Herri zonbeitetan, maskez gain, gazteriak dantzari multxo bat osatzen zuen eske ibiltzeko. Aldudeko ballean, "karatotxak" deitzen zituzten talde horiek. Santibatek andere koplak kantatuz ibiltzen ziren eske. Esnazu auzoak ere bazituen bere karatotx propioak. Itxura guzien arabera, Arnegi-Luzaideko libertimenduak ere garai batez "karatotxak" deitu izan dituzte, ihauteriz iragaiten zirelarik segurik (Sagaseta, 2011). Halaber Mendibeko gazteriak 1892ko ihauteri undarra markatu zuen "(...) eskual herrian costuma den bezala caratotchac eguinez" (Le Réveil basque, 27 mars 1892), nahiz eta ez den argi kabalkada, tobera edo dantzari ibilaldi xoil bat izan ote zen.
Garaziko eskualdean, ihauteriz eske ibiltzen ziren alde batetik maska eta buhameak Santibateko koplak emanez, urtats eta asteart-ihaute artean. Bertzalde, ihauterietako azken egunetan ateratzen ziren dantzari eta zaldun talde osatuagoak, kabalkadak edo libertimenduak emanez. Noiz behinka eta suiet berezi bat bazelarik, karrusak emaiten ziren, alegiako auzi batekin. Ihauteria ezkontza garaia izanki, arraezkontzen ziren alargunek frangotan orduan -bainan urteko bertze sasoinetan ere- zuten jasaiten gazteriaren gaztigu sinbolikoa. XIX. mende undarrean, Bentaberry dantza maisu eta soinulari anaien eraginez (Aurnague, 1993), hasi ziren suietik gabeko kabalkadak egiten urtero ihauteriz Garazi inguruan, bereziki Izpura (herri hortan aspaldiko usaia zela badirudi), Uharte-Garazi, Arnegi eta Luzaiden (Guilcher, 1984: 536). Donibane Garaziko kabalkada aldiz gehienetan Bazko astelehenez edo Mendekostez zen ateratzen. Libertimendu horietan frangotan agertzen ziren baita ere koblariak, beraz gai zerbeiten menturarekin. Kabalkada aterako zen baita ere pertsonalitate baten bisitaren karietarat. Ohargarri da adibidez 1893an Berdoly diputatu gorriaren ohoretan Izpurak apailatu zuen kabalkadan dantzari eta zaldizkoetaz gain jaun anderea, koblaria, huxerra eta medikua agertzen zirela, nahiz eta auzi edo toberarik ez izan, figurante bezala. Ararteko forma batzu baziren beraz. Luzaideko errekan, 1929 inguruan egin zituzten azken aldikotz karrusak Arnegin -Luzaiden debekatuak izanki-, bainan bertzalde segitu zuten urtero bolanten besta ospatzen Luzaiden, koblariekin bainan auzirik gabe (Sagaseta, 2011: 456-471). Astolasterrak ere egiten ziren senar-emaztea mokoka ari zirelarik, edo bertze edozoin eskandala gertatzen zelarik. Mendiben 1930eko urtarrilan eman zituzten ohointza baten salatzeko:
"Ihautiri huntan izan dugu asto lasterka bat herrian. Garazin holako jostetak egiten dire zerbeit scandala emana delarik: bainan arrazoin hori bakarra baita, hainitzetan egiten dute jostatzeko bakharrik. Gure asto lasterkan uste ez zena gertatu da, ohoin bat arrapatua izan da. (...) Iratiko langile italiano baten zapata kablearekin heldu, artzain batek ebatsi eta zapeta hek soinean agertu da Mendiben."( Eskualduna, 31 janvier 1930)