Politikariak eta Kargu publikoak

Basterra Layana, Andres

Nafarroan jaiotako politikaria, Casedan 1941n.

Andres Basterra Layana politikari bezala bere ibilbideari Nafarroako Caseda herrian ekin zion eta jarrian 1979an Foru Legebiltzarrean ere aritu zen. Diputatu bezala aukeratu zuten legealdi guztietan 2003ra arte, 1991-1995ko tartea izan ezik, hasieran UPNko zerrendetan eta gero CDN alderdian.

Berez, hasiera batean nekazaria zen eta bere ibilbide publikoa sindikatuetan lan egiten hasi zen 1976 Nafarroako Nekazari eta Abeltzainen Elkartearen sorreran parte hartu zuenean. Elkarte horrek bi arlo horietako lagunen egitasmoaren alde egin nahi zuen Administrazioaren aurrean. 1977an batzordekidea izan zen eta aldi berean Zangotzako merindadean sindikatuaren ordezkari nagusia.

1977ko otsailean Traktoreen gerra izeneko gatazka gertatu zen. Beste probintzietan bezala, otsailaren 23tik martxoaren 5era bitartean nekazaritza munduko Nafarroako ekoizle xumeek errepideetako bazterretan utzi zituzten euren traktoreak. Zera eskatzen zuten: gizarte segurantza, nekazaritzako produktuentzat bidezko salneurriak eta sindikatua aukeratzeko askatasuna. Nafarroako Nekazari eta Abeltzainen Batzorde Eragilearen bitartez antolakuntza bideratu zuten eta Andres Basterra kide esanguratsua bilakatu zen. Plataforma hori gatazka bideratzen saiatu zen eta negoziazioetan ere garrantzizko papera jokatu zuen, Nekazaritzako Sindikatuen Ganberako ordezkaria bera ere gaindituz. Azken horrek, Jesus Fortun diputatu foralak, azkenean bere dimisioa aurkeztu zuen. Gatazka hori Francoren garaiko sindikatuen egiturek bizi zuten ahuleziaren isla besterik ez zen -Nekazari eta Abeltzainen Ermandadea eta Nekazaritzako Sindikatuen Ganbera-. Beharrezkoa gertatzen zen ekoizle txikien ordezkaritza demokratikoa nola edo hala bideratzea.

Guzti horren ondorioz, bizi izan zituen gizarte eta lan baldintzek bere ibilbide politikoa ere zehaztu zuten. 1979ko udal hauteskundeetan zinegotzi bezala hautatua izan zen Casedako Nekazarien Elkartearen izenean. Honako talde honek udala eskuratzeko lehian ibili zen beste talde baten aurrean, hots, Casedako Langileen Koalizioa, Ezkerreko Udalen Nafarroako Elkartearekin zerikusia zuena. Lehendabiziko legealdi horretan udalerri mailan bideratutako politika nahiko korapilatsua izan zen, Koalizioak erdietsitako gehiengoa oso txikia baitzen. Basterrak gorabehera handiak izan zituen orduko alkatearekin, Jesus Zapata. Hurrengo hauteskundeetan, Basterra herriko alkate izatea lortu zuen, baina oraingoan UPN alderdien zerrendan.

1979ko foru hauteskundeetan diputatu aukeratu zuten UPN alderdiaren izenean. Hurrengo bi legealditan ere hautatua gertatu zen, 1991ra arte. Legebiltzarrean burutu zuen ekimena, gehien bat, nekazaritza arloan jorratu zuen. Abeltzaintza eta Nekazaritzako Batzordean parte hartu zuen eta eratu zen lehen Foru Legebiltzarrean Alfonso Añon ordezkatu zuen Udal Arazoetarako Ganberan. 1981 burutu zen bailarako alderdiaren lehen kongresuan bera izan zen nekazaritzaren inguruko txostena aurkeztu zuena. Txosten horretan landaren gaineko alderdi esanguratsuenak azaldu zituen, UPNren "nekazaritzarako bokazioa" azpimarratuz.

Lehen legealdi horretan Mendi, Abeltzaintza eta Nekazaritzako Batzordeko presidentea izan zen. Komunikabide, Garraio eta Herri Lanetako batzordeko presidente ordea izan zen. Bestalde, Ogasuna eta Aurrekontuen eta Lurraldearen Antolamendurako Batzordea, eta Ingurugiro eta Etxebizitzetako Batzordean ere esku hartu zuen.

Bigarren legealdian hainbat batzordetan zuen bere postuari eutsi egin zion eta horiez gain, Lehendakaritza eta Barne Arazoetako batzordeko presidente ordea izan zen.

1991-1995eko tartea gainditu ostean, berriro ere legebiltzarrean aritu zen, oraingo honetan UPNtik sortutako alderdian eta Nafarroako presidentea izandako Juan Cruz Alli buru zutelarik, Convergencia de Democratas de Navarra. Horrela, laugarren legealdian (1995-1999) berriro ere beste hainbat batzordetako kidea izan zen, besteak beste, Mendi, Abeltzaintza eta Nekazaritzako Batzordea, Azpiegitura eta Herri Lanetarako Batzordea, Ingurugiro, Etxebizitza eta Lurraldearen Antolamendurako Batzordea. Gainera Tokiko Administrazioa, Araudia eta Osasun Batzordeko kide ere izan zen. Halere, bosgarren legealdian (1999-2003) gero eta ardura gehiago hartuko ditu bere gain eta Nekazaritzako Batzordeko presidente ordea izateaz gain: Azpiegitura eta Herri Lanetarako Batzordeko presidente ordea ere izan zen, eta Osasun eta Industria, Lan, Merkataritza eta Turismo Batzordetako kidea.

Bosgarren legealdia igaro ostean ez zuen aparteko kargurik hartu Foru Legebiltzarrean baina beti azaldu izan zen bere alderdiaren zerrendetan udal hauteskundeetan (Barañain, 2011) eta Europako hauteskundeetan (Europako Koalizioa, 2004).