Kontzeptua

Baxenabarreko ihauteriak

Azkenik, ihautiriko besta giroan hunenbertze dantzaldi antolatuak ziren han eta hemen. Besta horietan ageri ziren klase sozialen arteko harremanak ere, batez ere hiri gotorretan. Donibane Garazin 1832an gertatu zen eskandala haundi bat. Donibaneko gazteriak ihauterikari herriko etxean eman behar zen dantzaldian ez zuen zapatainen kasta onartu nahi izan. Auzapezak bitartekaritza zerbeit entseaturik ere, gazteriak ikaragarriko galarrotsak egin zituen gauaz zapatainen eta auzapezaren kontra (Reicher, 1937). Afera mindu zen giro politiko (frantses karlista eta liberalen arteko lehia) eta sozial (1831an izan ziren asaldatzeak Garazin ogi esportazioaren prezioen gatik) dorpeen gatik. Ihauterietan ere klase sozialen arteko desberdintasunak ageri ziren. Herriko artxiboek diotenez, klase bakotxak bere dantzaldia bazuen:

"il y a eu chaque Carnaval des bals de Société de diverses classes chaque fois que le Maire l'a permis (...) les bals permis jusqu'à présent en Carnaval n'ont pas excédé cinq à six par an; et qu'on n'y danse point dans les autres saisons de l'année, à l'exception d'un ou deux bals à la fête locale". (Délibérations communales, 29 mars 1834, Archives municipales de Saint-Jean-Pied-de-Port.)

Halaber, Donapauleko herriak antolatzen zituen "klase" desberdinen arteko dantzaldiak besta ofizialetan, adibidez 1823an Charles X-en bestarentzat, edo 1833an Louis-Philippe erregearen bestarentzat (Délibérations communales de Saint-Palais, 4 novembre 1823, 27 avril 1833, Archives départementales des Pyrénées-Atlantiques). Zatiketa sozialetaz gain, politikak kutsa zezaken besta. 1913ko ihauterietan Izpurako gazteriak nahi izan zuen, usaia zuen bezala, bere kabalkadarekin Donibane Garazin barna joan Uhartera. Donibaneko kontseilu errepublikarrak aurka bozkatu zuen, eta izpurarrek behar izan zuten hiria trebesatu ixilik, launazka eta jandarmek inguraturik, laister deputatu "xuri" bilakatuko zen Jean Ybarnégaray abokata buru zutela.

Auzo probintzietan bezala, ihauterietako ohidurak hein batean ahuldu ziren Baxenabarren bigarren gerla biharamunean, eta bereziki 1960 urteetan. Toberen berpiztetik landa (1974an bezala Iholdin), emeki-emeki, ihauteriak berriz ospatzen hasi ziren han eta hemen. Azken urte hauetan, Santibate eta libertimenduak berriz urtero emaiteari lotu ziren Garazin eta Amikuzen. Karatotxak berriz abiatu zituzten Bankan. Izan ziren baita ere ihauteri ibiltari entsegu batzu Hazparneko herrialdean, Baxenabarreko Arberua barne. Lapurdi eta Xiberun bezala, bere buruaren berrasmatzen aintzina segitzen du ihauteriak Baxenabarren.