
Geroztik zenbat buruhauste eta izerdi
Zenbat bilera
zenbat gertaera
zenbat dantza, ta baxoerdi
baztandarren biltzarra, zure omenez
topa egin dezagun, aunitz urtez!!!

Arizkun, almandoz eta ziga
Hainbertze idi, traktore ta miga
Aniz, Lekaroz eta Elizondo
Hogei orga ta hainbat gaztainondo
Oronoz-mugaire, amaiur edo gartzain
Denak abiatzeko zain
Elbete, arriaoz, azpilkueta
Hainbat borda eta bi meta
Berroeta, Erratzu, Irurita
Baztandarren eguna, urteroko zita

Elkartu
Dantzatu
Mintzatu
Eskuaraz gozatu
Mingaina, bihotza, herria, eskuaraz aberastu
Herriak, bihotzak, mingainak eskuara maite baitu!

Baztandarren biltzarraren leloa
eskuarak batzen gaitu
iraganaren geroa
hortaz, baztandarrak! ongi aitu!
Hausnartu ta gogoan hartu:
Gaitezen denak elkartu

Dantzatu
Mintzatu
Eskuaraz gozatu
Mingaina, bihotza, herria eskuaraz aberastu
Herriak, bihotzak, mingainak eskuara maite baitu!

Aitortu eskuarari daukan balorea
Bizkarrean hartu folklorea
Eta askatu bihotzeko lorea
Margotu mingainaren kolorea
Gozatu ahoko zaporea

Atzendu dezagun gure jarrera baldarra
Gainditu dezagun marra
Gainditu lehengo lelo zaharra
Baztanen eskuara, barra barra

Zorionak baztandarren biltzarra!

Elkartu
Dantzatu
Mintzatu
Eskuaraz gozatu
Mingaina, bihotza, herria, eskuaraz aberastu
Herriak, bihotzak, mingainak eskuara maite baitu!